Arratzainen dagoeneko martxan da belar artifiziala jartzeko prozesua eta Billabona Futbol Taldeak denboraldi berria zelai eraberrituan hasiko du. Italgreen enpresa italiarra da, Elbarrenako zelaian bezalaxe, belar artifizialaren instalakuntzaz arduratzen ari dena. Uztailean hasi zituzten zelaiaren egokitze lanak eta ia amaitzear dira moketa sintetikoaren instalazioa.
Belar artifiziala jarri ondoren, futbol zelaia handitzea lortu da Villabonan. 92x47 metro neurtzen zuen zelaiak luzeran 8 metro eta zabaleran 5,5 metro irabazi ditu, guztira 100x52,5 metroko zelaia lortuz. Arratzaingo lanen lehen fasea amaitzeko eta zelaia guztiz prest izateko argiteria berriaren instalazioa faltako da irailean, urrian amaituko baitute lehen fase hau punta-puntako argiteria jasangarria ipiniz. Arratzain futbol zelaiko eraberritze lanen bigarren fasean egingo dira aldagela berriak.
Elbarrenako lanak ere martxan
Zizurkilgo Elbarrena futbol zelaian haste honetan hasi dira belar artifizialeko zelai berria jarri aurretiko egokitze lanak. Bi hilabeteko lana aurreikusten da Zizurkilgo zelaia jokatzeko prest egoteko eta Danena-Amarotz taldeko jokalariek primerako belar artifizialeko futbol zelaiaz gozatu ahal izateko. Danena Kirol Elkarteak 2010. urtean finkatutako helburuetako bat bete ahal izango du Elbarrenako zelai eraberrituarekin.
Aldundiaren laguntzarekin
Gipuzkoako Foru Aldundiak kirol instalakuntzak egiteko edo birmoldatzeko 2014-2016 Kirol Ekipamenduen Planaren barruan emandako diru laguntzei eskerrak finantzatu dira Arratzain eta Elbarrena futbol zelaietako lan hauek. 200.000 euroko diru laguntza jaso zuen Villabonako Udalak. Zizurkilgoak, aldiz, 162.079 euroko diru laguntza jaso zuen Elbarrena futbol zelaian belar artifiziala eta argiztapena instalatu, eta emakumeentzako aldagelak egiteko. Federazioaren diru laguntza bati esker ere aurre egin ahal izan dio lanen gastuari udalak.