«Herri bat osatzeko aukera inoiz baino gertuago dugu»

Maier Ugartemendia 2014ko ira. 14a, 11:00

Jokin Aranaldek hamabi urte egin ditu eskualdetik kanpo eta iheslarien kolektiboko mintzakide izan zen atxilotu zuten arte; orain, aske, etorkizuna itxaropenarekin ikusten du.

Hamabi urte ondoren itzuli da berriro Jokin Aranalde eskualdera. Azken bi urteak biziak izan dira berarentzat. Iheslarien Kolektiboko mintzakide zela aurkeztu zuten bake prozesuari egiten zioten ekarpena. Handik egun gutxitara atxilotu zuten lehen aldiz, eta uztailean bigarrenez bere aurkako euroagindua aplikatzeko asmoz. Hamahiru egun beranduago aske utzi zuten epaiketaren zain. Euskal Herrian eman diren aurrerapausoekin itxaropentsu dago Aranalde, baina «etorkizun aske bat» izateko «herriaren lana eta borroka» ezinbestekoa izango dela uste du.


2013ko ekainaren 15ean, Miarritzen Euskal Iheslarien Kolektiboak ekitaldi jendetsu bat egin zuen, konponbide prozesuari egiten zion ekarpena aurkezteko.  Nola bizi izan zenuen prozesu hura?
Prozesu luze bat izan zen. Borroka armatua geratua zen eta erabaki horren ondoren zalantzarik gabe egoera berri bat zabaltzen zen guztiontzako. Bi urte luze eztabaidatzen eta hausnartzen igaro genituen, prozesu hau azkeneraino eramateko zer ekarpen egin genezakeen erabakitzeko. Kolektibo bezala genituen beharrei buruz sakondu eta eztabaidatu behar izan genuen. Gainera, ardura handi bat genuen herri honen aitzinean eta horrela iheslari eta deportatuen kolektiboaren inguruko diagnostiko garrantzitsu batetara iritsi ginen. Horrekin lanean hasi ginen eragile sozial eta politikoekin, pertsonalitate kulturalekin... Baita iparraldeko eta hegoaldeko indar politikoekin ere. Horrela, Miarritzera iritsi ginen gure proposamena formalki aurkeztera. Miarritzeko ekitaldiak bi zati izan zituen. Goizean eragile sozial eta politikoei guk prozesuarekiko egiten genuen ekarpena aurkeztu genien, eta baita beraiekin eztabaidatu ere. Batzuei gogorra egin zitzaien kolektibo honek pairatu duen guztia entzutea eta izan duen historia ezagutzea. Ondoren herritarren aurrean egin genuen aurkezpena. Ekitaldi hark oihartzun handia izan zuen. Oso positiboa eta eraikitzailea izan zen.


Aurkezpenaren ondoren, ordea, zure atxiloketa etorri zen. Zer sentitu zenuen?
Aurreko asteetan Espainiako zenbait komunikabidetan zenbait iheslariren aurka kanpaina bortitz bat abiatu zen, bereziki nire aurka. Orduan, atxiloketa etorri zitekeela pentsatzen genuen. Nire ustez ez zen nire aurkako neurri bat izan. Nire aurka duela hamar urtetik zegoen euroagindua baliatu zuten gure aurka egiteko; nahiz eta urte hauetan nik bizitza erabat normalizatua egin dudan. Ekitaldi horretako ekarpena hain zen positiboa, irekia, eraikitzailea... Nolabait hori zikintzeko eta ezkutatzeko kolpe errepresibo bat eman zutela, eta hiru iheslari atxilotu gintuzten. Estatu espainiarraren eta frantsesaren artean antolatutako muntaia bat izan zen. Jada ohituak gaude herri honetan edozein gauza gertatzera. Ez da batere goxoa atxiloketa, euroagindua eta espetxeratzeko arriskua bizitzea, baina, egia esan, nik ez nuen etsipenik sentitu. Pentsatu nuen: orain niri tokatu zait, eta hortaz, bere ondorio guztiekin onartzen dut.
Nire aurkako epaiketan nire aurka zer proba jarri zituzten ikustean, guztia fartsa bat izan zela ikusita, ez onartzea eta ezkutatzea erabaki nuen. Desadostasuna agertzea eta intsumiso egitea erabaki horren aurrean. Horrela zortzi edo bederatzi hilabetez egon nintzen, eta gero, berriro ere bizitza normala egiten hasi nintzen, Baionan. Hendaian beste etxe bat bilatzen ari ginela atxilotu ninduten. Ordurako ni bizitza normala egiten ari nintzen.


