Albizturko eta Baliarraingo herri ostatuen erronka

Asier Imaz 2014ko urr. 2a, 19:40

Zartagi Jatetxea Baliarrainen dago, eta Albizturren, Herri Ostatua. Itxialdi baten ondoren, arduradun berriekin, aurrera jarraitzeko bidean daude biak. Anibal Di Paolak hartu du Zartagi, eta irailaren 18an zabaldu zuen. 

«Ez genuen espero horrenbeste jende etorriko zenik; herritarrek bikain erantzun zuten. Euren babesarekin oso pozik gaude», dio Di Paolak.

Argentinatik etorri zen Euskal Herrira Zartagi Jatetxeko arduradun berria. Hernanin familia errotu ondoren, Baliarrainera mugitu beharrean aurkitu dira. «Hasiera batean behintzat, aterpetxean jarri gara bizitzen. Ondoren, baserri bat hartzea gustatuko litzaiguke». Familia ugaria dira Di Paolatarrak. Azken semea, gainera, Euskal Herrian jaiotakoa da, eta harro dio hori argentinarrak.

Familiaren laguntzarekin zabaldu zuen jatetxea duela hiru aste, eta hasiera batean horrela jarraituko du Anibal Di Paolak: «Eguneko menuak eta asteburukoak ematen ditugu. Karta ere osatzen ari gara. Horrez gain, etxerainoko zerbitzua jarriko dugu, eta argentinarra naizenez, parrila bat ere jarri nahi dut kanpoan. Baina erronka berria eta handia da hau, eta pausoz pauso joango gara». Inguruko industriaguneak ere begiz joak ditu Di Paolak, eta euren eskaintza enpresetan zabaltzeko ideia laster jarriko du martxan. «Hamaika menu hamarren prezioan eskainiko ditugu; horrela inguruko lantegietako jendea erakarri nahi dugu».

Astean zehar mugimendua ibiltzen den arren, asteburuetan nabarmenagoa da jendearen joan-etorria. Baliarrainek ingurune ederra dauka, eta horrek Zartagi Jatetxeari asko laguntzen dio. Erronka berriaren aurrean ez dira kikiltzen Di Paolatarrak: «Argentina uztea ere erronka izugarria zen, eta aurrera ateratzea lortu dugu. Hemen ere horretan saiatuko gara».  

Albizturko Herri Ostatua
Festetan gazteek ireki zuten Albizturko ostatua, baina gainontzean, itxirik egon da. Uztailean lehiaketa ireki zuen udalak, arduradun berria aukeratzeko helburuarekin. Inork ez zuen proiekturik aurkeztu, eta irailean, beste saiakera bat egin dute. Oraingo honetan lau proposamen jaso dituzte. Hautagai guztiak aztertu ondoren, ondorengo asteetan esango dute ostatua noren esku geldituko den, ahalik eta azkarren zabaltzeko helburuarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!