Bost pilotari, lehian

Asier Imaz 2014ko urr. 24a, 12:18

Lau t'erdikoan Tolosaldeak ordezkaritza zabala izango du asteburuan

Mikel Olaetxeak zabalduko du asteburuko jardunaldia. Lau t'erdiko lehen mailakoan, lizartzarrak Ezkurdiaren aurka jokatuko du Elizondon, 20:00etan hasiko den jaialdian.

Bihar, partida bakarrean egongo da eskualdeko ordezkaria. Iruñeko Labrit pilotalekuan, Iñaki Artola alegiarrak jokatuko du bigarren mailako partida, Gorkaren aurka. Jaialdia 17:00etan hasiko da.

Ordu berean, baina igandean, Eibarren Altuna III.ak jokatuko du. Artolak bezala, amezketarrak bigarren mailako txapelketako ligaxkako bigarren partida jokatuko du. Altuna III.aren aurkaria Tainta izango da. Jaialdi berean Erik Jaka lizartzarra irtengo da kantxara, Rezustaren aurka indarrak neurtzera. Jaka ere bigarren mailako lau t'erdiko txapelketa jokatzen ari da.

Tolosaldeko bosgarren eta azken ordezkariak, Saralegik, astelehenean jokatuko du Gernikan, urriko azken asteleheneko azoka dela medio. Amezketarrak final laurdenetako ligaxkako lehen partida izango du hilaren 27koa, eta aurkaria Retegi Bi izango da. Lehen mailako lehia 18:00etan hasiko den pilota jaialdiaren barruan egongo da.

Irabazi beharreko lehiak Jaka eta Altuna III.arenak dira. Besteek, galdu arren, oraindik aukerak izango lituzteke lehen nahiz bigarren mailako txapelketan aurrera jarraitzeko. Aipatu amezketarrak eta lizartzarrak, ez dute zorte hori.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!