Orduan, 2014ko uztailaren 17an bigarrenez atxilotu zintuzten. Zer-nolako atxiloketa izan zen?
Lagun baten etxera joan ginen bazkaltzera. Atxilotu baino hilabete lehenago ospitalean egon nintzen, eta mediku batek nire gaixotasunaren inguruko ikuspegia ematea nahi nuen. Handik Baionara nihoala, bidean, poliziak euroaginduetarako duten protokoloa aplikatuz atxiloketa bortitz bat pairatu nuen. Handik Baionara eraman ninduten, eta orduan jada tratu zuzena jaso nuen. Frantsesek Behobian utzi ninduten, eta espainolek Donostiara lehenik eta gero Madrilera eraman ninduten. Atxilotutakoan automatikoki esan zidaten Espainiaratua izango nintzela. Banekien atxiloketa egonez gero euroagindua aplikatuko zela. Nire akusazioen inguruan muntatu zutenak ez zuen oinarri sendorik; hortaz, gerta zitekeen epaileak aske uztea edo izan zitekeen Andaluziako espetxe batean sartzea.


Urte askoren ondoren berriro ere espetxera itzuli zinen...
Soto del Real espetxean sartu ninduten eta 75.1 artikulua aplikatu zidaten, isolamendu osoa. Ni aspaldi kartzeletan egona nintzen, eta oraingo espetxeak beste mundu bat dira. Lehengo espetxeetan sentsazio askeagoa zenuen, patioak handiagoak ziren, dena sinpleagoa zen... Orain dena kontrolpean dago, espetxean bertan fitxa desberdinak egiten dizkizute, ziega leiho txiki bat duzu eta pareta handi bat beste aldean. Dena automatizatua da eta mikrofono bidez hitz egiten dizute. Ez duzu inorekin harremanik izaten. Egun gutxi egin nituen baina jada senti dezakezu zer izan daitekeen hori. Nik ziegan banuen dutxa, komuna eta ohea. Nire galerian hamar ziega zeuden, eta hamar horietako inor ez nuen ikusten; patiora ateratakoan ere beste galerietako pertsonekin ateratzen gintuzten, gehienez bost pertsona batera. Patioak oso txikiak dira, gure kasuan 20 metro luze eta 10 metro zabal, eta goran sarea zuen. Hiru orduko patioa izaten genuen goizean edo arratsaldean. Baina, ez zenekien noiz aterako zintuzten. Hasieran beste euskal preso politiko bat ere bazen espetxean, eta berarekin patiora atera nindutenean berak azaldu zidan burokrazia nolakoa zen, gauza bakoitzarentzat instantziak nola egiten ziren. Behin informatuta, kokatzen zara, eta alde horretatik oso ondo. Zeren bakarrik bazaude erabat galduta geratzen zara. Instantzia bat gaizki egiten baduzu, esate baterako, egunak pasatzen dituzu behar duzuna izan gabe. Kidearekin patioan pasatako orduak zoragarriak izan ziren, ahaztezinak. Bederatzigarren egunean beste euskal preso bat ekarri zuten, eta harekin beste bi egunetan egon nintzen.


