Lan-eskaintzak eskariekin uztartzeko plaza, Lehiberrin

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko ira. 11a, 15:42

Gaur goizean hasi da Enplegune, Lehiberrin; 40 enpresa pribatuk ia 60 lanpostu eskainiko dituzte.

Bi egun, 40 enpresa eta ia 60 lan eskaintza. Enplegune izenburupean, Tolosaldeko lehen enplegu azoka ospatzen ari dira, Lehiberri zentroan. Tolosaldeko enpresei eta langabetuei begirako proiektua da, eta 3.450 izen-emateren artean galbahea pasatu behar izan dute Lanbideko arduradunek.

Tolosako Udalak eta Tolosaldea Garatzenek elkarlanean abiarazitako proiektua da, eta Lanbideren diru laguntzari esker, Tolosaldeko lehen Enplegunea Eskualdeko Enplegu Programaren barruko proiektuetako bat da. Aipaturiko erakundeekin batera, gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ere jaso du egitasmoak.

Horrela, aurkezpen ekitaldian erakunde guztietako ordezkariak izan dira, eta Pedro Iturbe foru aldundiko Lurralde Garapeneko zuzendariak eta Ibai Iriarte Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak hartu dute hitza.
Biak ala biak bat etorri dira Enplegunearen moduko egitasmoak «oso pozgarriak» direla azpimarratzerakoan: «Horrelako berriak ez ditugu egunero entzuten eta, foru aldundiak eskualdeen egunerokoan eragiteko lanean jarraituko du», azaldu du Iturbek.


Ibai Iriartek, bere aldetik, eragile publikoen elkarlanak lanpostu pribatuak sortu izana nabarmendu du, horixe baita, hain zuzen, Tolosaldeko lehen Enpleguneko bereizgarria. Lanbideko diru laguntzak eskualdeko 28 udalei kontratazioak egiteko aukera eskaintzen dien arren, finantziazio hori enpresa pribatuetara bideratzea erabaki dute udal ordezkariek: «Horrela, lanpostuek jarraikortasuna izatea lortu nahi dugu», dio Iriartek. Lanaldi osoko nahiz partzialeko kontratuak irailaren 15etik aurrera egin beharko dituzte, eta apirilaren 30era bitarte luzatzeko aukera izango dute.

Arazoa konpontzeko tresna bat
Tolosaldean langabezia %14koa da eta, beraz, 3.300 herritar daude egoera horretan. Enplegune programaren berri eman ondoren, guztira, 3.450 izen-emate jaso zituzten arduradunek. Azken egunotako azokarako, ordea, galbahea pasatu eta enpresen eskakizunekin bat datozen profilak aukeratu dituzte elkarrizketetarako.

Lan eskaintzak egin dituzten enpresen artean aniztasuna nagusi bada ere, lanpostuen erdiak industriaren esparrukoak dira, eta, hain zuzen, bigarren sektorea eskualdeko motortzat dute ordezkari politikoek: «Proiektu hau tresna bat besterik ez da langabeziaren arazo honi konponbide bat emateko, eta beste batzuk ere erabili beharko ditugu. Aurrera begira lanean jarraituko dugu, beraz» dio Iriartek.

Enpresetako arduradunak, beren aldetik, «gustura» azaldu diraEnpleguneren irekieran. Lana erraztu dietela diote, eta beren beharretara oso ondo egokitzen diren hautagaiak ezagutzeko aukera izan dutela. Gaur, 21:00ak bitarte zabalik izango da Lehiberri zentroko Enplegune azoka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!