Tolosako, Ibarrako eta Villabonako ikastetxeetako 15 eta 18 urte bitarteko 1.500 ikasle izan dira gaur Leidor Aretoan, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak, antolatutako 'Road Show' saioetan. Errepidean zuhurtziarik gabe jokatzearen ondorioen inguruan sentsibilizazioa piztea eta segurtasunean heziketa egokia ematea da helburua.
Horretarako, Tolosako udaltzain batek, suhiltzaile batek eta Gurutze Gorriko boluntario batek, trafiko istripuetan esku hartzerakoan izan dituzten esperientziak kontatu dizkiete gazteei. Horrez gain, istripuetako irudiak ikusi dituzte pantaila handian.
"20 urteko gazte bat motorrean azkar samar zihoala irristatu egin zen. Ez zuen gerritik azpikoa sentitzen. Alboan, mugikorra jo eta jo zuen. Gazteari laguntzen izan nintzen, eta hurrengo egunetan, berak esandakoak eta mugikorraren irudiak etortzen zitzaizkidan burura. Ezin izan nuen nire lana egiten jarraitu", azaldu du udaltzain batek.
Suhiltzaile batek istripu grabeago batean bizitzakoa kontatu du: "Autobus bateko istripura joan behar izan genuen. Gidaria burni artean harrapatuta zegoen, eta bertan hil zen. Ezin izan genuen ezer egin. Beste zauritu batek esan zigun pertsona bat falta zela, eta bost metrora zeuden zuhaixka batzuen artean aurkitu genuen. Ez zuen segurtasun uhala jantzita". Pertsona horrek bizirik ateratzeko zortea izan bazuen ere, "uhala jaztea oso garrantzitsua" dela ohartarazi du.
Orixe BHI, Tolosaldea GMLHI, Hirukide Eskolapioak, Usabalgo Laskorain Ikastola, Erniobea BHI, Jesusen Bihotza Ikastola eta Uzturpe Ikastola izan dira zentro parte-hartzaileak.