Internet eskura herriko plazetan bertan

Ataria 2014ko ira. 17a, 10:24

Irura eta Anoetako herriko plazetan Interneterako sarbidea doan dute herritarrek

Egunerokotasunean garrantzia handiagoa hartzen ari den tresna da Internet. Ordenagailuan nahiz smartphonean, mezuak jaso eta bidaltzeko, sare sozialak eguneratzeko edo kosturik gabeko deiak egiteko ezinbesteko tresna bilakatu da Internet. Sarea doan erabiltzeko aukera dute iruratar eta anoetarrek herriko plazatik bertatik.
Guifineti esker lortu da bi herrietan doako zerbitzu hau herritarrei eskaini ahal izatea. eta laster herrietako beste hainbat guneetan eskaintza beraz gozatu ahal izatea da udalen asmoa. Herritarrek ere Guifinet proiektuan parte hartzeko aukera dute nahi izanez gero eta etxean zerbitzu hau jartzeko ere bai.
Guifi.net askea, irekia eta neutrala den komunikazio taldea da. Talde honen jabeak bere erabiltzaileak dira, hau da, Guifinet sare hiritarra sortzen duten partikularrak, elkarteak, enpresak edota administrazioak dira zerbitzu hau posible egiten dutenak eta bere mantenuaz arduratzen direnak. Zerbitzu hau wifi bidez izango dute eskura herritarrek udaletxe aurreko plazetan. Hala ere, zerbitzua wifi bidez aurkitu ahal bada ere eskualdean, proiektuaren kostua ahalik eta merkeena izateko erabiltzen dute wifia. Tolosaldean proiektua kable bidez antolatuko balitz, kostu handiagoa izango luke sarea osatzeak eta honek proiektua herrikoia izatea eragotziko luke nahiz eta zuntz optikoak kalitatea hobea eskaintzen duen.
Sare telematiko bidez loturik daude Tolosaldeko herri gehienak dagoeneko eta ia-ia erabilgarri dago sarearen operazio gunearen faltan. Tolosaldea Garatzenen, Tolomendiren eta udalen laguntzari esker eskualdea sare honetan zehar zabaltzea posible izan da.
Herri txikienei onura dezente ekarri diezazkieke sistema honek eta herrien artean dagoen desoreka teknologikoa txikitzea ere bai. Honela, Internetaren abiadura hobetzea posible izango da eskualdean zehar abiadura txikiko Interneta duten herrietan.
Alegian, udaberritik erabilgarri
Anoeta eta Iruran bezalaxe, wifi bidez sarera konektatu daitezke Alegiako herritarrak udaletxe plazan. Doako zerbitzu hau Gipuzkoa Shareri esker dago eskuragarri Alegian ere eta herriko beste puntutara zabaltzea da asmoa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!