3.000 kilo kobre inguru lapurtu dituzte Apattako KL enpresatik

Asier Imaz 2014ko ira. 30a, 11:17

Ertzaintzaren esanetan, butroi baten bidez sartu dira KL Katealegaia lantegira, lantegiaren atze aldetik. Eta bertatik atera dituzte kobrezko bobinak.

Ataria-k jakin duenez, "5 kilo ingurukoak" ziren bobinak, eta enpresatik atera ondoren, hesia pasa, eta mendian gora eraman dituzte goiko pistara. Dirudienez, goian zegoen ibilgailuan sartu dituzte.

Inguruko lantegietan azaldu dutenez, "enpresako horman bi zulo zeuden. Lehenik batetik sartzen saiatu dira, baina ez dute lortu eta ondoren bestea egin dute. Bertatik sartuko ziren enpresara. Bobinak ere bertatik atera dituzte, eta gero, hesia pasa eta mendian gora eraman dituzte. Sokaren batekin edo. Gutxienez sei lagun izango ziren. Gero goran, ibilgailu batean sartu eta... guztira 3.000 kilo inguru eramango zituzten. 300 bobina baina gehiago".

06:00etan deitu diote Ertzaintzari KL enpresako arduradunek. Ertzainak 09:30ak arte bertan egon dira, lantegia eta ingurunea aztertzen. Ertzaintzaren esanetan, ikerketa zabaldu dute: "500 bobina inguru lapurtu dituzte jarri duten salaketaren arabera, guztira hiru tona kobre. Ikerketak zabalik jarraitzen du, baina ez dago oraindik atxiloketarik".

Lantegiko arduradunak goizean oraindik kontaketa lanak egiten ari ziren, eta ez dute adierazpenik egin nahi izan.

KL Katealegaiaren baliabideak
KL katealegaia enpresak Gipuzkoan 12 zentro ditu, guztira 20.000 m2 baino gehiago. Egun, 800 langile inguru ditu, horietatik %95 inguru ezinduak dira; elbarritasun intelektuala, gaixotasun mentala, elbarritasun fisikoa eta elbarritasun sentsoriala dutenak. Hauetatik %30 lan munduan sartzeko elbarritasun handiak dituzten pertsonak dira.

EHLABEn, Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkartean,  parte hartzen du KL enpresak. Beste hainbat lantegirekin ditu hitzarmenak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!