Bizi baldintza horietan, zerk laguntzen du espetxean aurrera egiten?
Kolektiboaren batasuna eta elkartasuna oso garrantzitsua da. Bai barnekoa eta baita kanpotik familiarena eta lagunena ere. Hori horrela ez balitz ezinezkoa litzateke euskal presoek espetxeetan hainbeste urtetan jasaten dituzten bizibaldintzak horrelako duintasunarekin jasatea. Presoak hainbeste urte espetxean pasata ere pertsona bezala zeinen ondo ateratzen diren ikustea harrigarria da. Asko gainera formazio politiko eta kultural handi batekin ateratzen dira. Eta barnean berdin. Barneko loturak, sentimendua, laguntasuna eta elkartasuna azken muturrerainokoak dira. Niri Soton zegoen euskal presoak behar nuen guztia eman zidan. Komunikazioa gutunen bidez ere egiten da, presoak gutunez asko komunikatzen dira. Hor dago gure indarra, horrek bakarrik jasanarazten dizu kartzela-sistema, benetan bortitza baita. Frankismoaren garaian ez genuen prentsa askatasunik, baina barruan ia denak elkarrekin egoten ginen. Baldintzak askoz hobeak ziren. Espetxeak zaharragoak ziren, baina ez zegoen isolamendurik. Orain gehienez bi edo hiru preso ikusiko dituzu, eta agian bisitetan besteren bat ikusteko aukera duzu; nahiz eta hor ere bakarka eramaten zaituzten. Dena sistematizatua dago zu pertsona bezala suntsitzeko eta ezeztatzeko. Horretarako eginak dira espetxeak eta horrela da bereziki euskal preso politikoekin.


Eta espetxeetan herriaren babesa sentitzen al da?
Bai, izugarri sentitzen duzu. Senideek eta lagunek dena kontatzen dizute. Gu herri honen parte gara eta isolamenduak asko mugatzen duen arren, eta ordularia geldituko balitz bezala den, zuk herriak bizi duena sentitzen duzu: eztabaida politikoak, arazo politiko-sozialak, nola bizi den jendea... Mila kilometrora zaude, baina, maila batean, herrian biziko bazina bezala da.


Hamahiru egunetara ustekabean iritsi zitzaizun askatasuna. Nola hartu zenuen albistea?
18:50etan deitu nuen etxera, berriro ziegara sartu eta hamar minutu igarotzerako funtzionario bat eta epaitegiko ordezkari bat etorri zitzaizkidan aske geratzen nintzela esanez. Etxera deitzen utzi zidaten. Esan zidaten ordu pare bat pasako zirela ateratzerako eta hogei minututan kalean nintzen. Telefonoa eskatu nuen berriro familiari abisatu ahal izateko kalean nengoela eta erdi bidera edo joan nintekeela esateko, baina ezetz erantzun zidaten, kalean bazela telefono publiko bat. Kaleko telefonoak ez zuen egiten eta hiru ordu eta erdi egin nituen paseatzen espetxearen aurrean. Albisteak ustekabean harrapatu ninduen, zeren behin espetxeratuz gero denbora bat egongo nintzela uste nuen. Pentsatzen nuen azkenean bermea ordainduta aterako nintzela, baina, justizia hain arbitrarioa da, edozein gauza espero zenezakeela. Nire kasuan, bestalde, Iparraldean eta estatu frantsesean asko mugitu dira. Politikoak, eragile sozialak, sindikalak eta pertsonalitate ezberdinak asko mugitu dira, eta Paris presionatu dute. Nire osasuna ere asko okertu zen eta Baionako ospitaleak txosten sendo bat egin zuen. Presio asko egon da eta horrek lagundu duela pentsatzen dut. Aurretik eragileekin egindako lanak zerikusia handia izan du, bestela ziur oraindik espetxean izango nintzela.


Behin aterata zein egoeratan aurkitzen zara orain?
Epaiketaren zain gelditu naiz eta astero epailearen aurrean sinatu behar dut. Ezin dut estatu espainiarretik atera eta alaba Frantziako Poitiers-Vivonne espetxean daukat. Horregatik, baimena eskatu diot epaileari alaba ikustera joateko. Ez dakit emango didaten ala ez, erabaki arbitrarioa da. Badut gogoa bera ikusteko; urtebete daramat ikusi gabe, telefonoz hitz egiten dut, baina luze egiten da.


Nola bizi izan du berak egoera hau hainbeste kilometrotara?
Berarentzako ere egoera hau bizitzea gogorra izan dela uste dut, ez nire atxiloketagatik bakarrik, baita amarentzako pisua handia zelako ere. Orain lasaitasun handia hartu du.


