Euskarazko solaserako hitzordurik tentagarriena

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko ira. 26a, 13:05

Urrian hasiko da, Tolosan, Mintzalagun egitasmoa; izen ematea zabalik da, oraindik, Galtzaundin

Mendetako zapalkuntza eta oztopoen aurrean, hamaika dira euskarak bizirauteko antolatzen diren egitasmoak. Ikasgeletan euskaraz aritzeko, euskaraz liburuak idazteko, administrazioak euskaraz lan egiteko,... Guzti-guztiek dute oinarrian, ordea, ahozko jolasa, hizkuntzaren erabilera, euskararen solasa. Horrela, eta gramatika liburuetatik kanpo, Mintzalaguna egitasmoa ere abian jartzeko prest da Tolosan, urritik aurrera.

Euskaraz hizketan trebatzeko beharra eta gogoa duten herritarrak dira mintzalagunak; hiztunak, berriz, haiei laguntzera eta taldea gidatzera joaten diren euskaldun boluntarioei deritze. Ainhoa Aizpuruk eta Mari Anjeles Zubillagak zailduak dituzte, jada, euskaraz hitz egin eta, aldi berean, eredu izateko dohainak; urteak daramatzate mintzalagun taldeen hiztun izaten eta, aurten ere, errepikatzeko gogoz dira.

«Denek ez dute guk izan dugun zortea»

Hirugarren urtez ariko da, Aizpuru, Mintzalagun egitasmoan languntzaile: «Zergatik hasi nintzen? Gogoan dut, goiz batean, gosaltzen ari nintzela, nola irakurri nuen deialdi bat Hitza egunkarian. Egitasmo honetarako hiztunak behar zirela zioen testuak, eta zera pentsatu nuen, etxean euskara jaso dugunok dugun zortea ez dutela izan beste askok». Horrela, beraz, umetatik jasotako hizkuntza hori partekatzeko asmoz ekin zion esperientzari.

Mari Anjeles Zubillaga, berriz, seigarrenez hasiko da, aurten, euskaraz ikasi nahi dutenekin astean behingo solasalditan. Euskaltegiaren bitartez ekin zion Mintzalaguneko hiztun izateari, eta ardura Galtzaundik hartu zuenean ere jarraitzea erabaki zuen. «Hasi baino bizpahiru urte lehenago, artean lanean nenbilela, egunkarian ikusi nuen hiztunen beharra zela. Ikaragarri gustatu zitzaidan ideia, eta euskarari bultzada bat emateko oso ona behar zuela pentsatu nuen. Beti izan dut euskararekiko adore hori, eta ezin dugu galtzen utzi, inola ere», dio Zubillagak.

Belaunaldi desberdinetakoak dira biak ala biak, baina bat datoz Mintzalaguna egitasmoko hiztun izateak norberari sortzen dion poza nabarmentzerakoan. «Oso gutxi eman behar du hiztunak, zu hitzordura bertaratze hutsa haiek euskaraz hasteko arrazoia delako», dio Ainhoa Aizpuruk. Trukean jasotzen dena, aldiz, «oso pozgarria» dela dio: «Euskaraz nola saiatzen diren ikustea eta pixkana pausoak ematen ari direla nabaritzea, oso pozgarria da».

Ilusioa ilusioarekin elkartzen da, beraz: euskararen sokari etenik eman nahi ez dion hiztunarena eta euskaraz ikasi nahi duen mintzalagunarena.

Elkarlan bat, hizkuntzaren alde

Astean ordubetez elkartzen dira mintzalagunak, haien hiztunekin. Kalean, tabernaren batean nahiz kultur etxeko geletan biltzen dira, eta helburua erabileraren bitartez jariotasuna lortzea denez, Mintzalaguna egitasmoko saioek ez dute idatzitako araurik.

Mari Anjeles Zubillagaren esanetan, kultura batek denboran barrena irauteko arau bakarra da, aldiz, hizkuntza erabiltzea: «Gure kulturak adar asko ditu, anitza da, baina zatirik garrantzitsuena hizkuntza da; geure da, gainera».

Hizketarako tresna izateaz harago doa hizkuntza, beraz, hiztun hauen ustez. Eta mintzalagun taldeetako kideek solasaldirako gaitasun berbera ez duten arren, kontzientzia berak mugitzen ditu. Izan ere, lan arrazoiengatik hasten direnak baino gehiago dira bilobekin jolasean aritzeko euskaraz ikasi nahi dutenak, edo behin erretiroa hartuta kontzientzia piztu zaienak.

Esan daiteke, beraz, hiztun eta mintzalagunek elkarlan moduko bat osatzen dutela, hizkuntzaren biziraupenaren alde.

Ainhoa Aizpuruk eta Mari Anjeles Zubillagak ez dute zalantza izpirik, beraz: «Euskararen alde lan egin nahi dutenak eta tarteren bat duenak etor daitezela, gure moduan, mintzalagunei euskara irakastera». Ororen gainetik, taldeko giro ona eta mintzalagunen trebezia nola hazten den ikustea azpimarratu dituzte, «eta hiztun izateko ez da titulurik behar, euskaraz hitz egiten jakitea besterik ez», dio Idoia Lahidalga Galtzaundiko arduradunak.

Datorren urriaren 1ean hasiko dira mintzalagun taldeak elkartzen, eta 10 talde osatu dituzte jada. Izen-ematea urte osoan zabalik izango da, eta Galtzaundik Nafarroa etorbidean duen egoitzan, kultura@galtzaundi.com helbidean edo 943 65 50 04 telefono zenbakian egin daiteke.

Itxuraz ikasketa prozesu denak, harreman sareak ere sortzen ditu, gerora, euskara saretzearen ondorioz. Elkarlan horretarako kide gehiagoren zain daude, beraz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!