Herrira-ren operazioan atxilotuek, Espainiako Gobernua auzitara

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko ira. 30a, 12:01
Sarekadaren ondorioz hainbat mobilizazio izan ziren eskualdean. Irudian, Tolosako Trianguloan egindakoa.

Jon Mintegiaga ibartarra eta Jesus Mari Aldunberri elduaindarra kasuan auzipetuta daude

2013ko irailaren 30a zen, Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, Herrira euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduaren aurkako polizia operazioa agindu zuenean. Guardia Zibilak hemezortzi pertsona atxilotu zituen eta, besteak beste, ETAko kide izatea, «terrorismoa goratzea» eta «erakunde armatua finantzatzea» leporatu zien guztiei. Orain, operazioa gauzatu eta urtebetera, atxilotuek auzitara eramango dute Espainiako Gobernua, Gara agerkariak atzo azaldu zuenez.
Herrira-ren aurkako operazioko auzipetuen artean daude Jesus Mari Aldunberri Elduaindarra eta Jon Mintegiaga ibartarra. Aldunberri  egun hartan atxilotu zuten, Madrilgo Soto del Real espetxera eramanez eta bermea ordainduta irten zen. Mintegiaga, berriz, Hernaniko egoitzan zegoen arren, atxiloketen unean aske geratu zen. Hala ere, guardia zibilek jakinarazi zioten ikerketak aurrera egin ahala Espainiako Auzitegi Nazionalera joan beharra izango zuela beharbada. Horrela, azaroan jakin zuen, abokatuaren bitartez, auzipetuta zegoela.
Auzipetuek 100.000 euroko kalte-ordaina eskatzearekin batera, kalte moralak sortzea eta haien ohorea urratzea ere egotzi diote gobernuari. Izan ere, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak Herrira mugimendua «ETAren tentakulua» zela baieztatu zuen 2013ko urriaren 30ean. Horrekin batera, gainera, Espainiako Gobernuak errugabetasun presuntzioa urratu zuela nabarmendu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!