XIX. mendearen bigarren erdiko Bidai Liburu, Batzar Nagusietako Akta, Historia Tratatu eta Txosten Judizialetan behin eta berriro errepikatu zen gipuzkoarrek ezaugarri positiborik bazuten horietako bat euren izaera baketsua zela. 1870 aldera Erreinu osoan zehar eginiko ikerketa batek Gipuzkoa kriminalitate tasarik baxuena zuen probintzia zela agertu zuen.
1871n Tolosako Udalak Diputatuen Kongresura igorri behar izan zuen itaunketa batean antzekoa zen deskribatzen zen egoera: ez gatazka sozialik, ez industria berriei loturiko arazorik, ez grebarik, ez langile erakunde moderno, eta ondorioz, arriskutsurik; ezerk ez zuen desorekatzen Arkadia zoriontsuko bizimodua. Izatez, Tolosaldean topa zitezkeen arazo bakarrak baserritarren arteko lapurreta txikiak edota taberna giroan edariak eragindako beroaldiak omen ziren. Bigarren Gerra Karlistaren (1872-76) «salbuespena» salbuespen, gipuzkoarrei estuki lotua geldituko zen baketsu izatearen etiketa. Hala, «mantra» bat bezala errepikatuko zituzten herriaren apologistek (izan erromantiko edo edozein koloreko) gipuzkoarren izaera osatzen zuten elementuak: baketsuak, otzanak, langileak, zuzenak, fededunak, ongi heziak, adeitsuak,... eta abar luze batean sartzen diren beste hainbeste loreren jabe ziren bertako biztanleak.
Kontrastea handia zen ordea mendearen hasierarekin alderatuta. Andaluziaren XIX. mendeko irudi exotikoari lotu bazaizkio ere, bide-lapurrak, bandoleroak, oso presente egon ziren Gipuzkoako gizartean (edo gizartetik kanpo, begiradaren arabera) eta arazo larrien zerrendan autoritate probintzialen artean.
David Zapiran historialariak bi lan zoragarri, bat zuzenean, bestea zeharka, eskaini dizkio gaiari. Gipuzkoa osoan zabaldutako fenomenoa izan zela dirudi eta orduko testigantzek, puztuz akaso, edo ez, Penintsularen hegoaldeko haiek baino arriskutsuagoak zirela adierazi zuten. Gure eskualdea ez zen salbuespen izan. Gogoratu behar da Tolosa probintziako zentro komertzial garrantzitsuenetakoa zela, eta jende mugimendu horiek zirela bandoleroentzako jo-puntu interesgarrienetako bat.
Honela, 1801eko salaketa batzuen arabera, Tolosan azoka eguna zenean Lizartza inguruan mugitzen ziren lapur batzuen berri ematen zen, Nafarroa bidean zihoazen 20 pertsona gutxienez asaltatu baitzituzten. Baina murailen barruan gelditzen zen Tolosa ere ez zen arriskutik libratzen. Altuna eta Migelindegiren banda Iturriotz eta Ernioko inguruetan mugitu zen XVIII. mendearen azken urteetan, bertako bentetan lapurretak eginez, helburu gutiziatuak baitziren bentak, babes gutxiko guneak eta bidaiarien igaroaldiko gune zirelako. Banda honek berak lapurtu zuen Beizamako eliza, baina baita Berastegiko benta bat ere, eta badirudi bertako kideak zirela Altzon eta Alegian ibili zirenak ere. Mugikortasun handia erakusten zuten eta benta eta tabernetako informazio sareez baliatzen omen ziren euren ekintzak antolatzeko.
Aralarko San Miguelen eginiko lapurreta izan zen garaiko sonatuenetakoa. Egileak harrapatu zituztenean, urkatu eta euren gorpuak ebaki zituzten, eta euren eskuak santutegiaren inguruan zintzilikatuta ipini zituzten zigorraren erakusgarri. Beste bide lapur batzuek Ceuta eta Melillako presondegietan amaitu zuten eta askok Frantziako Errepublikara ihes eginda. Jose Mendia tolosarrak, autoritateekin hainbat arazo izandako gazteak, bere lepoa salbatu ahal izan zuen halako banda batean infiltratu eta autoritateek harrapatzeko modua eginda.
