Historiako uholderik handienak, duela 61 urte

Mikel Iraola 2014ko urr. 14a, 12:27

1953. urteko urriaren 14an orain arte ezagutzen diren uholderik handienak izan ziren Euskal Herrian. Tolosa izan zen ondorio larrienak jasan zituen herrietako bat, eta Miguel Mari Iraolak gogorarazi ditu Ataria Irratian.

1933. urteko ekainean izan ziren lehen uholde larriak Tolosaldean. Oria ibaiak gainezka egin eta orain arteko bigarren mailarik altuena hartu zuen urak. Guadalupe paper fabrikak gogoratu izan du hori plaka baten bitartez. 

Larriagoa izan zen, ordea, 1953koa. Eurite hark 27 hildako, mila milioi peztako galerak eta herri suntsituak utzi zituen Euskal Herri osoan. Udaberria eta uda oso lehorrak izan ziren urte hartan, eta urriaren 14an tanta hotza delako fenomenoa jazo zen. Bat-batean, eurite handiak izan ziren. Esaterako, 24 orduan, metro karratuko 221 litro jaso ziren Villabonan.

Ondorioz, Gipuzkoako hainbat herri hartu zituen urak, tartean, Tolosa, Amasa-Villabona edota Alegia. Bizkaian ere ondorio larriak utzi zituen Bilboko Errekaldeberri eta La Peña auzoetan, Galdakaon, Durangon, Gernikan edo Lekeition, esaterako.

Ur maila oso altua izan zen egun horretan. Tolosan, adibidez, Rondilla kalean lehen solairura iristen zen. Alegian ere 2,06 metrokoa izan zen, eta bizilagun askok etxeko teilatuetan pasa behar izan zuten gaua. Plazaolako trenbidea ere zubi gabe geratu zen, eta ondorioz bide hori betirako itxita geratu zen.

Dendak ere ez ziren salbu izan. Guztiz suntsituta geratu ziren. Horien tartean zen Miguel Mari Iraolak Tolosako Plaza Berrian zuen tailerra. "Ia ezin izan genuen ezer salbatu". Bitxidenda bateko hainbat bitxi, esaterako, Andoainen azaldu ziren, Gara egunkariak 2008an argitaratutako erreportaje baten arabera. 

Hogeita hamar urte beranduago, 1983an, orain arteko azken uholde handiak izan ziren.

Zuk ere argakiak badituzu, eta gurekin partekatu nahi badituzu, bidali internet@ataria.info helbidera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!