«Haurrek filmak gazteleraz ikusten badituzte, ametsak gazteleraz egingo dituzte»

Iñigo Terradillos 2014ko urr. 24a, 19:09

1994. urtean sortu zen Tinko euskara elkartea, euskara zinema aretoetara sartuarazteko, euskararen normalizazioa sustatzeko. Ordutik euskarara bikoiztutako 100 film banatu ditu, 5.000 emanaldietan, 750.000 haurrengana iritsiz. Marian Galarraga altzotarra da Tinkoren lehendakaria eta Izaskun Arandia tolosarra da komunikazio arduraduna.

20 urte Tinko sortu zenetik. Zer balantze egiten duzue?
Marian Galarraga: Eskola orduetan banatzen ditugun pelikulak dira ia 100 pelikula horiek. Eskola orduetan progama bat egiten dugu, eta ez dugu bakarrik pelikulak euskaraz jartzen, baizik eta eskolatik irteten direnez material didaktiko bat prestatzen dugu, eskolako beste ikasgai bat bezala. Haurrak eskolatik atera, filmak euskaraz ikusi, eskolara bueltatu eta fitxa moduko batzuk betetzen dituzte. Filman jaso duten mezua egokia den edo ez, irakasleak neurtzen du. Baloreak sendotzeko balio du. Aitzakia horrekin filmak euskaraz ikusten dituzte.

Proiektua sortu izanak merezi izan du, beraz.
M.G.: Merezi du, behar-beharrezkoa zelako. Euskarak askoz ere gehiago merezi du. Ez bakarrik urtero 8-10 film banatu. Nire asmoa zen 10 urte pasa eta gero, haurrentzako film guztiak gutxienez euskaraz egotea areto komertzialetan. Eta hori ez da gertatzen gaur egun. Hori niretzat kezkagarria da. Haurrek filmak gazteleraz ikusten badituzte, ametsak gazteleraz egingo dituzte eta ondorioz errazago hitz egingo dute gazteleraz euskaraz baino.

Helduak ohituta geunden filmak gazteleraz bakarrik jasotzen, telebistan, zineman... toki guztietan. Helduei bai kostatzen zaiela gehiago film bat bikoiztuta ikustea. Baino hori ohitura kontua da eta baita euskararen alde ahalegina egitea.

Garai batean denok ikusten genituen marrazki bizidunak euskaraz.
M.G.: Hori belaunaldi oso garrantzitsua izan da. Haurrentzat euskarazko horren programazio zabala izatea. Bazeuden hainbat serie umeek oso gustora jasotzen zituztenak. Horiek euskaraz jasotzea alde handia dago. Gaur egun, berriz, ez duzu ume bat euskal telebista jarrita. Filmak ikusteko filosofia hori ere aldatzen doa. Telebista ia ez dute pizten; telefonoetatik, tabletetatik aritzen dira.

Gaur egun egoera oso bestelakoa da.
Izaskun Arandia: Horregatik da horren garrantzitsua gure programa. Horregatik bultzatu behar da horrelako programak bermatzen dutelako umeek aukera izango dutela filmak euskaraz ikusteko. Gainera filmak oso politak dira. Hasieran erosten genituen filmak europarrak ziren gehien bat. 20 urte ondoren ekoiztetxe indartsuek ere ezagutzen gaituzte eta 2-3 nazioarteko banatzaileekin aritzen gara eta gai gara puntako pelikulak erosteko. Adibidez, Yugo eta Lala urriaren 25ean estreinatuko da, Donostiako Victoria Eugenian Fantasia eta Beldurrezko Zinema Astean. Film honen Europako estreinaldia izango da. Txinatarra da, lehenengoz abuztuan estreinatu da, eta ordudanik 10 milioi dolar jaso ditu leihatilan. Oso puntako filma da. Film honen europar estreinaldia euskaraz izango dela jakitea izugarrizko lorpena iruditzen zaigu.

