Maider Gonzalez, Pelbiseko zoruan aditua: «Zenbat eta gazteagotan hasi hobe izaten da»

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko urr. 1a, 10:00

Tolosako Jabekuntza Eskola pelbiseko zorua lantzeko ikastaroak irekiko du; Maider Gonzalez algortarrak gidatuko ditu hiru saioak

Estatistikek diotenez, menopausiaren inguruan dauden hamar emakumetik zazpik gernu inkontinentzia izaten dute. Pelbiseko zorua lantzeak antzeko arazoei aurrea hartzen lagun dezake, eta Tolosako Jabekuntza Eskolan ikasi ahal izango da horretan. Hazia fisioterapia zentroko arduradun Maider Gonzalez algortarra Tolosan izango da, gaur, Jabenkuntza Eskolan zoru pelbikoa lantzeko tailerra eskaintzeko, 17:00etatik 19:00etara. Datozen saioak, berriz, urriaren 8an eta 15ean izango dira.

Zer da pelbiseko zorua?

Gizon-emakumeok pelbisaren azpikaldean ditugun gihar eta ehun konektiboek osatzen dute, eta funtzio asko ditu: gaineko organoak eutsi, adibidez, gernu maskuria, umetokia edo ondestea; erditzeko momentuan lagundu; esfinterrak ixten lagundu...

Zergatik da garrantzitsua lantzea?

Bizitzako hainbat faktorek pelbiseko zorua ahuldu dezaketelako: haurdunaldiak, erditzeak, idorreriak, kirol bortitzak praktikatzeak, esfortzuak egiteak, eztul handia izateak, zenbait ebakuntzak, menopausiak... Ahulezia horrek arazoak sortzen ditu, beraz, norberak pelbiseko zorua lantzen baldin badaki, arazo asko saihestu ditzake.

Emakumeek bakarrik dute pelbiseko zorua lantzeko beharra ala gizonezkoei ere mesede egingo lieke?

Gehienetan emakumeek izaten dituzte pelbiseko zoruko arazoak. Hala ere, zenbait gizonek pelbiseko zorua ahula izan dezakete, eta mesede egingo lieke hori lantzeak.

Zein gertaera fisiologikori lagun diezaieke ariketek?

Pelbiseko zoruaren ahuleziak gernu inkontinentziak, uzki inkontinentziak, organuen jaitsiera, sexu arazoak nahiz infekzioak sor ditzake. Arazo horiek dituzten emakumeentzat oso komenigarria da pelbiseko zorua lantzea egoera hobetzeko, baina ez da zertan itxaron behar arazo horiek sortu arte. Prebentzio on bat eginez gero, arazo guztiak ekidin ditzakegu.

Ohitura hori zabaldutako zerbait da, edo orain ari da indarra hartzen?

Orain arte gure ama eta amonek gernu inkontinentzia arazo normaltzat zuten erditu ondoren, eta isilpean izaten zuten. Orain, ordea, askotan gerta daitekeen arazoa dela jakin behar dugu, baina ez dugula normaltzat hartu behar. Frantzian edo Belgikan, adibidez, oso arrunta da erditu ondoren emakumeak pelbiseko zorua indartzera joatea, etorkizuneko arazoei aurre hartzeko. Hemen, aldiz, oraindik ez dugu ohiturarik. Pixkana zabaltzen ari da, hala ere, eta jendeak gero eta kontzientzia handiagoa du.

Ariketak etxean norbere gisara egiteko modukoak dira?

Ariketak, beti, pertsona bakoitzari egokitu behar zaizkio: zein egoeratan dagoen eta osasun arazorik ote duen ikusi behar da, eta pelbiseko zorua zergatik eta zertarako landu nahi duen jakin. Ondoren, ariketak etxean egitea beharrezkoa da, baina ariketak egitea ez da beti nahikoa izaten, eta pelbiseko zoruan espezializatutako fisioterapeuta batengana joan behar izaten da, tratamenduarekin jarraitzeko.

Ikasleek adin jakin batekoak izan behar dute?

Prebentzioaren aldetik, zenbat eta gazteagotan hasi hobe izaten da, etorkizunean gerta daitezkeen arazoak saihesteko. Baina, adineko pertsonek ere egin ditzakete ariketak, noski.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!