Mexikon izan dira pilotan jokatzen Maider Mendizabal (Anoeta, 1977) eta Nagore Arozena (Lizartza, 1986). Munduko Txapelketan emaitza bikainak lortu dituzte, Mendizabal txapeldunorde izanda eta Arozena hirugarren sailkatu da, eskualdera ekarri dituzte lau urtez behin ospatzen den Munduko Txapelketaren zilarrezko eta brontzezko dominak.
Zein modalitatetan parte hartu duzue txapelketan?
Nagore Arozena: Nik trinketean jokatu dut txapelketa honetan. Txapelketa handiena da hau, bertan, pilota modalitate guztiak jokatzen dira.
Maider Mendizabal: Nik, aldiz, orain arte trinketean jokatu dut baina oraingoan 30 metroko frontoian jokatu dut paleta argentinarraz.
Lehenengo aldia da Munduko txapelketan jokatzen duzuela?
M. M.: Ez, ez. Nahiz eta nik modalitate berriarekin jokatu dudan, 1993 urteaz geroztik txapelketa guztiak jokatu ditut urte batean izan ezik.
Antolaketa aldetik nolako txapelketa da hau?
M. M.: Bosgarren Munduko Txapelketa izan da hau niretzat eta egia esan tamalgarria izan da aurtengoa. Lehen aldiz 1998an izan nintzen Mexikon eta orduan ere arazoak izan ziren instalazioak txapelketa hasi baina egun bat lehenago oraindik prest ez zeudelako. Aurten ere, nahiz eta 30 metroko frontoiarekin arazorik ez dugun eduki, txapelketako instalazio ofizialak ez zeuden jokatzeko prest.
Asko eragin al dizue egoera honek?
N. A.: Maiderrek eta, etxe pribatuetako 30 metroko frontoietan entrenatu ahal izan dute txapelketa hasi aurretik baina trinketean ia ezinezkoa izan da. Entrenatzera joateko gertuen genuen trinketea bi ordura zegoen autoz, ordu-erdi bat entrenatzera joateko sekulako bidaia egin behar izan genuen. Argiarekin ere arazoak izan ditugu eta lehen astebetean ia entrenatzerik ez dugu izan.
Nolabait nabarituko da selekzioen arteko diferentzia?
N. A.: Frantziako selekzioa trinketean indartsu ibiltzen da. Iparraldean trinketea oso ohikoa da, hemen ezker pareta den bezalaxe, eta nabaritzen da. Argentinan ere asko jokatzen da trinketean, batez ere gizonezkoetan.
M. M.: 30 metroko frontoian Mexiko da errege. Lau modalitateetan urrea lortu dute mexikarrek.
Pala argentinarraz jokatu duzu frontoian, Maider?
M. M.: Azken finean trinketean erabiltzen ditugun pala eta pilota berdinekin jokatzen da, baina frontoian.
Jenderik ba al dator atzetik?
M. M.: Selekzioetan jende beteranoa baino gehiago ikusten da jende gaztea eta Bolibia, Guatemala eta Costa Rika bezalako selekzio berriek ere parte hartu dute eta pixkanaka generazio aldaketa bat ematen ari dela esan daiteke.
Emakumeak frontoian indarra hartzea ari zarete?
N. A.: Jendearen mentalitatea aldatzen lana badago oraindik. Tolosako pilota eskolan, lehengo urtean, zazpi eta hamabi urte bitarteko 80 haurretatik bi soilik ziren neskak. Neska batek pilotan mutil batek bezalaxe jokatu dezake eta hori argi dago, mentalitate arazoa da nire ustez. Normalean, umeak eskatzen ez badu, errazago hasiko da umea saskibaloian jokatzen pilotan baino.
M. M.: Pasa den urtera arte Gipuzkoako Pilota Federazioan lanean izan naiz ni eta eskoletan sustapen jarduerak egin ditugu. Neskak pilotan jokatu dezaketela ezagutarazteko saioak egin ditugu emakumeak pilota munduan sartzeko. Hala ere umeek eta gazteek eskolaz kanpoko aktibitate asko dituzte eta askotan pasa izan zaigu pilotan jokatu nahi bai baina frontoirik libre ez egotea entrenatzeko. Pilota eskola asko daude eta frontoiak alokatzeko tarteak gutxi dira. Apuntatu nahi duenak egutegi horretara moldatu behar du eta zaila izaten da. Prentsan agertzen ez bagara eta urte osoko txapelketa bat izan dezakegula jendeak ez badaki, nekez animatuko da jendea pilotan hastera. Kirol gutxitua gara nesketan behintzat.
Orduan, zuen ustez, kirola bera erakargarria da emakumeentzat baina bultzada behar du.
N. A.: Erakargarria bada baina ez daukagun bultzada hori falta zaigu. Prentsan eta hedabideetan agertzea, adibidez.
M. M.: Pilota kirol polita da, erraza eta ez da garestia. Egindako ikastaroetara emakume dezente animatu dira eta gustura jokatu dute paletan.
Zer eman dizue pilotak, eta Munduko Txapelketa jokatzeak?
N. A.: Txikitatik jokatu dut pilotan eta ez dut pilotarik gabe nire bizitza imajinatzen. Niri dena eman dit pilotak. Alde batetik lagun pila bat egin ditut eta jende asko ezagutzeko aukera eskaini dit kirol honek. Bidaiatzeko aukera ere eman dit pilotak, seguru aski inoiz joango ez nintzatekeen lekuetara joan naiz pilotari esker. Noizbait munduko txapeldun izateko aukera ere eman dit pilotak, gauza asko zor dizkiot pilotari.
M. M.: Niri ere pilotak asko eman dit. Areto futbolean, iraupen eskian eta tenisean lehiatu izan dut baina pilota beti hor egon da. Egia esan, hamabost urterekin hogeita bi urtez azpiko txapelketa bat jokatzera Argentinara joatea ez nuke areto futbolean lortuko, pilotan, aldiz, bai. Amak beti esaten zidan: «Jokatu ezazu pilotan, gutxienez bidaiatu egingo duzu eta!»