50 lanpostu 3.450 eskaerarentzat, Enplegunen

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko ira. 5a, 19:05
Leire Otaegi eta Ibai Iriarte, agerraldian.

Datorren irailaren 11n eta 12an Enplegune proiektua gauzatuko dute Lehiberri zentroan; guztira, 50 lanpostu inguru eskainiko dizkiete Tolosaldeko langabetuei.

Tolosaldeko herritarren %14a langabezian dago; 3.300 pertsona dira, horrela, hileroko soldatarik jasotzen ez dutenak. "Hazkunde ekonomikoari lagundu eta egoerari irtenbide bat emateko" asmoz, hainbat erakunde publiko lanean aritu dira datorren astean Lehiberri zentroan izango den Enplegune egitasmoa martxan jartzeko.

Proiektuaren nondik norakoak azaldu dituzte, gaur, Ibai Iriarte Tolosako alkate eta Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak, eta Leire Otaegi Lanbideko arduradunak. Besteak beste, eskualdeko enpresa sarearekin aurrez egindako lana nabarmendu du Iriartek, eta horixe da, hain zuzen, Tolosaldeko Enpleguneren berrikuntza.

Izan ere, lehendik ere antolatu izan dira, Euskal Herrian, enplegu azokak. Datorren irailaren 11n eta 12an eskainiko dituzten lanpostu guztiak, ordea, enpresa pribatuenak izango dira: "Lanbide, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Tolosaldea Garatzen eta udalen artean elkarlan handia egin dugu, eta eskertzekoa da, benetan, denen esfortzua. Lanketa horretan sektore pribatuetako kontratuak lehenetsi ditugu, sortutako lanpostu horiek jarraikortasun bat emateko asmoz".

Horrela, beraz, hiru lanpostu mota sailkatu dituzte antolatzaileek: Enplegune egitasmoak diruz lagundutako 49 lanpostu eskainiko dituzte Tolosaldeko enpresek; bide beretik, Lehiberri zentroak ekintzailetasunarekin lotutako 3 beka eskainiko ditu, gerora lanpostu bilakatzeko, ingeniari, kimiko, merkatartzan aditu edo mekanikan adituentzat; azkenik, ezinduei begirako lanpostuak ere izango dira Enplegunen.

Programan parte hartu duen enpresa bakoitzak zehaztu egin behar izan du kontratatu nahi duen langile mota eta, beraz, Lehiberri eta Lanbideren ardura izan da, 3.450 eskaera horiek guztiak antolatu eta beharrezko galbahea pasatzea.

Azokan eskainiko dituzten lanpostuen iragarkiak gaur bertan kendu dituzte Lanbideko eskaintzatik eta, ondorioz, curriculumak bidaltzeko epea ere itxi dute. Dena den, datorren ostegun eta ostiralean Lehiberrira bertaratu eta norbere curriculuma uzteko aukera izango dute oraindik izenik eman ez duten langabeek; aipatzekoa da, elkarrizketak egiteko hautatutako langabetuen maila bereko perfila duten eskaerei soilik erantzungo dietela, galbahea jada pasata izango baita azoka hasterako.

Irailaren 11n eta 12an, beraz, 09:00etatik 21:00etara bitarte zabalik izango da Lehiberri, Enplegune proiektua aurrera eramateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!