Askatasuna berreskuratu ostean, hamabi urte eta gero herrira itzuli zinen. Nolako izan zen lehen harrera hura?
Dena hain azkar izan zen: atxiloketa, Madrilera eraman, espetxean sartu... Zure bizitza momentu batetik bestera hainbeste aldatzen da oso une hunkigarriak bizi izan nituela. Agian ohituta gaude, urte luzeak direlako eta asko bizi izan dugulako, baina, hala ere, oso hunkigarria izan zen. Aurrena emaztearen amarengana joan ginen eta handik Ibarrako plazara eta etengabe jendea besarkatzen aritu nintzen. Orain pixkana egokitzen ari gara. Momentuak pixka bat gogorrak egiten zaizkizu, sentimendu asko etortzen zaizkizulako eta emozioei eustea ez delako erraza egiten.


Nola aurkitu duzu herria?
Ez nuen behin ere pentsatuko Gaztelura bizitzera itzuliko nintzenik. Banekien egunen batean etortzen banintzen, hona etorriko nintzela. Gaztelun jaio nintzen, nahiz 40 urtetan Ibarran bizi izan naizen. Oso leku polita eta lasaia da, eta niri oso ondo etortzen zait une honetan lasaitasuna. Ibarran aldaketatxo batzuk ikusi ditut, ez hainbeste baina batzuk badaude. Batez ere aldaketak jendean ikusi ditut. Nik Ibarrako ikastolan egin nuen lan eta orduan umeak zirenak, orain gazteak dira, edo gazteak zirenak, umeekin eta ezkonduta daude orain.


Ibarrako festetan suziria botatzea egokitu zitzaizun. Nola bizi izan zenuen hori?
Ez nuen imajinatu ere egiten. Iheslari izandako Iñigo Zapirain eta bioi suziria bota behar genuela esan ziguten eta ezusteko handi bat izan zen; ez nuen behin ere pentsatuko bertan egongo ginela suziria botatzen, eta bestalde polita da errekonozimendu bat ere badelako, zuk ere zure partea jarri baituzu herri honen alde. Oso polita da. Gaztelun ere omenaldi txiki bat egin zidaten, elkartean afari bat egin genuen.


Bake prozesua geldirik dagoela aipatzen da etengabe. Zuk nola bizi duzu egun Euskal Herrian bizi den une politikoa?
Euskal Herri osoan aldaketa handia ikusten dut. Nik alde egin nuenean errepresio itogarria zegoen. Orain egoera berri bat ematen da eta egoera horretan, beste baldintza batzuk daude lan egiteko eta borrokatzeko. Bestalde, aurrerapauso handiak eman direla ikusten dut. Hala ere, jendea kokatu ezinik aurkitzen dut. Lanerako gure helburuek eta beharrek hor jarraitzen dute. Jendeak gauzak azkarrago joango zirenaren itxaropena zuen, eta hori ez da horrela eta ez da izango. Prozesua luzea izango dela eta asko borrokatu beharko dela uste dut. Alde horretatik, jendeak kezka adierazten du eta hor ikusten da jendeak badakiela bi estatuen aldetik ez dagoela aurrera egiteko borondaterik. Egoera horretan aukera bakarra du herri honek: presionatzen eta borrokatzen jarraitzea bere burujabetza lortu arte eta burujabetza lortzean lortuko da konponbide osoa. Horrek ez du esan nahi presoak ateratzen joan behar ez dutenik, iheslariak itzultzen joan behar ez dutenik... Azken batean, herri honek presionatzen duenaren eta mobilizatzen denaren arabera joango dira gauzak etortzen. Eurek sufrimenduarekin jokatu nahi dute, sufrimenduak min asko eragiten du eta minak pazientzia galarazten du, batzuetan etsipena eta gorrotoa batera sortzen dituelako. Horrek askotan ez du uzten gauzak behar bezala egiten. Beraiek gu oso ondo aztertzen gaituzte, nola min egin, nola zatitu, nola nahasmena sortu... Tristea da, baina horrela jarraituko dute, herri hau ito nahi dute. Horrela izan zen frankismoaren garaian ere. Dena erre eta txikitu zuten eta uste zuten Euskal Herriarekin amaitu zutela. Baina, ez zen horrela izan. Gernikako errautsetatik berpiztu egin da. Orain egoera berdina da. Erregimena pusketatan erortzen ari da eta Katalunian edo Euskal Herrian aldaketaren bat egiten badute horretara bideratuta egongo da. Horren aurrean lan asko egin beharko dugu, adimen askorekin. Herri honen eskuetan dago. Bultzatzen duenaren eta lan egiten duenarenaren arabera irabaziko du. Nik uste dut baldintza oso onak ditugula. Herri honetan herri bat izateko maila guztietan kontzientzia handia dago. Baina, jendeak aktibatu behar du. Espainiaren eta Frantziaren jabe herri bat izatea ezinezkoa dela jakitea ez da nahikoa. Hor bultza egin behar da eta sentsibilitate ezberdinetako jendeak bildu behar du. Bestela atzetik datozen belaunaldiek arazo berdinarekin egingo dute topo. Eta Iheslarien Kolektiboak egindako ekarpenean zerbait argi utzi bagenuen hori izan zen: gertatutakoa ez errepikatzea dela gure helburu.


