Kutxako txanponaren bi aldeak

Asier Imaz 2014ko urr. 23a, 17:28

Bihar banku fundazio bihurtuko da Gipuzkoako Kutxa. Batzuentzat bihar gertatuko dena oso larria da, besteentzat ez. Antton Izagirre eta Jokin Azkue, EH Bildu eta EAJ, salaketa edo lasaitasun mezuekin dabiltza.

Antton Izagirre tolosarra Kutxako administrazio kontseilutik kanpo geldituko da bihar. EAJ, PP, PSE-EE eta CCOOen babesarekin, banku fundazio bilakatuko da Kutxa, eta horrek, aldaketak ekarriko ditu. Hasteko, administrazio kontseilua eta batzar orokorra desagertuko dira, eta horien lekuan hamabost kideko fundazio bat jarriko da. Hauek, Kutxak hartu beharreko erabakiak hartuko dituzte, eta Kutxabanken ordezkatzen duten akzioen %32a kudeatuko dute. Gertatuko denarekin ados ez dagoena, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundia da. Alternatiba bat aurkeztu, aurkeztu zuen, baina biharko batzarrean ez da eztabaidatu ere egingo. Proposamen horri EH Bilduk babesa eman dio. Koalizioa Antton Izagirrek ordezkatu du Kutxan, eta EAJko kide den Jokin Azkuerekin ados dago, faktoreen artean krisia aipatzerakoan. Hortik aurrera, euren mezuak, Kutxako txanponaren bi aldeak dira. 

«Krisiak aurrezki kutxetan eragin zuzena izan du, eta batzuk hori baliatu dute norabide aldaketa bat eman behar dela esateko. Espainiako estatuak, bankuen eskutik, finantza erakunde guztiak kontrolatu nahi ditu, eta Kutxabank hor sartzen da», dio Izagirrek. Ondoren, 2013an PPk EAJrekin aurrera atera zuen bankuen legea aipatzen du EH Bilduko ordezkariak. «PPren proiektua hona ekarri dute, EAJren eskutik. Legeak dioenaren arabera, kutxek fundazio bihurtu behar dute derrigorrez, baina ez banku fundazioa. Hor bi aukera daude, eta guk fundazio soilaren alde egiten dugu, ondorioak arras desberdinak baitira». 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren alternatiba bide horretatik doa. Horretarako, eta legea ez saltatzeko, Kutxak Kutxabanken duen zatia murriztu beharko luke, %32tik %5era. Foru aldundiak murrizketa hori defendatzen du, eta %27a udalen eta eragile desberdinen artean banatzea proposatzen du. Antton Izagirreren esanetan, «modu horretan Kutxaren kontrola publikoa izango litzateke, esku pribatuetatik urrun». 

Banketxe pribatu bilakatzeko arriskua «erreala» da Izagirreren ustez, eta biharko erabakiarekin, bide horretan lehen urratsa emango litzateke. «Banku fundazioa patronato batek gidatuko du, eta bertan hamabost patronatukide egongo dira. Hamabi alderdi politikoek aukeratuko dituzte, eta beste hirurak foru aldundiak, Donostiako Udalak eta sindikatuek». Izagirreren ustez, «larriena» hamabi horien kasua izango litzateke, «hauek euren ordezkoa aukeratzeko eskumena izango baitute, inongo kontrolik gabe». Akzioak esku pribatuei saltzeko ere, ez lukete inongo azalpenik eman beharko EH Bilduko ordezkariaren esanetan. «Hamabost horiek akzioak saldu nahi badituzte, gehien eskaintzen duenari saltzea posible izango da; edonori. Eta erosleek ez dute erosiko herriarenganako interesagatik, irabaziak gizarte ekimenen bidez banatzeko; negozio ikuspegiagatik baizik». 

Antton Izagirrerentzat «une historikoa» da, Kutxan herritarren ordezkaritza «erabat» desagertuko delako, «erabakiguneak urrutiratuz».

Txanponaren beste aldea
Jokin Azkue Eusko Jaurlaritzako euskara sustatzeko zuzendaria da, Tolosako zinegotzia izateaz gain. Hiru euskal kutxen fusioaren aurretik, Kutxako kontrol batzordeko kidea izan zen. 

