Nerea Perez eta Anjel Larrañaga, Kontxako garaile

Mikel Iraola 2014ko ira. 15a, 11:16

Nesken bigarren jardunaldia Zumaiak irabazi arren, Sanjuandarrek irabazi zuten bandera. Gizonezkoetan, berriz, Urdaibaik beste erakustaldi bat eman zuen. Entzun hemen eskualdeko arraunlari batzuen erreakzioak, tartean, bi irabazleenak.

Ez da sorpresarik izan Kontxan. Pasa den igandean abantaila hartu zuten San Juan eta Bermeok, eta aldeei eutsi ondoren, bandera preziatuena irabaztea lortu zuten.

Emakumezkoen kasuan Zumaiak irabazi zuen atzoko estropada, eta bi segundora geratu zen banderatik. Azkenean bigarren izan ziren zumaiarrak, Hibaika gaindituta. Gizonezkoetan, Urdaibaik bi igandeetako denboren baturan errekorra jarri du, bi erakustaldi emanda. Hondarribiak Kaikuren aurretik amaitzea lortu zuen, eta laugarren izan zen Orio.

Eskualdeko 14 arraunlarik hartu dute parte aurtengo edizioan. Horietako batzuren erreakzioak, jarraian:

Nerea Perez - San Juan: "Bandera astindu dugu, baina oraindik sinestu ezinik nago"

Nerea Perez tolosarrak 17 urterekin Kontxako Bandera irabaztea lortu du. Bigarren ontziburua da, eta nahiz eta bi igandeetan ez lehiatu, lurretik jarraitu behar izan du. Urduritasuna ere izan du, baina azkenean lortu dute: "Ezin dugu sinetsi, gauzarik hoberena da Kontxa irabaztea".

Ioana Alijostes - Zumaia: "Nahiz eta banderatik gertu geratu, pozik nago egindakoarekin"

 
Bigarren igandeko estropada irabazita "pozik" zen Ioana Alijostes. Banderatik bi segundora besterik ez ziren geratu, eta "pena" apur bat ere bazuen: "Pasa den igandean galdutako segundoez gogoratzen zara. Baina aurreko igandean aurkitu ez genuen arraunketa aurkitu dugu eta oso gustura gaude. Urtea horrela amaitzea oso ona da. Demostratu dugu egiteko gai ginela eta egin dugula". 

 

Oihane Iraola - Orio: "Disfrutatzera etorri gara, baina emaitzan inporta zigun"

Oihane Iraola lehen aldiz izan da Kontxan, bere taldea bezalaxe. "Disfrutatzea" zen helburu nagusia, emaitzei muzin egin gabe: "Denboraldia amaitu ahala, puntan ibili diren hiru taldeekiko aldea murrizten joan gara. Bigarren igandean denbora luzez mantendu dugu aldea, eta gustura gaude egindakoarekin".

Anjel Larrañaga - Bermeo: "Egindako bi estropadak borobilak izan dira"

Anjel Larrañaga ere oso pozik zen. Atzokoa "prudentzia" eguna zela aitortu zuen, baina egindako bi estropadak "borobilak" izan ziren bere hitzetan: "Arerioak gertu izan ditugu, baina nahi genuen estropada egin dugu. Honek zertxobait ahazten du pasa den urtekoa, aurten ere beldurra bagenuelako bigarren igandeari begira. Zorionez ondo atera da".

Jon Lizarralde - Hondarribia: "Ligako esfortzua nabaritu dela uste dut, baina gustura gaude"

Bigarren amaitu zuen Hondarribiak, nahiz eta bi estropadetan egindako denborak bandera eramatekoak izan. "Gure estropada egin dugu, gure maila eman, baina zaila zen. Ligan egindako esfortzua nabaritu da. Beraiek denbora asko zeramaten prestatzen. Hala ere, firmatuko nuke horrela egotea urtero". Datorren asteburuari begira dira orain hondarribiarrak, ligako azken bi estropadak jokatu behar baitituzte.

Endika Lopez - San Juan: "Helburua sartzea zen, eta bete dugu. Oso pozik nago"

Endika Lopezena ere lehen urtea zen Kontxan. "Sailkatzea zen helburua, eta ondoren San Juanek inoiz egin duen denbora hoberena lortzea zen. Josebak esan zigun gertu ibiliko ginela. Ez dugu lortu baina gure txanda irabazi dugu eta oso pozik gaude. Urtea ere borobila izaten ari da, entrenatzaileak konfidantza asko eman dit eta berari eskerrak eman beharrean naiz".

Julen Gorostiaga - "Pasa den astean aurkitu ez genituen sentsazioak berreskuratu ditugu"

Julen  Gorostiaga ere pozik zegoen, arrazoi bikoitzagatik: beraiek helburua beteta zeuden, eta bestalde, neskalagunak, emakumezkoen bandera irabazi zuen: "Neskaren anaia ere arraunlaria da eta hirurak bertan egotea saria zen dagoeneko. Irabazi egin dute neskek, beraz hori ospatu behar dugu".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!