Parisen azaroaren 4tik 7ra egingo den Midest azokara bisita antolatu du Tolosaldea Garatzenek-Lehiberrik Tolosaldeko enpresentzat. Lehiberritik azaldu dutenez, Midest azpikontratazio azoka erreferenteetako bat da mundu mailan eta garrantzitsuena merkatu frantsesean sartu nahi dutenentzat.
Azoka honetan ondorengo enpresa jarduerak izango dira ikusgai: Metalen transformazioa; plastiko, kautxu eta konpositeak; egurrarena eta baita beira edo zeramika bezalako materialena; azaleko tratamenduak, tratamendu termikoak eta akaberak.
Tolosaldea Garatzenetik esan dutenez, bisita honekin Midestek eskaintzen dituen aukerak ezagutu nahi dira, hurrengo edizioetan erakusketari bezala joateko. Era berean, bezero europarrek zer egiten duten bertatik bertara ikustea dute xede; horrekin batera, benchmarking bat egitea dute helburu, azpikontratazio sektorean egon daitezkeen dibertsifikazio aukerak detektatzeko.
Lehiberritik enpresei lanerako agenda bat prestatuko diete, eta bakoitzaren interesen eta jardueraren arabera, zein enpresa bisitatu behar dituzten agertuko zaizkie. Bisita azaroak 4tik 6ra izango da. Informazio gehiago nahi duenak edota izena emateko Lehiberriko talde teknikoarekin jar daiteke harremanetan 943 65 45 01 zenbakian edo lehiberri@lehiberri.net helbidean.