«Krisialdia hasi zenean, hainbat kutxei etxebizitzen burbuila lehertu zitzaien Espainian, eta egoera oso txarrean gelditu ziren. BBK, Vital eta Kutxak ez zuten laguntzarik eskatu, krisiaren eragina jasan arren, estres test-ak ongi gainditu baitzituzten», kokatzen du Jokin Azkuek. 

Zor handi horien aurrean, Raxoiren gobernuak Europara jo zuela dio EAJren ordezkariak, «diru bila». Baina Europak ez du baldintzarik gabe ezer ematen Azkueren esanetan: «memorandum baten bitartez, gaur egungo gizartean aurrezki kutxen ereduak ez duela balio esaten zuten». EAJren ordezkariaren esanetan, emandako diruaren truke, eta Europak jarritako baldintzei aurre egiteko, PPk lege bat onartu zuen. EAJri lege hori PPrekin adostea leporatzen zaio. Salaketa horri garbi erantzuten dio Azkuek: «Legearen aurrean bi jarrera daude. Bata, ez betetzea eta kutxen lizentzia galtzeko arriskuarekin jolastea, eta bestea, ahalik eta kalte gutxien egingo digun legeagatik borrokatzea. EAJk bigarren aukeraren alde egin zuen. Erasoak minik gutxiena egin ziezagun. Argi dago horrela izan ez balitz, okerrago egongo ginela gaur. PPk sei hilabetetan banku fundazio bihurtzea nahi zuen, eta epe hori atzeratzea lortu genuen». 

Behin legea onartuta, bere aurrean bi aukera daudela gogoratuta, bihar onartuko dena eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena, Azkuek azken honen inguruan zeresana baduela erakutsi du: «Price Waterhouse-n txostena badu foru aldundiak, eta horren aurrean ez du ezer egin. Txosten horrek egin duten proposamena ez dela legezkoa dio». EAJren ordezkariak, txostenetik hiru puntu azpimarratzen ditu: Alde batetik, Kutxako estatutuek ez dutelako uzten, bestetik, Kutxabankeko akzioen murrizte horretan, hirugarrenak kaltetu daitezkeelako, eta azkenik, estatuak legea saltatzeko trikimailu bat dela uler dezakeelako. Txosten hori mahai gainean izanda, Azkuek ez du ulertzen Gipuzkoako Foru Aldundiak nola ez duen inoren iritzirik jaso nahi izan: «Espainiako Bankuari, Ogasun ministeritzari, edo Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailarengana jotzea zeukaten, baina ezer egin gabe hor geratu dira». Banku fundazio bihurtuta, argi utzi nahi izan du Azkuek fundazioan Gipuzkoako alderdien aniztasuna jasota egongo dela: «Alderdi bakoitzaren pisua jasota geldituko da. Hamabost horietatik sei EH Bildurenak izango dira, lau EAJrenak, hiru PSE-EErenak eta bakarra PP eta sindikatuenak». 

Pribatizazio arriskuaren aurrean, hamabost kide horietatik hamarrek ez badute akziorik saldu nahi, ezinezkoa izango litzatekeela gogoratu du Azkuek, eta Kutxaren nahiz Kutxabanken akzioen gehiengoa ez dela esku pribatuetara joango ziurtatu du EAJren ordezkariak, kontrola, ondorioz, «hemen egongo dela» argitu nahi izan du. Gizarte ekintza desagertuko dela diotenei ere gauza bera erantzun die, hori ez dela gertatuko, Kutxabanken irabazietatik heren bat horretara zuzendurik egongo delako. 

Laburbilduz, Azkuek lasaitasun mezua zabaldu nahi izan die herritarrei, eta Gipuzkoako aurrezkien %20a Kutxabanken dagoela gogoratu du. Mailegu eta hipoteka gehien ematen duen entitatea dela ere esan du EAJren kideak, eta hori zergatik den galdetu du: «Mailegu garestienak eskaintzen dituelako izango da hori? Argi dago modu onenean jartzen direlako dela hori».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!