Eguraldia erotzen ari ote da?

Maier Ugartemendia 2014ko ira. 5a, 12:07

Udan egin duen eguraldi arraroak eragin zuzena izan du baratzeko landare eta fruituetan. Tolosaldeko Ataria-k eskualdeko bi nekazarirekin hitz egin du.

Eguraldia erotuta dabilela entzun izan da uda honetako elkarrizketa askotan. Eguzkia ezkutuan ibili da eta inongo zalantzarik gabe eguraldiak baratzetako fruituetan ere izan du eragina. Hezetasunak eta freskurak izugarrizko eragina izan du landareetan eta baratzetako fruitu eskasia izan da nagusi.

Eguraldi beroaren eta eguzkiaren faltak landareak beranduago loratzea edo heltzea eragin du, eta baratzeetan landareak mimatzen orduak igarotzen dituztenek, lanaren fruituaz ezin izan dute gozatu.

Eskualdean baratza ugari daude eta jende ugarik sufritu du egoera hau. Tolosaldeko ATARIAk Maritxu Erasoren eta Jon Pazosen testigantzak jaso ditu uda honek euren baratzetan nola eragin dien jakiteko.
 

Maritxu Eraso. Nekazaria (Leaburu-Txarama)

«Egun hauetan egin dituen eguraldi bikainek eutsi diote tomateari» 

Maritxu Eraso Lebaburuko Arbola baserrian aritzen da baratzean. Urteetako esperientzia du, aurtengo uda «arraroa» izan dela uste du.

Udan eguraldi arraroa izan da nagusi, horrek nola eragin du zure baratzean?

Batez ere tomateetan eragin du. Orain nahikoa ondo jasotzen ari gara, baina abuztuan freskurak eta hotzak egin ditu eta horrekin izan dugu borroka. Leku askotan ez da ezer jaso, dena galdu dute.

Landareetan zer eragina du?

Ez dakit zerk eragin duen, baina orain behintzat zomorro asko daukate. Adibidez, azan eta azalorean eragin handia izan du. Horrez gain, aurten gauzak lehenago etorri direla iruditzen zait. Esate baterako, badira bi edo hiru aste hostoa eroritzen hasi dela. Aurten inguruko lurretan orbelaz estalita ikusi dut lurra jada.

Kalte gehien tomatean eragin du.

Bai. Freskurak babarrunari eta bainari lorea galdu arazi egin die. Lore ederrak izan dituzte, baina begira jarri eta lurrean daudela ikusten duzu. Intxaurra bera ere erdoiak jota dago eta hori fruituan nabaritu egiten da, jaso egiten duzu, baina barrutik hutsa egoten da. Guzti hori nire ustez hotzaren eragina da.

Aurten zer izan da gehien eman duena?

Ibarrako piperrak ondo eman du, oraindik plazara eramaten ez dudanez etxerako oso ondo jaso dugu. Euri asko egin duenez belarra ere izugarri izan da, egun guztian baratzean belarra kentzen aritu behar izan dut.

Ezagutu al duzu behin ere horrelako uda arrarorik?
Nik uste dena ari dela arrarotzen. Negu guztian ez dugu elurrik ikusi etxeko atarian. Lehen negua negu izaten zen, udaberria udaberri eta uda ederra egiten zuen; eta orain ikusten duzu. Egun hauetan egin dituen eguraldi bikainek eutsi diote tomateari. Aurrena izugarrizko lorea hartu zuen, baina landarea dena orbandu egin zen, eta ezer ez genuela izango pentsatu nuen. Lanean aritu, gastua ere egiten duzu, eta esaten duzu: «zertako ari naiz ni...».

 


Jon Pazos. Nekazaria (Amasa-Villabona)

«Klima aldatzen ari da eta baratzezaintza horretara egokitu beharko dugu»

Jon Pazosen afizio nagusietako bat baratzezaintza da. Ia egunero aritzen da bertan lanean, eta gertutik jarraitu ditu udako gorabeherak.

Zure baratzean, zertan nabaritu duzu desberdintasuna aurtengo udan?

Eguraldian. Landaretako behar zen beroaren falta. Adibidez, tomatea bere garaian jaso ahal izateko ez du eguraldi onik egin, orain ari naiz jasotzen. Abuztuan sargori, euri langarra eta hezetasun handia izan dugu. Orain hasi da eguraldi on batzu egiten. Oso arraroa izan da, ez du udararik egin. Agian, hoberena udazkena egingo du.

Horrek zertan eragin dizu kalte gehien?

Kalte gehien tomateetan eta bainetan. Tomate batzuk erdoila jota edo belztuta izan ditut. Eta bainari ere eragin dio. Lehen uzta ondo jaso nuen baina bigarren lorealdia geratu egin da; lorea atera zen baina erori edo galdu egin zaio. Badaezpada suspertzeko esperantzaz hor daukat baina...

Eta onura?

Piparrak oso ondo, landare sanoarekin; baita letxugak eta berenjenak ere. Patatarekin ere jende asko ibili da arazoekin, baina nik abuztuan sartu nuen eta lehengo hilean atera nuen. Jada landare gabe nuen, belar txarrez josia. Ustelduta izango nuela esaten zidaten, baina patata asko, ale ederra eta goxoa izan dut. Ustelik ez dut izan.

Eguraldia urtez urte arraroagotzen ari dela uste al duzu?

Nik gero eta gehiago ikusten dut klima aldaketa badagoela. Negurik ez du egin, udaberrian zerbait eta udara ere ez du egin... Baratzetan ibiltzen den jendeak asko nabaritzen du. Landareak landatzean, zaintzaz gain, eguraldiak ere eragin handia baitu; erdoila sartzen da, euria ari du erabat, lurra ez du berotzen... horrek batzuengan eragin ona du eta besteengan txarra. Nik uste dut hemendik aurrera horrela jarraitzen badu beste modu batzuk bilatu beharko ditugu horretara egokitzeko. Zalantzarik gabe klima aldatzen ari da eta hemendik aurrera, urte batzutara, gehiago nabarituko dugula uste dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!