Azokako produktuak dastatzeko aukera, Zerkausitik atera gabe

Mikel Iraola 2014ko urr. 18a, 14:08

'Lurretik sukaldera' izeneko egitasmoa aurkeztu dute gaur goizean. Hemendik aurrera, larunbatero azokan bertan erositako produktuak dastatzeko aukera izango da. Jende ugari gerturatu da gaur aurkezpen ekitaldira.

Postu hau, larunbatero izango da zabalik 10:00etatik 13:00etara bitarte Zerkausian, Nafar Zubiaren ondoko txokoan. Azokan bertan erositako produktuekin garaian garaiko mokadutxoak prestatuko dituzte hainbat sukaldarik, eta ondoren, ardo edo sagardoarekin lagunduta, 2,5 euroko prezioan salduko dituzte. 

Gaurkoan, onddoekin egindako barazki menestra prestatu dute, eta horretarako, hamaika postu ezberdinetan egin dute erosketa. Orotara, ordea, 25 baserritarrek hartuko dute parte. 

Kontsumitzaile fidelenek, gainera, deskontua jasotzeko aukera izango dute 'Dastatu azoka deskontu txartela' erabiliz. Egitasmo honetan parte hartzen duten azokako postuetan bost euro edo gehiagoko erosketa eginez gero, baserritarrak deskontu txartela emango dio kontsumitzaileari. Horren bitartez, 0,5€-ko deskontua jasoko du Lurretik Sukaldera postuan. 

Tolosako Udalak, Tolomendirekin, Lur Lan elkartearekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera sustatutako proiektua da, eta honen bitartez, produktuen zikloko fase guztiei erreparatu nahi zaie, ekoizpen garaitik, kontsumitzera arte. Iker Karrera, Tolomendiko arduradunaren esanetan, "helburu xumea" duen proiektua da, baina "azoka kontsumitzaileengana gehiago hurbiltzeko beharrezkoa". Ibai Iriarte alkateak ere horrelako ekimenen garrantzia azpimarratu du aurkezpen ekitaldian: "Tolosako altxorretako bat da azoka, eta honelakoek indartu egiten dute balio hori. Produktu naturalak dira, eta jendeak baserritarren garrantziaz ohartu behar du". 

Horrez gain, hilabeteko azken larunbatetan, azokatik bisita gidatuak egingo dituztela azaldu dute. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!