Arazo politiko bat konpondu behar dela uste duzu, orduan.
Sakonean dagoen arazo politikoa konpontzen ez bada behin eta berriro errepikatuko da gauza bera. Amnistiaren legea egin zen, presoak espetxeetatik atera ziren, baina bi egunetara presoak espetxera sartzen ari ziren. Indar politiko frankistak bete-betean zeudela, beste indar batzuekin konponketa bat egin zen, ordura artekoa ezabatu eta berriro hasteko. Baina, horrek eragin ditu ondorengo arazo guzti horiek. Espainiako erregimena erortzen ari da, eta hori horren ondorioa da. Euskal Herriak ere izateko eta desagertzeko aukera handiak ditu. Espainiak eta Frantziak herri izatea oztopatu nahi dute. Gainera, badakite Euskal Herriak bere buruaren jabe izatea lortzen badu herri aurrerakoia izango dela, bai kulturalki, bai politikoki, bai sozialki... Europan jende askok begiratuko dion izartxo bat izango da. Horregatik, hori oztopatu nahi dute leku guztietatik. Guk alde guztietatik zailtasunak ditugu, herri txiki bat gara, baina ikusi da gure gazte garaitik hona herriak duen kontzientzia maila beste bat dela. Gure garaian Euskal Herrian ez zen deus; adibidez, mundu guztiak burla egiten zizun espainiarrez gaizki hitz egiten bazenuen eta herri txikietan ere gazte jendeak nahiago zuen gazteleraz hitz egin. Maila horretaraino iritsi ginen. Gaur herriak duen kontzientzia politiko eta kulturala ez zenuen imajinatu ere egiten. Herri baten askatasunarekin amesten genuen, baina ez du zerikusirik orduko Euskal Herriak eta oraingoak. Beraz, nik uste dut aurrerapenak ikaragarriak direla. Urte luzeetako zapalkuntza jasan duen herria berpiztea luzea izango da, baina nik uste dut herri bat osatzeko aukera inoiz baino gertuago dugula.


Hortaz, etorkizuna positiboki ikusten duzu?
Nik bai. Uste dut herri honek indar handia duela, bizi nahi handia duela eta kontzientzia duela. Etorkizuna zaila ikusten dut, baina positiboa zalantzarik gabe. Herri honek ez du inoiz izan horrelako indarrik. Belaunaldiei iruzur asko egiten zaie, esaten denean trantsizio garaian bazirela aukerak Euskal Herri independente bat izateko; ez zen baldintzarik, ez zen indarrik. Herriak ez zuen gaur egun duen kontzientzia inondik inora. Frankismoa eta erregimena botatzeko bai zuen indarra, egoera itogarria zelako. Baina, herria osatzeko ez. Egia da bereziki sufritu araziko dietela presoei, iheslariei eta deportatuei. Adierazpen askatasunari dagokionez ere beti mugan gaude; ezin duzu nahi duzuna esan beti nahiko zenukeen askatasunarekin eta garbitasunarekin. Probokazioa sistematikoa izango da eta zuk ezin dituzu gauza guztiak garbi esan, garbi hitz egin. Beti joko bikoitz batean ibili beharko duzu.

