Udako eguraldi txarra, museoen alde

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko ira. 9a, 20:25

Uztailean eta abuztuan bisitari kopuruak iazko bertsuak izan dira eskualdean; landetxe eta hoteletako okupazioa, igo egin da.

Eguraldi goibela nagusi izan da udako hizketaldi ia gehienetan, baina, xirimiriak mesede egin dio Tolosaldeari, uztaileko eta abuztuko turismo datuei begiratuz gero, behintzat. Izan ere, iaztik hona mantendu egin da Tolosaldeko bi turismo bulegoetara jo duten bisitarien kopurua, Tolosaldea Tour-ek nabarmendu duenez.

Eguzkiaz gozatu ezin denean, barnealdeko planak izaten dira hautatuenak eta, are gehiago, estalperen bat dutenak. Horrela, eguraldiak mesede egin die, aurten, Tolosaldeko museoei. Topic zentroak %23ko igoera izan du bisitetan eta, guztira, 3.460 pertsona sartu dira txotxongiloak ikustera. Bide beretik, Gorrotxategi museoa 1.099 turistek bisitatu dute, %19ko igoera osatuz. Azkenik, Larraulgo Ekomuseoak ere harrera ona izan duela azaldu dute turismo adituek.

Kontrako aldean, aire librean egiteko prestatutako egitasmo eta jardueren beherakada izan dute aurtengo udan, eguraldiagatik, eta Txindokiko Itzalak iaz baino bisitari gutxiago jaso ditu uztailean eta abuztuan.

Goi denboraldia teknologia berrien baliabideak aurkeztuz hasi zuten Tolosaldea Tour-eko arduradunek, izan ere, beren webgunea smartphonetarako egokitu dute aurten: «Uda amaieran, gure apustuak erantzun ezin hobea izan duela ikusi dugu». Eta halaxe izan da, www.tolosaldea.net atariak 5.687 bisita izan baititu, iaz baino 2.798 gehiago. Horren harira, smartphonetatik jasotako bisitak hirukoiztu egin dira 2014ko udan, eta 1.601 izan dira.

Eskualdeak teknologia berrienetan piztutako interesa ostalaritzan ere islatu da, eta zorioneko dira landetxe, nekazalturismo nahiz hoteletako arduradunak, izan ere, okupazioa nabarmen igo da aurtengo uztailean eta abuztuan. Batez besteko okupazioa %77koa izan da abuztuan landetxeetan eta, beraz, 15 puntuz igo da 2013ko datuekin alderatuta.

Eskualdeko hotelen kasuan, aldiz, goi denboraldian %69ko okupazioa izan dutela azaldu du Tolosaldea Tour-ek.

Kataluniarrak, bisitari kuttun
Urteroko moduan, Herrialde Katalanetatik bertaratutako turistak izan dira, aurten ere, nabarmenenak; bisitarien %19a osatu dute ia; Herrialde Katalanen barruan, gainera, valentziarrak nabarmen igo dira aurten, bisitarien artean. Bide beretik, madrildarrek ere oso gustuko dute Euskal Herria bisitatzea, datuek berretsi dutenez.

Europako beste herrialdeetatik etorritako turistei dagokienez, berriz, «urteroko datuak errepikatu dira aurten», Tolosaldea Tour-eko Olatz Illarregik azaldu duenez. Modu horretan, Frantziako bisitariak izan dira gehienak, eta Erresuma Batuko turistak ere asko bertaratu dira eskualdera. Azkenik, aurten datu berria izan da turista italiarrek eskaini dutena. Izan ere, orain arte ez dira hain bisitari ohikoak izan, baina, Loiuko aireportuak Italiarekin ezarri berri dituen loturak direla eta, hirugarren postuan jarri dira zerrenda horretan.

Lau bretoi Tolosako parking batean

Tolosaldeko Atariaren egoitzaren ondoko parking-ean, Bretainiatik etorritako bi bikotek arratsaldea patsadan igaro zuten. Bi autokarabanen artean txokoa egin, eta Bonberenea parean zutela, gaua igarotzeko prestatu ziren. Egin beharreko lanak eginda, bizitzaren oporraldian, Tolosa ezagutzea erabaki zutela esan zioten Ataria-ri lau bretoiek. Albistea noiz aterako zen ere galdetu zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!