Kotxerik gabeko eguna ospatzen ari dira eskualdean

Maier Ugartemendia 2014ko ira. 22a, 15:42

Europako Mugikortasuna Astearen baitan kotxerik gabeko eguna da gaurkoa, eta horregatik oinezkoei eta bizikletei eman nahi izan diete garrantzia eskualdeko hainbat herritan

Europako Mugikortasun astearen baitan bizikletak eta oinezkoak izan dira protagonista, gaurko Kotxerik gabeko egunean. Eskola askotan haurrei eta gurasoei gaurkoan autoak alde batera utzi eta mugikortasun jasangarri baten alde egiteko eskatu zieten, eta horrela egin duten hainbat herritan; nahiz eta, eguraldiaren erruz Berastegin, esate baterako, egun honetarako pentsatuta zituzten ekimenak beste egun batetarako utzi behar izan dituzten.

Amasa-Villabonako Erniobea ikastetxeko bigarren mailako haurrak, 08:30etan biltzen dira egunero, 'Eskolara oinez' izeneko ekimenari lotuta; eta gaurko eguna berezia denez, udaleko ingurumen sailetik aitortza bat egin nahi izan diete gaur. Haurrekin eskolara zihoan Maria Jesus Mendizabal gurasoak eta udaleko Ingurumen Zinegotzia den Rosa Arregik azaldu dute ekimenak zertan datzan. Izan ere, Guraso elkarteak eta udalak elkarlanean martxan jarritako ekimen bat da. Irailetik egunero 6 eta 7 urtetako 11 ume biltzen dira elizaren atarian. Eskoletako autobusetan egin dituzten murrizketengatik, Amasa-Villabonako haurrek jada ez dute autobusean eskolara joateko aukerarik. Horregatik, gurasoek eta udalak irtenbide bat emateko asmoz sortu zuten ekimen hau. Gurasoek txandaka gidatutako ibilaldiak egiten dituzte eskolara egunero. Aurrera begira, eskolara joan bitarteko bidean seinalizazioan eta margoketan ikusten dituzten hutsuneei erantzun bat ere eman nahi diete.

Tolosako haurrek ere ospatu dute Kotxerik gabeko eguna gaur. Goiz guztian zehar Laskorain, Samaniego eta Hirukide ikastetxeetako 6. mailakon 170 gaztetxok 'Segurtasunez ibili bizikletaz!' izeneko tailerrak egin dituzte Trianguloa plazan, Tolosako Udaltzaingoaren laguntzaz. Tailer hauetan mugikortasun jasangarria landu nahi izan dute, autoen eta oinezko eta bizikleten arteko elkarbizitza bultzatuz. Horretarako, txapak egin dituzte, ikusmenik gabeko pertsonen bizipenak nolakoak diren ezagutu dute edo kalean egon daitezkeen seinale edota arriskuez hitz egin dte. Gaztetxoak oso gustura ibili dira ariketa hauek egiten.

Ibarrako Uzturpe Ikastolako haurrak ere kotxerik gabe iritsi dira gaur ikastolara. Goizean eta arratsaldean ikastolarako joan-etorria oinez egin dute. Horretarako HH eta LHko haur guztiak irakasleekin plazan topatu dira (baita autobusez joaten direnak ere), eta bertatik oinez joan dira guztiak gora. DBHko ikasleak, berriz, txikienei laguntzen aritu dira. Eguraldia ez dute bidelagun izan, baina hala ere, ekimenarekin aurrera jarraitzea erabaki dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!