Parte-hartze aurrekontuak

Liburutegi amankomunatua izango dute Aiztondon

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko urriaren 2a

Gipuzkoako Foru Aldundiko parte-hartze aurrekontuen azken saioa egin zuten, atzo, Tolosako Zerkausian; 500.000 euro eskualdean nola inbertitu erabaki zuten.

Urte osoko lana izan da foru aldundiko parte-hartze aurrekontuak osatu eta fintzearena, baina bileraz bilera eztabaidatutakoa biribiltzen ari dira. Horrela, Tolosaldeko herritarrek atzo erabaki zuten milioi erdi eurorekin zer eta nola egin; besteak beste, Aiztondo bailarako liburutegi amankomunatua eraikitzea onartu zuten bertaratuek.

Uda aurretik osatutako 21 proposamenen zerrenda hartu, eta egitasmoak lehenetsi zituzten joan den astean. Lau multzotan 500.000 euro horiek banatzeko modu desberdinak zehaztu zituzten, eta horixe izan zen atzoko bilkurako eztabaidagaia; egitasmo gutxiagorentzat aurrekontu handiagoa zegoen multzo batzuetan eta, aldiz, proiektu gehiago gauzatzeko aukera eskaintzen zuten beste multzo batzuek, aurrekontu xumeagoarekin.

Zerkausian elkartutako eskualdeko herritarren azken bilera horretan, beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2015eko aurrekontuan txertatuko dituzten proiektua behin betiko erabaki zituzten. Aipatu bezala, Aiztondoko liburutegi amankomuna egitea erabaki zuten bertaratuek eta, egitasmo horrekin batera, honakoak ere gauzatuko dituzte Tolosaldean, parte-hartze prozesuaren ondorioz: Tolosako herri, baso eta mendi bideak garbitu, zaindu eta markatzea; Berrobiko errepidean abiada moteltzeko egokitzapenak egitea; Tolosaldean energia berriztagarriak bultzatzeko plana eta ekintza zehatzak eta, azkenik, ohiko lanbideak sustatzea langabetuen ekintzailetasunari bide emanez.

Tolosalderako bideratutako 500.000 euroak, horrenbetez, horrela zatituko dituzte:

Aiztondoko liburutegi amankomunatua: 250.000 euro.

Tolosaldeko herri, baso eta mendi bideak garbitu, zaindu eta markatu: 40.000 euro.

Berrobiko errepidean abiada moteltzeko egokitzapenak egin: 90.000 euro.

Tolosaldean energia berriztagarriak bultzatu (plana eta ekintza
zehatzak): 60.000 euro.

Ohiko lanbideak sustatu (arotzak, igeltserotza, nekazaritza…)
langabetuen ekintzailetasunari bide emanez: 60.000 euro

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!