Eskualdea Eskoziari begira jarriko da, bihar

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko irailaren 17a

Estatu independente izan edo ez erabakiko dute, bihar, 4 milioi eskoziarrek; Plaza Berrian pantaila erraldoi batetik jarraitu ahal izango da prozesua, eta Anoetan, Ibarran eta Tolosan elkarretaratzeak izango dira.

Ikasturtea indartsu hasi da, erabakitzeko eskubidearen inguruko jardunari dagokionez. Pasa den astean Herrialde Katalanetan izan zen Diada eta, haren bidetik, azaro hasieran erreferendumari begira daude. Horrekin batera, Eskozian bihar bertan izango da estatu independente izango diren edo ez erabakitzeko errefrenduma. Tolosaldean, zenbait alderdi politikok eta eragilek gertutik jarraituko dute mundu mailan erreferentzia izango den prozesua.

Tolosaldeako Gure Esku Dago mugimenduko kideek, ingurumari hori guztia ikusita, eta ekainaren 8ko giza-katea gogoan, "gogotsu" hasi dute ikasturte berria: "Guk ere tren horretara igo nahi dugu, Euskal Herriak bai baitu bagoi bat gorderik bertan". Horrela, aukera hori ez galtzeko, "Euskal Herriko biztanleriaren gehiengoak parte hartu behar du" egitasmoko kideen ustez.

Parte-hartzearen erakusgarri nagusia bozkatzea dela diote: "Baina hori ere ukatu nahi digute, gure erabakitzeko eskubidea ezerezean utziz". Espainiako Gobernuaren jarrera Erresuma Batuko agintari unionistenarekin alderatuz, Gure Esku Dago ekimenak eskoziarrak zoriondu nahi izan ditu: "Erabakitzen duzuena erabakita ere, zuek hautatuko duzue zer izan nahi duzuen". Halaber, kataluniarrak ere parte-hartzearen eredutzat jarri dituzte.

Gauzak horrela, eta "ilusio eta motibazio hori herritarrei helarazteko", festa antolatuko dute, bihar, Tolosako Plaza Berrian. Pantaila erraldoia jarriko dute Eskoziako prozesua zuzenean jarraitu ahal izateko, "erabakitzen dutena erabakitzen dutela, eskubide hori izate hutsa guretzat festa eta aldarria delako". Horrenbestez, 18:00etatik 20:00etara bitarte, herritarrei bertaratzeko deia egin diete.

Elkarretaratzeak ere bai

Euskal Herria Bilduk ere Eskoziako erreferendumari begira jarri nahi izan du eta, bide beretik, elkarretaratzeak antolatu dituzte Tolosaldeko hiru herritan; guztietan ere, Aurrera Eskozia! leloari jarraituko diote bertaratuek.

Lehena Anoetako plazan izango da, 19:00etan. Ordu erdi geroago, berriz, Ibarrako plazan nahiz Tolosako Trianguloan ere bilduko dira, erabakitzeko eskubidea aldarrikatuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!