«Konpromisoa euskaldun guztiok berreskuratu behar dugun ideia da»

Tolosaldeko Ataria 2014ko urr. 10a, 14:09

Eneritz Maiz eta Jexux Murua, 'Tolosaldeko Ataria'-ren koordinatzaile eta kudeatzaileak lehenengo urtearen balantze baikorra egin dute, eta etorkizunean eskualdean erabat egonkorturiko proiektua izango dela espero dute.

Duela urtebete ekin zion bideari TOLOSALDEKO ATARIAk. Tolosaldeko Hitza, Galtzaundi eta Txolarre irratia elkartzearen emaitza itxura hartuz joan da, eta aurrera begira, egonkortuz eta zabalduz joatea du helburu. ATARIA-ren sorreraz, lehenengo urteaz eta bere etorkizunaz hitz egin dute Eneritz Maiz koordinatzaileak eta Jexux Murua kudeatzaileak.

Nolakoa izan da lehen urtea?
/>Eneritz Maiz. Hiru komunikabideak elkartzeak bere lana izan du. Batetik, elkarren artean desberdinak ziren hiru euskarri batzearena zegoen, eta bestetik, lan egiteko modua, norberak berea baitzuen. Beraz, barne lanketa handia egin beharra izan dugu. Eta, horrekin batera, ikasi beharra izan dugu, guztiek euskarri denetan oinarrizko jakintza edukitzea beharrezko ikusten baikenuen. Baina, oro har, balantzea baikorra izan da, etorkizunerako oinarri sendoak eraiki baititugu.

Datozen hilabeteetarako zer erronka ditu 'Ataria'-k?
E.M. Irratia indartzea da gure helburuetako bat. Sarean ere lana txukun egiten jarraitu nahi dugu, eskualdeko 28 herrietako informazio gaurkotuena zabalduz. Paperari dagokionez, berrikuntzez betetzen joatea da denboraldi berriari jarri diogun asmoa.
Jexux Murua. Nire ustez, kontuan izan behar dugu nondik gatozen, hau da, zergatik hasi ziren proiektu hauek martxan. Izan ere, urte batzuk badira abian jarri zirenetik, eta batzuetan ahaztu egiten zaigu euren sorreraren zergatia. Ataria komunikabide bat da, baina, era berean, gure hizkuntza biziberritzeko, erabilgarriago egiteko eta jendearentzat erakargarri izateko erreminta bezala jaio zen, eta helburu horrekin jarraituko du.

Zergatik da garrantzitsua 'Ataria' bezalako proiektuak lekua izatea eskualdean?
J.M. Guk ez badugu egiten ez du beste inork egingo. Inguratzen gaituzten beste hizkuntza horiekin alderatuta, euskarak dituen bitartekoak oso murritzak dira. Beraz, horiek ahalik eta gehien baliatzea derrigorrezko zaigu. Gure eginkizuna, hain justu, horixe da, jendeari aukera ematea bere hizkuntzan informatzeko, jakin-mina asetzeko, esateko duena zabaltzeko... Horretarako erreminta bat eskaintzen dugu, eta hori da herritarrek gugan ikusi behar dutena.

Dena den, urteetako lanaren eta esperientziaren ondorioz, leku bat egina duela ere esan daiteke.
E.M. Bai, baina, oraindik gehiago egin dezakegu, eta nik uste dut erronka 28 herrietako biztanle guztiengana iristea dela; jakin dezatela, badela egunkaria, astekaria, irratia, webgunea... Herritarrak proiektuaren zati direla sentitzea nahiko genuke, eta guztiek jakitea Atariako ateak zabalik daudela herritar ororen albiste, iritzi edota argazkiek lekua izan dezaten.

Erronka edo helburu zehatzik jarri duzue datozen hilabeteetarako?
J.M. Hilabeteetarako eta urteetarako, etengabe jarraitu beharrekoa baita Atariaren xedea. Gainera, kontuan izan behar da, goi mailako ligan jokatzen dugula, hau da, handienen pare egiten dugula lan, baina, txikienen baliabideekin. Horrek eskatzen digu guztioi, bai Ataria egiten dugunoi, bai irakurtzen dutenei, bai eta entzuten gaituztenei ere, horretaz jabetzea eta konpromiso desberdin bat hartzea. Konpromisoa euskaldun guztiok berreskuratu behar dugun ideia da. Bai behintzat, gure hizkuntza erabilia izatea, bizia izatea, eta eguneroko bizitzan aseko gaituen guztia eskaintzea nahi badugu.

Herritarrek nola har dezakete parte Atarian?
J.M. Gure herria maila desberdinetan antolatzen da, herri guztiak bezala, eta guztion ardurak ez dira berdinak, edo ez daude maila berean. Alde batetik erakundeak ditugu, gertukoenak diren udaletatik hasita. Gizarte eragileak edo talde antolatuak ditugu bestetik; horietan, euskararekiko kontzientzia berezia dutenak edota euskara euren esparruan sartzea behar dutenak egon daitezke. Hainbat lekutan edo esparrutan euskarak bere lekua irabazi beharrean jarraitzen du oraindik ere. Eta gero, herritarrak, norbanakoak daude. Gure ideia da euskaldun guztiek eta euskalduntzeko bidean diren guztiek hizkuntza erabiltzea edota hizkuntzaz gozatzea ahalbidetuko dien tresna moduan ikustea Ataria. Guztien babesa baldin badu proiektuak, Ataria-k aurrera egingo du, eta oso indartsu, gainera. Aitzitik, gizarteak bizkarra ematen badigu, Ataria-k ez du etorkizunik izango.

Nola ikusten duzue Ataria hamar urte barru?
J.M. Baikorrak izango gara, eta pentsatuko dugu gizarteak ez diola Tolosaldeko Ataria-ri bizkarra emango.
E.M. Iruditzen zait oso egonkortuta eta etxe guztietan sartuta egongo den proiektua izango dela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!