Krisi orokor garaia zen Gipuzkoan, eta bide lapur hauen erauzketa soziala ez da kasualitatearen ondorio. Landa mundua ez zegoen bere onenetan, eta are gutxiago industria tradizionala. Honi gehitu behar zitzaizkion 1794-95eko Konbentzio Gerrak eta 1808tik aurrerako Inbasio Frantsesak ekarritako ondorio guztiak, eta besteak beste zor haiek ordaintzeko udalek jabego komunalak saldu izanak, hain garrantzitsu zirenak orduko biztanleen ekonomiarentzat. Ez zegoen baserritarrik bide-lapurren artean. Hain justu, oinordekotza sistema zela eta baserria senide bakarraren eskuetan geratzen zenez, jabego hartan parte hartzerik gabe gelditzen ziren segundoi haiek topatuko ditugu bandolero gisa. Hauen ibilbide naturala, ordura arte, artisau edo industri langintza izan zen batez ere, baina bide hori ere itxita topatzen zen krisiagatik, eta honela bilakatu zuten «krimena» «ofizio».
Badirudi, gainera, ondorengo gatazka politikoetan (liberalismoaren aurkako partida errealistak 1820eko hamarkadan, I. Gerra Karlista 1833tik aurrera) esangura berezia izan zuela egoera sozioekonomiko larri honek jarraitzaileak lortzeko unean. Jende xehearen ondoeza biltzen jakin omen zuen, besteak beste, karlismoak, eta 1840 ostean, Probintziako elite liberal foruzaleek euren ardura erakutsi zuten egoera honen aurrean eta jende xehearengana urbildu beharra errepikatuko zuten. Ikuspegi honetatik industria sustatzeko motiboetako bat gipuzkoarrak zibilizatzea izango zen, gatazka soziala errazten zuten egoerak ezabatu asmoz.
Ordura arte ordea, metodoak desberdinak izan ziren, eta ez ziren desagertuko. Kontuan hartu behar da egun ezagutzen dugun poliziarik ez zela garai hartan. Bandoleroen bilaketetan partida herritarrak antolatzen ziren. Hala Albizturgo alkateak antolaturiko baten berri dugu, edota eskualdeko bentari batek sorturikoa ere bai, lapurren jo-puntu baitzen. Harrapatzen zituztenean zigorrak eredugarriak, bortitzak, errituz josiak, izaten ziren, eta Probintzia osoko jendea biltzen ziren heriotza zigorraren espektakulua ikustera. Urkatu, zatitu, publikoki erakutsi. Garrote vil bezala ezagutzen dugun metodoa finkatuko zen probintzian, bertako biztanle guztiak hidalgo edo kapare zirenez, garrotearen pribilegioa omen zutelako hiltzerakoan (goi nobleziaren pribilegioa lepoa ebakitzearena omen zen, klase xehearena urkatzea). Jada bidelapurrak ez, baina gertakari larriak epaitzeko erabiliko zen metodoa.
Altzoko Imazek bere bertsoetan aipatuko zuen 1872an Elgoibar aldean semeak aita hil zuenekoa. Bergarako plazan exekutatu zuten. 1898. urtean, dirudienez, egin zen azken exekuzio publikoa Gipuzkoan. Iturriotzeko benta inguruan, gari jotze lanetan ari zirela haserrealdi baten ostean Jose Tejeriak bere aita tiroz hil zuen. Azpeitian exekutatu zuten eta Probintzia osotik bildu omen ziren hura ikustera, oro har sozialki ongi ikusiriko zigorra baitzen gainera. Basatiak zibilizatuz, bere proiektuaren arrakastarekin harro agertuko ziren elite gipuzkoarrak, baina zorionak ez zuen luzaroan iraungo.
%20/cache/Garrotea%20(Francisco%20de%20Goya)%20_content.jpg)