Begoña Zubelzu: "Epaiketa egingo duten edo ez erabakiko dute ostiralean"

Asier Imaz 2014ko ira. 17a, 15:06

Ostiralean Egunkaria-ren aurkako epaiketa egin ala ez erabakiko dute Gipuzkoako Probintzia Auzitegian, atal ekonomikoa hizpide. Zortzi kide daude auzipeturik; horien artean, Alegiako Begoña Zubelzu. Bihar, 11:30ean, elkarretaratzea egingo dute Donostian.

Donostiako epaitegiaren aurrean, Atotxako Kalkutako Teresa plazan, elkarretaratzea deitu dute biharko, 11:30ean, Epaiketarik ez! lelopean.

Egunkaria-ren auzi ekonomikoan epaiketarik ez dadila egin eskatzeko izango da mobilizazioa. Juana Maria Unanue, Iñigo Suarez de Odriozola eta Maria del Carmen Bildarraz epaileek ostiralean aztertuko dute epaiketa egingo den ala ez.

Donostiako Zigor Auzitegiak, joan den ekainaren 4an, itxi egin zuen Egunkaria-ko auzi ekonomikoa, ustezko delituak preskribatutzat jota —diru laguntza publikoen iruzurra eta diru kontuen faltsutzea—, baina Gipuzkoako Fiskaltzak ekainaren 11n apelazio helegitea aurkeztu zuen, auzia preskribatuta ez dagoela iritzita. Defentsak helegitea inpugnatu zuen. Kasua Gipuzkoako Auzitegira pasatu zen, eta hango hirugarren sekzioko epaimahaiak aztertuko du epaiketa izango den.

Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu eta Begoña Zubelzu daude auzipetuta kasuan. Fiskaltzak zigor handiak eskatu ditu: denera, 128 urteko kartzelaldia eta 221 milioiko isuna.

2003ko urriaren 16an egin zuen operazioa Guardia Zibilak, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta. 2010eko maiatzean, Auzitegi Nazionalak Donostiako epaitegira igorri zuen auzia, Egunkaria-ren itxiera kasuko absoluzioaren ostean.

 

Egin klik irudian eta eman zure atxikimendua!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!