Tolosaldeko pilotaren habiak

Asier Imaz 2014ko ira. 25a, 10:25

Eskualdeko pilota osasuntsu dago; lanari esker, oinarri sendoak finkatu dira. Pilota eskola guztiak batu ditugu erreportaje honetan.

Olaetxea, Jaka, Tolosa, Urruzola, Artola, Altuna III.a… Lizartza, Anoeta, Alegia, Amezketa,… Urte gutxiren bueltan, Tolosaldeak pilota profesionalari ekarpen handia egin dio. Emaitza horiek, ordea, ez dira kasualitatea. Ez dago sekreturik, lanaren fruitua besterik. Harrobia, eta harrobia. Baina esku pilota ez da eskualdean lantzen den modalitate bakarra: xarea, zesta punta, joko garbia, pala, errebotea…
Helburuen arabera, bi maila bereizi behar dira: Heziketa, eta lehia. Azken honen barruan, egokitzapena edo errendimendua, eta lehia federatua daude.

Ikastetxeetan haurrak 8 urtetik aurrera hasten dira pilotan. 11 urterekin, aurrera jarraitu nahi duenak, pilota elkarteren batean ematen du izena. Orduan, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Pilota Federazioak araututa ekiten dio ibilbideari, pilota elkarteek bideratuta. Esku pilotan, adibidez, pilota gogorretara ohitzen hasten dira, eskuak babesten ikasiz, eta pilota gogorragoekin jokatuz. Errendimendua deitzen zaio egokitzapen tarte honi. 14 urtetik gorakoak kirol federatuan sartzen dira, federazioak araututako txapelketetan jokatuz, pilota elkarteen izenean.

Txapelketaz txapelketa
Gipuzkoako Pilota Federazioan Tolosaldeko hamar pilota elkarte daude, errendimendua eta kirol federatua bultzatuz. Irailan eta urrian Gipuzkoako Txapelketarekin hasten dira pilotariak, abendura bitarte. Emaitza onenak lortzen dituztenek Hego Euskal Herriko txapelketa jokatzeko txartela lortzen dute. Besteek, Udaberri Txapelketari ekiten diote. Apirilarekin batera GRAVNI (Gipuzkoa, Errioxa, Araba, Bizkaia, Nafarroa, eta Iparraldea) iristen da, maiatza erdira bitarte.  Ondoren, iraila bitarte, txapelketa pribatuetan jokatzen dute pilotariek.

 

Ametsa Kirol Elkartea

Herria: Irura
Arduraduna: Aitor Artola
Modalitatea: Xarea
Federatuak: 15 pilotari, jubenil eta nagusien mailan
Eskola kirola: Ostirala bitarte zabalik da izena emateko epea. 2003-2009 urte artean jaiotako haurrekin aritzen dira. Iaz 60 pertsona elkartu zituzten. Pilota hezitzaileak behar dituzte aurten
Frontoia: Irurako Ametsa trinketea

Atzapar

Herria: Asteasu
Arduraduna: Antton Elizegi
Modalitateak: Esku pilota eta pala
Federatuak: 10 pilotari; bigarren mailako alebin, infantil, jubenil eta nagusiak
Eskola kirola: 60 haur inguruFrontoia: Asteasuko Usarrabi pilotalekua

 

Aurrera Saiaz KE

Herriak: Tolosa eta Bidania-Goiatz
Arduraduna: Luis Galarraga
Modalitatea: Esku pilota
Federatuak: 22 pilotari, jubenil eta nagusien mailan
Frontoiak: Tolosako Beotibar, Albiztur, Bidania-Goiatz, Ikaztegieta eta Zaldibia

Behar Zana SD

Herria: Amasa-Villabona
Arduraduna: Imanol Arruti
Modalitateak: Errebotea, esku pilota, joko garbia, eta pala. Azken honetan, bereziki neskekin egin nahi dute lan
Federatuak: 27 pilotari
Eskola kirola: 60 haur inguru
Frontoiak: Amasakoa, eta Villabonako Beharzana eta Errebote plaza

Beotibar

Herria: Tolosa
Arduraduna: Andoni Lertxundi
Modalitatea: Zesta punta
Federatuak: 27 pilotari; kadete, jubenil eta nagusien mailan
Eskola kirola: 8 haur; benjamin, infantil eta alebin mailan
Frontoia: Tolosako Beotibar pilotalekua

 

Intxurre KKE

Herriak: Alegia, Altzo eta Ikaztegieta
Arduraduna: Jose Luis Zabala
Modalitateak: Esku pilota eta pala
Federatuak: 40 pilotari; bigarren mailako alebin, infantil, kadete, jubenil eta nagusietan
Eskola kirola: 50 haur eta gaztetxo
Frontoiak: Altzo, Alegia eta Ikaztegieta

Suberri

Herria: Anoeta
Arduraduna: Maider Mendizabal
Modalitateak: Pala, eta trinketean paleta goma argentinarra
Federatuak: 12 pilotari; kadete, jubenil eta nagusietan
Eskola kirola: Anoetako Pilota Eskolarekin elkarlanean
Frontoiak: Anoetako Alkartasun eta Irurako trinketea

Tolosa CF

Herria: Tolosa
Arduraduna: Iraitz Olaetxea
Modalitateak: Esku pilota. Neskekin pala urrialdean lantzeko asmoa dute
Federatuak: 30 pilotari; infantiletan eta kadeteetan
Eskola kirola: Aste honetan amaitzen da izena emateko epea. Iaz 80 haur inguru ibili ziren
Frontoiak: Tolosako Beotibar eta Lizartzeko Aztiñondo

Zazpi Iturri

Herria: Amezketa
Arduraduna: Xalton Zabala
Modalitatea: Esku pilota
Federatuak: 27 pilotari; kadete, jubenil eta nagusietan
Eskola kirola: Lau alebinFrontoia: Amezketako Larrunarri

 

Ziotza Herri Kirolak, KE

Herria: Zizurkil
Arduraduna: Juan Manuel Erasun
Modalitateak: Esku pilota eta pala
Federatuak: 19 pilotari; bigarren mailako alebinak, infantilak, kadeteak, jubenilak eta nagusiak. Izena emateko epea zabalik urriaren erdira bitarte
Eskola kirola: 28 haur. Izena emateko epea zabalik urriaren erdira bitarte
Frontoia: Zizurkilgo Intxaur pilotalekua

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!