«Atzoko, gaurko eta biharko gudariak» gogoratu dituzte

Tolosaldeko Ataria 2014ko ira. 30a, 10:46

Amasa-Villabonako Aljiben izan zen Gudari eguneko ekitaldia, pasa den larunbatean

Joan den larunbatean, irailak 27, Gudari eguna ospatu zuten Euskal Herrian. 1975ko irailaren 27a gogora dakar gudari egunak, ETA erakunde armatuko kide Txiki eta Otaegi fusilatu egin baitzituzten egun hartan. Egun berean, FRAP erakunde armatuko hiru kide ere fusilatuak izan ziren; Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz eta Humberto Baena, hain zuzen.

Egunaren harira, beraz, Hendaian izan zen Gudari eguneko lehen ekitaldia, pasa den larunbat goizean. Bertan Tolosaldeko errepresioaren biktima askoren lekukotzak entzun ahal izan ziren eta, halaber, eskualdeko ordezkaritza zabala bertaratu zen Hendaiara.

Arratsaldean berriz, Amasa Villabonak hartu zituen Gudari eguneko ospakizunak, eskualdeari begira. Tolosaldeko hainbat herritar bertaratu ziren ekitaldira eta, antolatzaileek azaldu dutenez, 18 lagun gogoratu zituzten: «Tolosaldean estatuen biolentziaren ondorioz hilik suertatu diren herritarrak omendu zituzten; guztira, 18 lagun».

Aipaturiko omenduen senideei eta lagunei eskainitako ekitaldian, gainera, frankismoaren biktima izandako eskualdeko hainbat herritar ere gogora ekarri nahi izan zituzten, «belaunaldi eta abagune politiko zein historiko desberdinetako gudariak, eskuz esku bat eginik», azaldu dute antolatzaileek.

Aljibean ospatu zuten ekitaldian «istoria ofizialak eta politika profesionalak albo batera utzi nahi izan dituen pertsonak» omendu zituztela nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek: «Hainbat estatu zein poliziaren estoldetan egindako giza-eskubideen urratzeak ez dituztelako aintzat hartu; areago, babes politiko eta juridiko guztia izan dutelako. Guk, ordea, oholtzara ekarri nahi izan ditugu». Horrela, beraz, azken 77 urteotan eskualdean gertatutakoa plazaratu nahi izan zuten larunbatean: «Isilpean gordea izan denaren kontakizun iluna egin genuen Amasa Villabonan, Gudari Egunaren karietara».

Iraganera begirada

Aljibeko ekitaldiari Txikik bere senideei idatzitako gutun bat irakurriz ekin zioten. Besteak beste, azken nahiak idatzita utzi zituen Txikik gutunean, «eta baita duela 39 urte gure herriaren erronka politiko zein sozialak ederki jaso ere», diote antolatzaileek.

Jarraian, horrela, gaur egungo egoera politikoan «herritar horien guztien ekarpenek duten gaurkotasuna» azpimarratu zuten ekitaldian: «Bakoitza berean, konpromiso politiko zein sozialak gidatuta, gaur egun gure herriak bizi duen aukerez betetako agertokiaren protagonista ere badira, eta gure herriaren aurkako prozesu sistematikoa oztopatzeko gizon eta emakume hauen ekarpena ezinbestekoa izan da».

Antolatzaileek azaldu dutenez, «gure askatasuna defendatzeko galdu zuten askatasuna» eta, horrela, ekitaldian argi adierazi zuten honako ideia: «Herrien eta pertsonen askatasunak ezin du amets soila izaten jarraitu, eta errealitate izateko lanean jarraitu behar dugu, gero eta molde eta jarduera anitzagoetan; indar eta jendarte askoz ere zabalagoarekin, eskuz esku. Eta irakasle onak ditugu omentzen ari garen pertsona hauek; haiekin batera eskuz esku lanean jarraituko dugu».

Ekitaldiaren gune nagusian senide eta lagunak, nahiz Tolosaldeko bizitza sozial zein politikoko ordezkari ugari zeuden; tartean, ezker abertzaleko ordezkaritza zabala. Horrela, txalo eta malko artean, senide bakoitzari lore bana eskaini zieten, «konpromiso irmo bat adieraziz»: «Borrokak ez du etenik. Herri libreak, pertsona libreez osatuta daude. Indarrak biltzeko garaia da; estatuen interesei men eginez ez zatitzekoa. Herri bat, lur zati bat, nazio libre bat, estatu propio batekin Europan, guk erabakitzen. Horretarako borrokatu ziren eta hori da iparra».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!