Joseba Tapiak kontzertua eskainiko du bihar, Topic zentroan, 20:30ean, hura jaio zela 100 urte betetzen diren honetan. Mikel Errazkin antropologoak ere 'Tximela kapitainaren izarrak' diskoaren harira, Tximela nor izan zen azalduko du.

Bihar, 20:30ean, Topic zentroan Joseba Tapiaren kontzertua izango da, Lenago il batailoiko Luis Rezola Tximela kapitainaren bertsoekin osatutako diskoko kantekin. Mikel Errazkin historialariak gerra garaian kokatuko du, eta Tximelaren semeak eta ingurukoak ere kontzertuan izango dira.

Modesto Rezola Tximelaren semeetan zaharrena da, eta aitari egin daitekeen omenaldirik «hoberena» izango dela adierazi du. Ohituak zeudela esan du, aitaren bertsoak doinua jarri eta abesti bilakatuta entzutera. Joseba Tapiak disko oso bat aitaren letrekin egin izana eurentzat «izugarrizko sorpresa» izan zen. Tapiak aitaren argazki eske deitu ziela ekarri du gogora Rezolak: «Ohituak geunden Oskorri taldeak abestiren bat edo beste egitera, baina disko oso bat ezustekoa izan zen. Gainera, oso ondo landutako lana izan da».

100. urte bete dira jaio zela, eta «Joseba kantuan entzutean, aita ari dela iruditzen zait», adierazi du hunkituta semeak, «oso polita da emanaldia». Donostian eta Villabonan eskainitako kontzertuetan egonak dira, eta Tolosakoan ere ez dute hutsik egingo familiakoek. Gonbidapena ere egina die kontzertura joateko Jose Goenaga Aiestaran txaramarraren familiakoei. Tximelarekin batera, beste 24 epaitu zituzten Lenago il batailoian, eta horietako bat izan zen. Bizi arteko kartzela zigorrera kondenatuak izan ziren.

«Bere lana itzuliko diogu»
Pasa den urteko Durangoko Azokarako argitaratu zuen Joseba Tapiak Tximela kapitainaren izarrak diskoa, eta ordutik 30 emanaldi inguru eskaini ditu Euskal Herriko herri desberdinetan. Diskoan Luis Rezola zenaren 18 bertso musikatu ditu, eta biharko emanaldian zuzenean ikusteko aukera izango da.

Bertsoak Duesoko kartzelan idatzi zituen Tximelak. Joseba Tapiak azaldu duenez, «kantagarriak eta zoragarriak» direlako aukeratu zituen bertso horiek. «Horrekin batera, pasarte garrantzitsu baten berri emateko moduak ere atentzioa eman zidan».

Tapiak dioen moduan, aspalditik dabil garai bateko eta gaur egungo testuei musika jartzen. Tximelaren bertsoak musikatzeko trikitia erabili beharrean, gitarra hautatu du: «kartzelaldiko ilunpea, hotza, hezetasuna, bakardadea... irudikatzeko Ez dok amairu edota Hego Amerikako kantu libertarioen moduko estilo antzekoa erabiltzea litzatekeela egokiena pentsatu nuen, eta horregatik, gitarrarekin musikatu ditut bertsoak».

Bertsoei musika jartzeko prozesuan Tximelaren familiaren laguntza ere izan du, semeena, batez ere, eta emaitzarekin «gustura» geratu dira, gainera. Biharko emanaldiari dagokionez, «berezia eta esanahi handikoa» dela nabarmendu du Tapiak, Luis Rezola zenaren herrian izango baita; «Tximelari itzuli egingo diogu bere lana bere herrian».

 
 
Mikel Errazkin. Antropologoa (Saioa Alkaiza Guallar-en elkarrizketa BERRIAn)

«Garaileek garaituak isilarazi dituzte»

36ko gerran aditua da Mikel Errazkin (1976, Anoeta). Sufrikarioa bizi izan zutenen testigantzak eta artxiboak biltzen aritu da urteetan. Orotara, 4.900 lekukotasun dokumentatzea lortu du, Tolosako herriaren ingurukoak denak (Gipuzkoa). Istorio horietako bat da Luis Rezola Tximela gudari abertzalearena. «Jaso ditugu gerraren bilakaeraren eta gudarien izaera epikoaren inguruko dokumentuak, baina oso zaila da sufrimendua adierazten dutenak topatzea». Retolazarenak minaren adibide dira, eta horregatik ekarriko ditu gogora, ostiralean, 20:30ean, Tolosako Topic aretoan emango duen hitzaldian. Oholtzan ez da bakarrik egongo, gainera. Joseba Tapiak Tximela kapitainaren izarrak diskoa kaleratu zuen aurreko urtean. Errazkinek historiaren nondik norakoak eman ostean, musikariak kontzertua emango du.

Derrigorrezko galdera: nor izan zen Tximela?
1914an jaio zen, Tolosan bertan. Tornularia zen, eta abertzalea. 36ko gerra hasi zenean, aurrena Loiola batailoian eta gero Jagi-Jagiko Lenago Il batailoian ibili zen. 1937an erori zen preso; italiarrek atzeman zuten. Eta kartzelan zela, denbora galdu luze horietan, bertsoak idazten zituen. Kartzelako historia soziala ondo islatu zuen: gosea, torturak, gaixotasuna, injustizia, herrimina, fusilamenduak, heriotzak... Gerra galdu zutenen memoriarako oso inportantea da haren testigantza.

Zergatik da zaila gerra galdu zutenen testigantzak aurkitzea?
Gerra irabazi zutenek garaileen memoria ezarri dutelako eta garaituak isilarazi dituztelako. Memorizidio izugarria gertatu zen garaituekin; eta gertatzen da. Galdu zutenen memoria sozial horri bi ekarpen garrantzitsu egin zaizkio: Tximelarena berarena eta Xalbador Zapirain Ataño-rena. Berreskuratu egin behar dira biak.

Beraz, kartzelako urteetan idatzi zuen Tximelak bertso gehien. Gero zer pasatu zen?
Makroepaiketa bat izan zuen, beste 21 gudarirekin batera. Eta 21en artean ez zegoen inongo erlaziorik. Ez zuen izan berme penalik. Bizitza osorako zigorra ezarri zioten.

Elkarrizketa osoa irakurri

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!