20 urteko eskarmentuak ematen du banatzaileak elkar-ezagutzeko bidea.
I.A.: Banatzaile berriak ezagutzeko ere. Yugo eta Lala-ren kasuan lehen aldiz aritu gara zuzenean txinatar ekoiztetxe batekin. Negoziazio bat egon zen, prozesu erraza izan da, baina 20 urte atzean dauzkagulako, badaukagulako zer erakutsia. Ia 100 film asko direlako, eta gure artxiboan ditugulako.

Urtea amaitu baino lehen beste lan bat ere kaleratuko duzue.
I.A.: Lehen aipatutako nazioarteko banatzaile horietako batena da; harreman handia dugu berarekin. Filma, Pim eta Pom, haur txikitxoentzako izango da.

Zuen webgunea datorren urtetik aurrera berritua egongo da.
I.A.: 20. urtemuga aprobetxatuz, saiatzen ari gara webgunea sinpleagoa eta bisualagoa izaten, errazagoa izateko informazioa topatzea. DVDak nola erosi, zeintzuk dauden erosgai, programazioa, areto komertzialetan eta baita eskola orduetan ere zer film eskaintzen ditugun, informazio orokorra eta baita historikoa ere eskainiko dugu.

Aurerra begira, 2015. urtea nola espero duzue?
I.A.: Nahiko lanpetuta egongo gara ditugun estreinaldi pare horrekin. Normalean urria bukaera aldera badakigu nolako urtea izango dugun, izen-emate garaia delako orduan. Ikastetxeak orain ari dira izena ematen. Eskola-orduetan otsailatik aurrera eskaintzen ditugu filmak. Ez dugu aipatu Kon-Tiki, pasa den Zinemaldian estreinatu zen filma ere eskainiko dugula aurten. Beste sorpresatxo batzuk ere izango ditugu 20. urteurrena ospatzeko.

Esaterako?
I.A.: Gehien bat promozioak eta horrelako gauzak egingo ditugu. Oraintxe negoziatzen ari gara euskal produkzio bat erostea banatzeko; momentuz ezin esan zein den. Nahiko urte polita izango da.

M.G.: Hasi ginenetik ez dakizu zer gertatuko den, Gobernuan dagoenaren arabera ere badator urtea. Sozialistak sartu zirenean egin zuten lehen gauza diru laguntzak kentzea izan zen. Krisian geundela argudiatuta %50a kendu ziguten. Hainbesteko krisia al dugu? Hasi besterik ez zen egin 2007ko krisia. Eta handik bi urtera diru laguntza guztia kendu ziguten. Horrelako elkarte bat diru laguntza gabe... Larri-larri egon ginen. Iaz ez genekien aurten itxi egin behar izango ote genuen edo 20. urteurrena ospatuko genuen.

Politika aldatuta, EAJ dagoen honetan, berreskuratu dugu gutxienez zati bat. GFAk ere diru laguntza nominala eman zigun... Ez dakizu askotan zer gertatuko den...

Euskararen alorrean ari garenok babesa ezinbestekoa dugu.
M.G.: Konpetentzia izugarria da. Euskaraz bakarrik egingo dituzun produktu guztiek gainkostu bat dute. Politika linguistikoa horretarako dago, zertarako bestela? Euskaraz bakarrik egiten diren gauzak babesteko.

Sortu zen garaian inork ez zuen ezer ematen Tinkogatik. Guk geuk ere esaten genuen urtebete edo bost urte betetzen bagenituen ere kontentu. 10 urte bete genituenean ospatu genuen! Orain hemen gaude europar estreinaldia euskaraz egingo duen film batekin, erdaraz existitzen ez dena.

Hortxe lorpenak.
M.G.: Eta ilusiorik gehien egin zidana Zinemaldian kartel erraldoi horietako bat euskaraz ikustea Hotel Maria Cristinaren parean. Hori ere Tinkok lortutako lorpenetako bat izan zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!