Herritar eta gizarte eragileen ahotsa jaso nahi dute ‘Ataria’ irratiko mikrofonoek

Tolosaldeko Ataria 2014ko urr. 2a, 20:03

Irratiko mikrofonoak zabalik izango dira saioren bat egin nahi duenarentzat.

Aurrerantzean ere, Tolosaldeko Ataria-k, eta bereziki, Ataria irratiak ahotsa eman nahi die Tolosaldeko herritar guztiei. Tolosaldeko irratia eskualdeko herritar guztien irratia izatea da Tolosaldeko Ataria-ren helburua, eta norberak berea den zerbait bezala ikustea, ulertzea eta sentitzea. Era berean, gu guztiona, tolosaldear ororena, den heinean, denen artean egiteko nahia eta beharra sentitzen du Ataria-k.

Urriaren 13tik aurrera 107.6 fm nahiz www.ataria.info-ren bidez zabalduko den seinalea aire berrien freskotasunarekin eta itxura berriz jantzita iritsiko da. Entretenimendua nahiz informazioa ardatz izango duten saio berriek osatuko dute Ataria irratiaren programazioa, beti ere, Tolosaldetik eta Tolosaldeari zuzendua. Horregatik, gure uhinak entzutera eta Ataria irratiaren seinalea denon eguneroko sintonia egitera gonbidatzen ditugu herritar guztiak.

Era berean, irratia entzutearekin batera, bertan parte hartzeko ateak zabalik izango ditu nahi duen orok. Iritziak partekatu, gertatutako zerbait kontatu, abestiren bat eskatu edo eskaini...

Gurekin harremanetan jartzeko errazena zaizun bidea aukeratu besterik ez duzu egin behar horretarako. Bulegoko telefono zenbakira 943 65 56 95 edo 687 41 00 33 telefono zenbakira deituz, edo ataria@ataria.info helbide elektronikora idatziz.

Bestalde, parte hartzean pauso bat gehiago emanez, irratiaren eta uhinen zale direnei, euren zaletasuna praktikan jartzeko aukera ere eman nahi die Tolosaldeko Ataria-k. Hala, irratia gustuko dutenek mikrofonoak zabalik izango dituzte euren saioa egiteko, bakarka edota taldean, eragile edo talde moduan,... mikrofonoak zabalik daude. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!