8.000 ikasle baino gehiago eskualdeko ikastetxeetan

Erabiltzailearen aurpegia Igor Agirre 2014ko ira. 9a, 11:16

Udako oporraldiaren ostean, aurreko ikasturtearekin alderatuz 140 ikasle gehiago ariko dira 2014-2015 ikasturtera begira eskualdeko ikastetxeetan.

Atzo hasi zuten ikasturtea Tolosaldeko ikasleek udako oporraldia eta gero. Ondo merezitako deskantsuaren ondoren, ikasturte berriari ekin diote eskualdeko ikasle guztiek, nahiz eta herriko festen ondorioz, Alkizako eta Lizartzako ikasleek jai eguna izan zuten atzo. Zizurkilen ere, bertako festen azken eguna ospatzeko, gaur ez dute klaserik izango Pedro Mari Otaño herri eskolakoek.

Zentroetako irakasleak pasa den astean hasi ziren ikasturtea prestatzen eta guztira 140 ikasle gehiago izango dira aurtengoan eskualdeko ikastetxeetan. 8.051 haur eta gazte matrikulatu dira Tolosaldean haur hezkuntzan, lehen hezkuntzan, bigarren hezkuntzan eta batxilergoan 2014-2015 ikasturterako.

Ohiko funtzionamendua

Aurtengo ikasturtean martxan jartzekoa bada ere LOMCE legea, ez da aldaketa garrantzitsurik egin momentuz eskualdeko ikastetxeetan. Bidania-Goiatzeko Txinkorta eskolako zuzendari den Saioa Urdangarinek Ataria irratian esandakoaren arabera, urteroko antolaketa berdina egin dute ikasturteari begira.

Ibarrako Uzturpe Ikastolako Iker Gibelalde zuzendariak estreinako ikasturtea du ikastolako zuzendari moduan. Atzo eguerdian Ataria irratian egindako elkarrizketan, hezkuntzaren lege berriak Uzturpe Ikastolako ohiko funtzionamenduan eragin handirik ez duela azpimarratu zuen. Ikasturte bukaerako espedienteetan nabarituko da bereziki lege horren eragina. Gainerakoan, Ibarrako ikastolaren funtzionamendua, orokorrean, berdina izango dela azaldu zuen Gibelaldek.

Materiala, oraingoz behintzat, ez dute aldatu beharrik izan, eta materien eskola orduak mantendu egin dituzte. Honenbestez, legeak kurtso honetan zehar ekarri ditzakeen aldaketak ikusteko daude oraindik.

MATRIKULAZIOA IKASTETXEETAN

Abaltzisketa.
30 ikasle.

Aduna. 57 ikasle.

Albiztur. 35 ikasle.

Alegia.

· Aralar Institutua: 172 ikasle.

· San Juan Ikastetxea: 249 ikasle.

Alkiza. 61 ikasle.

Altzo. 57 ikasle.

Amezketa. 132 ikasle.

Anoeta. 342 ikasle.

Asteasu. 257 ikasle.

Berastegi. 123 ikasle.

Berrobi. 71 ikasle.

Bidania-Goiatz. 51 ikasle.

Ibarra. 480 ikasle.

Ikaztegieta. 66 ikasle.

Irura. 231 ikasle.

Larraul. 27 ikasle.

Lizartza. 81 ikasle.

Tolosa.

· Hirukide Ikastetxea: 1.232 ikasle.

· Laskorain Ikastola: 1.550 ikasle.

· Orixe institutua: 648 ikasle.

· Samaniego eskola: 650 ikasle.

Villabona.

·Erniobea Institutua: 282 ikasle.

·Fleming Ikastetxea: 300 ikasle.

·Zubimusu Ikastola: 632 ikasle.

Zizurkil.

· Pedro Mari Otaño Eskola:168 ikasle.

· San Millan Eskola: 32 ikasle.


Iker Gibelalde, Uzturpe Ikastolako zuzendaria

Nolako giroa duzue?
Giro polita. Ikasleak ilusio handiz etorri dira. Txikienak beldur pixka batekin, agian, baina, lehenengo eguna pasa eta gero guztia bere lekuan jartzen da. Ostiralean hasi ginen, beraz, orduan izan zuten lehen hartuemana txikiek, eta asteburua eta gero indarrez hasi dira.

LOMCE legeak zer eragin izango du?
Gure ohiko funtzionamenduan ez du eragin handirik. Ikasturte bukaerako espedienteetan nabarituko da bereziki, hor aldaketa batzuk emango baitira. Gainerakoan, gure funtzionamendua, orokorrean, berdina izango da. Materiala, oraingoz behintzat, ez dugu aldatu beharrik, eta materien eskola orduak mantendu egingo ditugu. Martxan jarri behar dituzten kanpo ebaluazioak, printzipioz oraindik ez dituzte sartuko. Beraz, zain gaude, baina, aurtengo ikasturtean ez du eragin berezirik izango.

Estreinako urtea da zuretzat zuzendari moduan.
Umeek ikastolan hastean izaten duten urduritasun hori pasa dut nik ere. Ikasteko gogo handiz nago, eta ahal dudan neurrian ikastolari laguntzeko prest.

Saioa Urdangarin, Txinkorta Eskolako zuzendaria

Lehengo eguna
Nahiko lasai. Ikasleak gustura etorri dira, eta irakasleok ere gustura, beraz, martxa hartuta. Txikienak, bereziki gustura daude, euren lagunekin elkartu eta jolasteko prest.

Irakasleak noiz hasi zarete?
Astebete daramagu lanean. Irakasle gehienak pasa den ikasturtekoak dira, eta ondorioz, martxan hastea ez da zaila izan.

LOMCE legeak zer eragin izan du?
Antolaketa berdina egin dugu, eta ikasturtea aurrera doan heinean ikusiko dugu zer eragin duen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!