Militantziari lotuta, aske izateko

Jokin Aranalde Gaztelun jaio zen, 1946an, gerra ondoren. Hala ere, gerran gertatu zenaren informaziorik ez zutela dio: «Desinformazioa ikaragarria zen».


Gazte garaiak ere «itogarriak» izan ziren. Hala ere, gauzak egiteko gogoz sentitzen ziren, eta orduko gazteak «elizaren inguruan» mugitzen hasi ziren, Herri Gazteria ziren. Gazte mugimendua «poliki-poliki» mugitzen hasi zen. Eskola sozialak eta eztabaidak antolatzen zituzten, izan ere, orduan inguru hauetan «apaiz aurrerakoiak» zeudela du gogoan: «Seminarioetan ere sekulako mugimendua eman zen». Hala ere, oraindik «herri batean abertzaleak aurkitzea ia ezinezkoa» zen.


Aurrerago ere garai gogorrak bizi izan zituzten: «Zapalkuntza handia zen». Baina «herri kontzientzia» sortua zen eta «aurrera egin beharra» sentitzen zuten. Aranalderen ustez, kontzientzia «berpizteak» eragin zuen Euskadi Ta Askatasunaren sorrerak. Aranalderi 1965. urte inguruan piztu zitzaion kontzientzia: «Justiziaren eta askatasunaren kontzientzia gazte gaztetatik nuen. Gauza batzuk sufritzen dituzu eta horri aurre egiten hasten zara. Antolatzen eta borrokatzen hasi ginen».


Ondoren atxiloketak etorri ziren: «1967an atxilotu ninduten, torturatua izan nintzen, hilabete eta erdi espetxean pasa eta bermepean atera nintzen kalera. 1968an soldaduskan nintzen eta berriro atxilotua izan nintzen, lehenik Guardia Zibilaren eta gero polizia nazionalaren eskuetan. Orduan hamabost egun Martutenen egin nituen eta soldaduskara itzuli ninduten. 1970ean kondenatu ninduten, eta 1970etik 1972ra Jaengo espetxe zaharrean egon nintzen». 1970ean, Burgoseko prozesuan sei presoei heriotza zigorra aplikatu zieten, eta mugimendua areagotzen joan zen: «Lehenengo aldiz gose greba egin genuen protesta moduan. Azpitik zegoen nahia mugitu zen, jendea kalera atera zen... Jendeak protesta egin zuen maila guztietan». Orokorrean mugimendu «handia» izan zen.


Aranaldek urte askoan militantzia politikoan jarraitu zuen, eta 2002an berriro atxilotua eta torturatua izan zen. Ez zen lehen aldia, ordea: «Nik ikusi ez nuen torturatzaile batek galdetu zidan frankismoan torturatua izan nintzela eta nola ikusten nuen orduko tortura eta oraingoa. Oraingoak bortitzagoak izan zirela esan, eta berak: no ves como avanza la democracia».


Hilabete batzuk beranduago Iparraldera ihes egin zuen, eta horretarako arrazoietako bat hain zuzen ere torturetatik berriro pasa nahi ez izatea da: «Torturatik hiru aldiz pasatzea ez da erraza. Torturatua izan nintzenean, berriro handik pasako nintzela esan zidaten. Hitz horiek ez nituen burutik kentzen egun eta gau. Iparraldean banekien torturatzeko arriskurik ez nuela eta horrek asko lasaitu ninduen. Niretzat ez zen jasangarria egoera horretan bizitzea». Aranalderen hitzetan «errepresiorik bortitzena tortura da».


Azkenik, 2013ko ekainean eta 2014ko uztailaren 17an ere atxilotua izan da. Orain epaiketaren zain, behin-behineko askatasunean aurkitzen da.


