Altuna III.a eta Artola, biharko derbirako azken prestaketa lanetan

Asier Imaz 2014ko urr. 9a, 11:43

Alegiarrak eta Amezketarrak debuta egingo dute bigarren mailako lau'terdiko txapelketan. Alegian jokatuko da kanporaketa, 22:00etan. Aurretik beste bi neurketa jokatuko dira: Saralegi-Iza/Apezetxea-Tolosa; eta Arretxe II-Retegi Bi (Lau t'erdiko Lehen Mailako Txapelketa).

Lau t'erdiko Txapelketaren barruko partidak jokatuko dira ostiralean Alegiako pilotalekuan. Alde batetik, lehen mailako lehia egongo da, eta bestetik, bigarren mailakoa. Azken honetan, eskualdeko bi pilotari ariko dira: Iñaki Artola eta Jokin Altuna. Afizionatuetan alegiarra izan da nagusi kaiolan, elkarren aurka jokatu dutenean, baina profesionaletan oraindik ez dituzte indarrak neurtu lau t'erdian. Binaka jokatu zuten azkenekoan, adibidez, Altuna III.a izan zen nagusi. Ostiralean ikusiko da ligaxkako lehen partida nork irabazten duen. Argi dagoena zera da: alegiarrak eta amezketarrak ikusle ugari eramango dituztela frontoira. Eta hauek, Retegi Bi eta Arretxe II.aren arteko norgehiagoka ikusteko aukera ere izango dute.

Lehen mailako bi pilotari horiek atzo egon ziren Alegian, pilota aukeraketan. Eskualdekoek ez zuten horretan lanik izan, bigarren mailako txapelketan ez baitute pilota aukeraketarik egingo finalerdietara iritsi arte. Altuna III.a eta Artola ikustera joan zirenak atzo, ostirala iristeko gogoz gelditu ziren. Haurren kasuan, alegiar gazteek aurkitu zuten sinadura nori eskatu. Asegarce-ko Ruben Beloki pilotari ohia umoretsu topatu zuten, eta burlatarrak guztiei kasu egiteko denbora atera zuen. Retegik eta Arretxek final hamaseirenetako partida jokatuko dute Alegian. Mikel Olaetxea lizartzarra ere horien maila berean dago jadanik, herenegun Agurainen Lemunoren aurkako partida irabazi ostean. Olaetxeak 22-17ko emaitzarekin gainditu zuen aurre kanporaketa. Bigarren partida, final hamaseirenetakoa, astelehenean jokatuko du Tolosako Beotibar pilotalekuan, Jon Jaunarena leitzarraren aurka. Irabazleak, final zortzirenetan Barriolaren aurka jokatuko du.

Iñaki Artola. Pilotaria

«Jokinen aurka pilota luze ibiltzen eta jokoa gogortzen saiatuko naiz»

Etxean jokatuko du ostiralean Iñaki Artolak (Alegia, 1994), Altuna III.aren aurka. Eskuetatik eta fisikoki ondo dagoela dio bi pilotarietan zaharrenak.

Lehen txapelketa iritsi da.
Bigarren mailakoa izan arren, guretzat garrantzi handia dauka. Jokinentzat eta niretzat lehena izango da; ea nola joaten zaigun.

Fisikoki zer moduz iritsi zara.
Egia esan, eskuetatik eta ongi nabil. Askotan izaten da lesionaturik ez egon arren, minarekin edo kargaturik ibiltzen zarela. Ostiralean ez dakit nola egongo naizen, baina orain behintzat ez dut inongo arazorik.

Afizionatuetan zuk irabazi izan diozu kaiolan. Faborito jotzen zaituenik bada.
Nire ustez jendeak badaki partida parekatua izango dela. Afizionatuetan irabazi izan diot, baina bietan partida oso estua izan da. Binaka jokatu genuen azkenekoan berak irabazi zidan, adibidez. Bete-beteko partida daukagula uste dut.

Derbia.
Elkarren aurka jokatzen dugunean, Alegiako eta Amezketako jendeak modu berezian erantzuten du. Derbi modukoa da, bai. Orain niri tokatzen zait etxean jokatzea, Aurrekoan, Amezketan, berak irabazi zidan. Ea oraingoan zer egiten dugun.

