Egonkortu ostean, zabaltzera

Iñigo Terradillos 2014ko urr. 10a, 13:24

 'Tolosaldeko Ataria' proiektuak lehen urtea bete du. Denboraldi berrian indartuz eta zabalduz joateko helburuarekin, berritasun ugari izang dira euskarri guztietan

Urtebetean gauza asko bizi izan ditugu, eta guztiak balio izan du esperientzia hartu eta ikasteko. Esperientzia hori argitara ateratzeko ordua iritsi da, eta lehen urtea bete ostean, hainbat hobekuntza plazaratuko ditu Tolosaldeko Ataria-k: irrati programazio osatuagoa, webgune garatuagoa, eta papereko edizioan aldaketak. Pixkana joango dira herritarrak aldaketak ikusten. Baina prestatu zaitezte... aurrera goaz eta!


Lehen urtea konturatzerako pasa da. Joan dira lanez betetako 365 egun. Bide malkartsua izan da, ez baita erraza euskal herri komunikabideen lana garai hauetan. Baina ororen gainetik ilusioa du proiektu honek: Tolosaldeko herritarrei euskaraz informatzen erreferente izateko ilusioa. Eta bide horretan ari gara lanean.

Aurrerantzean ere, TOLOSALDEKO ATARIA-k, ahotsa emango die Tolosaldeko herritar guztiei. ATARIA-ren helburua, proiektua norberak berea den zerbait bezala ikustea, ulertzea eta sentitzea da. Era berean, gu guztiona, tolosaldear ororena, den heinean, denen artean egiteko nahia eta beharra sentitzen du ATARIA-k.

Egunkaria, astekaria eta irratia, eta hirurak biltzen dituen webgunea. Azken honetan indar edo apustu berezia egiten jarraituko du eskualdeko euskal komunikabideak. Egunean eguneko albisteak, erreportajeak, elkarrizketak,... sareratuko dira, eta hauek sare sozial bidez zabalduko dira orain arte egin moduan. www.ataria.info webguneak erreferente izan nahi du, bai Tolosaldeko gaurkotasunean eta baita tolosaldearren intereseko gaien zabalpenean ere.

Honen guztiaren isla ikasturte hasiera izan da. Izan ere, oporraldiaren osteko datuek erakusten dutenez, www.ataria.info webgunearen bisitari kopuruak gorakada handia izan du. Hala, batez beste, 1.200 bisitatik gora izaten ditu egunero webguneak. Kopuru horretan ez geratzea eta etengabe bisitariak erakartzea da ATARIA-ren xedea, eta helburu horrekin askotariko eduki multimediaz hornitzen segiko du.

Egunkariaren eta astekariaren kasuan ere berrikuntzez betetzen joango dira. Esaterako, kirolek leku handiagoa izango dute egunkarian, eskualdeko ahalik eta kirol eta talde gehienetara iristeko saiakera egingo baita. Astekarian, berriz, arlo ezberdinek tarte berezia hartuko dutela konturatzen joango da irakurlea.

Berritasun handienak, uhinetan

Urriaren 13tik aurrera 107.6 fm nahiz www.ataria.info-ren bidez zabalduko den seinalea aire berrien freskotasunarekin eta itxura berriz jantzita iritsiko da. Entretenimendua nahiz informazioa ardatz izango duten saio berriek osatuko dute ATARIA irratiaren programazioa, beti ere, Tolosaldetik eta Tolosaldeari zuzenduta. Horregatik, gure uhinak entzutera eta ATARIA irratiaren seinalea denon eguneroko sintonia egitera gonbidatzen ditugu herritar guztiak.

Datorren astelehenetik aurrera 09:00etatik 12:00etara denetarik topatuko den saioa entzun ahalko da. 12:00etatik 12:30era Entzuteko jaioak saioan musikak hartuko du lekukoa eta ordu batak bitarteko bideari Eutsi Goiari kirol saioak jarraituko dio. Bazkaloste, arratsalde eta iluntzeetarako ere eskaintza polita topatuko du entzuleak irratian.

Era berean, irratia entzutearekin batera, bertan parte hartzeko ateak zabalik izango ditu nahi duen orok. Iritziak partekatu, gertatutako zerbait kontatu, abestiren bat eskatu edo eskaini... Gurekin harremanetan jartzeko errazena zaizun bidea aukeratu besterik ez duzu egin behar horretarako. Bestalde, parte hartzean pauso bat gehiago emanez, irratiaren eta uhinen zale direnei, euren zaletasuna praktikan jartzeko aukera ere eman nahi die ATARIA-k irratsaioak egitera gonbidatuz.

Proiektua jaio zen unean baino indartsuago dago orain TOLOSALDEKO ATARIA. Eta hori, batik bat, kanpotik jasotako laguntzari esker: harpidedunak, eragileak, erakundeak, eta gainontzeko norbanakoak... Zuei guztioi, mila mila esker! Hau ez litzateke posible izango zuon laguntzarik gabe, eta aurrerantzean ere elkarrekin bidea egitea nahiko genuke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!