Honetaz guztiaz gain, Aranaldek argi du: «Niretzat borroka politikoa eta soziala bizitzaren parte bat da. Ez dut nire burua herri baten askatasunaren eta justiziaren alde lan egin gabe ikusten». Militantziak «askatasuna» eman diola dio, «askeagoa» egin duela, eta hori baino gauza «ederragorik» ez dagoela. Horrez gain, militantziak «balore asko» ere eman dizkiola dio.


Aurrera begira, «nik Euskal Herriaren etorkizuna sendotasun eta itxaropen handiarekin ikusten dut. Ezker abertzalea orokorrean indartsu ikusten dut».

 

«Iheslarien egoera konponbide prozesuan egon behar duen gaia da»

Jokin Aranalde Iheslarien Kolektiboko mintzakidea zen 2013ko ekainean atxilotu zutenean, eta egun batzuk lehenago aurkeztu zuen Miarritzen kolektiboak bake prozesuari egiten zion ekarpena. Egoera politiko berri batean aurkitzen ziren: «Borroka armatuak eragin handia izan du Euskal Herrian. Hori gelditzean automatikoki baldintza guztiz desberdinak sortu ziren. Baldintza politiko erabat desberdinak ziren, eta egoera horretan guk egin beharreko aportazioa eta eginbeharra erabat aldatzen zen».


Miarritzeko ekarpena hausnarketa eta eztabaida sakon baten ondorio izan zen:  «Gure egia herri honek jakin behar zuela ikusten genuen eta hori herri honen ondasuna zela eta izan behar zuela. Beste sektoreek sufritu duten bezala, gureak ere parte izan behar zuela. Benetako kontakizuna eta egia jakin behar zela, eta hori zen elementu garrantzitsu bat guk planteatzen genuen bideorrian».


 Bide luze bat abiatu zuten. Iheslari bakoitzak bizi duen egoera oso desberdina da: «Miarritzeko ekitaldia egin genuen, eta iheslariek itzultzen joateko erabakia hartu zuten. Pasaportea zuten iheslariak euren herrietara itzuli ziren. Itzuli ziren gehienak Iparraldean bizi zirenak baziren ere, mundu guztitik itzuli ziren. Iheslarien %60-70a oraindik ez dira itzuli. Munduan zehar, kontinente ezberdinetan, kondizio oso txarretan daude oraindik asko. Batzuk badira egoera normalizatuan bizi direnak, baina ia kontinente guztietan badira iheslariak».


«Urrats batzuk» eman direla dio, baina aurrera begira «beste urrats asko» eman behar direla azaldu du: «Momentu honetan estatuek ez dute borondaterik, baina borondate horren gainetik urrats asko eman daitezke. Hori dena garatzen joango da era batean edo bestean».
Berriro herritik inork inoiz ez ihes egin behar izatea dute helburu: «Gure helburua hau gehiago ez gertatzeko baldintzak sortzea da. Horretarako bidea gure herria bere jabe izatea da. Hori da baldintza bakarra pasatako egoera datozen belaunaldiek berriro ez pasatzeko. Horretarako ihesera joateko arrazoi politikoak eta zergatiak mahai gainean egotea beharrezkoa da. Horrek arazo politiko sakon batera garamatza eta hori da konpondu behar dena, bestela belaunaldi berriak egoera berdinean aurkituko dira. Arazoa herriarena da».


Iheslariek egindako bide honi esker, kolektibo honen arazoa mahai gainean jartzea lortu dela uste du Aranaldek: «Iheslari asko normal bizi ginen baina beste asko ez. Kolektiboaren inguruan ez zegoen behar adina informazio, problematika ez zen ezagutzen. Gaur egun mahai gainean dago kolektiboaren problematika, eta hemendik aurrera nazioarteko agendan eta konponbide prozesuan egon behar duen gai bat da. Asko gelditzen da jendeak gertatu dena ezagutzeko, sufritu eta bizi dutena eta bizi izan dutena ezagutzeko. Eta aurrera begira ere lana egingo da ezagutarazteko eta mahai gainean egoteko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!