Aurreko koadroetatik urrun, joko luzeagoa egiten saiatuko zara, ezta?
Bera aurrean nahasten saiatuko dela uste dut; koadro horietan ondo moldatzen delako. Beste batzuen aurka joko erasokorragoa egiten saiatu beharko naiz. Baina Jokinen aurka, pilota luze ibili eta partida gogortzen saiatuko naiz.

Ligaxka moduan hasiko zarete, ondoren, finalerdietan, kanporaketa jokatzeko. Zer iruditu zaizu sistema?
Jokatu behar dugun pilotariekin hitz egin da, denak oso gustura gaude. Gutxienez hiru partida jokatuko ditugu, eta egun txar bat edukiz gero ez zara kanpoan gelditzen. Horrela izango ez balitz, gerta zitekeen asko prestatu ondoren txapelketako lehen partidan kale egitea, barruan duzuna erakutsi gabe. Horregatik, oso modu politean planteatu dutela iruditzen zait.

Aurkariak begiratzen hasita, zuen aldean, esperientzia handiagokoak daude txapelketan.
Egia da gure lehen txapelketa dela, baina uda aurretik debutatu genuen profesionaletan, eta uda guztia daramagu egokitzapenean. Ez gaitu bote prontoan harrapatzen, beraz. Jokinek partida dezente jokatu ditu, eta ni ere nahiko ondo nabil azken aldian. Alde horretatik, beraz, ez dakit zenbateko abantaila izango duten. Argi dagoena zera da: bigarren mailako txapelketa izanagatik, maila onekoa izango dela.

 

Jokin Altuna. Pilotaria

«Aurrean min egiten saiatuko naiz, baina baita atzean ondo erantzuten ere»

Profesionaletan, Artolarentzat bezala, Jokin Altunarentzat (Amezketa, 1996) ere lehen txapelketa izango da lau t'erdikoa. Astea prestaketa lanetan igaro du.

Urduritasun punturik sumatu al duzu aste honetan?
Oraingoz lasai nago. Agian ostiralean urduriago egongo naiz. Astea egun hori prestatzen daramakigu, ahalik eta ondoen iristeko.

Kaiolari bezala, Artolari neurria hartzea ere ez da erraza izango.
Profesionaletara jauzi egin genuenetik ez dugu lau t'erdian elkarren aurka jokatu, baina partida gogorra izango dela argi dago. Nire buruan konfiantza daukat, eta berari gauzak zail jartzen saiatuko naiz.

Aurreko koadroetatik urrun nahi zaitu berak.
Aukera dagoenean bukatu egin behar dela uste dut. Baina ez naiz tantoa bukatzera ero-ero joango. Presaka hasten zarenean tantoak oparitzen dituzu, eta nire ustez, lasaitasunez hartu eta lau t'erdiko marra bilatu behar da lehendabizi. Ondoren, pilotakada ona jo eta aukera baduzu, tantoa bukatu behar da. Aurrean min egiten saiatuko naiz, baina baita atzean ondo erantzuten ere.

Ostiralean, Alegian, jarraitzaileen erantzuna polita izango dela aurreikusten da.
Artolak Amezketan baditu lagunak, eta baita nik ere Alegian. Elkarren aurka jokatzen dugunean oso giro polita egon ohi da. Ilusio handia egiten du giro horretan jokatzeak.

Jauzia eman zenuenetik, estelar dezente jokatu dituzu. Espero al zenuen horrelakorik?
Ez nuen uste ibilbidea horrela hasiko nuenik. Gustura nago egiten ari naizen lanarekin, eta fisikoki ere ondo sentitzen naiz. Ezin gehiago eskatu.

Zein helbururekin ekingo diozu txapelketa honi?
Lehenengo helburua ostiraleko partida da. Ligaxka pasatzeko hiru partidetatik bi irabazi behar dira, eta ondo hastea garrantzitsua izango da, beste lehiak lasaiago eta presio gutxiagorekin jokatzeko. Kalera joan behar baldin badut, ligaxkan edo finalerdietan, gutxienez nire maila emanda joan nahiko nuke.

Rezusta, Jaka, Victor, Artola bera... maila polita egongo dela aurreikusten da bigarren mailako txapelketan.
Maila handiko txapelketa izango da. Edozein aurkari tokatuta ere, partida guztiak zailak izango direla argi dago. Gogo handiarekin helduko diot txapelketari, maila horrek motibatu egiten baitu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!