UEMAko udalek harremanak euskara hutsez izateko eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Aldundiari

Maier Ugartemendia 2014ko ira. 19a, 11:00

UEMAko udalek Eusko Jaurlaritzari eta Aldundiari gutunak bidali dizkie eurekin euskara hutsez jardun nahi dutela adieraziz

Eskualdeko hainbat udalek Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari harremanak euskara hutsez izan nahi dituztela adierazteko eskaera gutuna helarazi diete. UEMAko kide diren udalerriek egin dute eskaera hau edo bestela datorren egunetan egingo dute.
UEMAk «etokizuneko Euskal Herri euskaldun baten alde» eta «herritarrek arlo guztietan euskaraz bizitzea posible izateko» egiten du lan. UEMAko kiden diren herriek lan ildo hauekin bat egiten dute eta gainera, herri hauetako biztanleen %70ak baino gehiagok euskaraz daki. Gure eskualdean hamabost dira mankomunitate honetako kide eta hortaz, hamabost herriek egingo dute hasieran aipatutako eskaerak Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari.
Eskaera egin duten udalen artean dago Orexako Udala. Eneko Maioz alkateak azaldu bezala, «duela bi edo hiru aste egin genuen eskaera». Eskaera honekin UEMAko udalek «euskara hutsez lan egiteko daukagun behar hori kanporatzea» dute helburu. Honela, azkenik, udalek «benetan euskara hutsez funtzionatzea» lortu nahi dute.
Gutun hauetan instituzioei udal hauek «euskara hutsez» lan egiten dutela jakinarazi zaie, eta horregatik beraiekin izaten dituzten harreman «guztiak» ere euskara «hutsez» izan nahi dituztela jakinarazi diete. Maiozen esanetan, udal hauetan «lehentasunezko hizkuntza» euskara da, eta instituzio hauekin elkarlanean, beraiek dituzten harremanetan ere hori mantentzea gustatuko litzaieke.
Orexako Udalean, esate baterako, egun «euskara hutsez» funtzionatzen dute. Horregatik, udalean bertan euskara erabiltzerakoan ez dute inongo arazorik. Maiozen esanetan, arazo horiek beste instituzio batzuekin lanean hasten direnean aurkitzen dituzte.
Eskaerak, esan bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari helarazi dizkiote. Baina, eskaera «bereziki» Eusko Jaurlaritzari zuzendua dagoela dio Maiozek.
Izan ere, bere ustez Foru Aldundiak arlo honetan «aldaketa dezente» egin ditu azken urteetan, eta bere esanetan, euskara hutsez lan egiteko aukera eman digu».Hala ere, Gipuzkoako Foru Aldundiari ere eskaera hauek egitea beharrezkotzat jotzen du Maiozek, aurrera begira ere «pauso gehiago» ematen jarrai dezaten.
Gauzak honela, arlo honetan «gabezi gehien» Eusko Jaurlaritzak dituela uste du: «Askotan gauzak elebitan bidaltzen dituzte, eta gure lan egiteko modua ez da hori. Guk euskara hutsean izan nahi ditugu kontaktu guztiak». Zentzu horretan, idatzian baino ahozkoan izaten dituztela arazo gehien dio Maiozek: «Harreman pertsonaletarako arazoak egoten dira Jaurlaritzan».
Honegatik guztiagatik, Maiozen ustez «euskararen normalizaziorako eman beharreko pausoa da» eskaera hauekin eman dutena. UEMAko mankomunitatean txertatuta dauden udalek «barne mailan» euskara hutsez lan egiten dutela, eta «maila guztietan» horrela izatea nahi dute. Honela, orain egin dituzten eskaerekin, udalek euskara hutsez lan egiteko daukaten eskubidea «bermatzeko» eskatu diete instituzioei.
Aurrera begirako erronka
Orexako Udalean oraingoz behintzat ez dute egindako eskaeren inguruko erantzunik jaso. Maiozek badaki Foru Aldundira iritsi dela gutuna, Euskara zuzendariak honela adierazi dielako. Baina, oraingoz ez dute erantzun ofizialik jaso bi instituzioetatik.
Eskaera hauekin hizkuntzaren normalizazioari dagokionez, «pauso txiki bat» eman dutela dio Maiozen, baina benetako erronka «euskaraz lan egitea» dela uste du. Eta bide horretan, udalek zeregina badutela uste du: «Zenbat eta udal gehiago izan euskara hutsean lan egiten dugunak, gero eta errazagoa izango da maila guztietan euskara hutsean lan egitea».
Pauso txiki hauen bitartez Maiozek uste du udalak «egunez egun» euskara hutsez lan egin daitekeela erakusten ari direla,eta beste instituzioei «erraztasunak» ematea eskatzen diete, lan hori errazteko. Maiozek argi baitu, euskararen normalizaziorako bidean «garrantzitsua» dela administrazioak ere euskaraz funtzionatu ahal izatea.
Edonola ere, eskualdeko udal gehienak euskararen normalizazioan aurrerapausoak ematen ari direla ikus daiteke, eta aste hauetan bideratzen ari diren eskaerak bide horretan egiten diren pauso bezala ulertu behar dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!