Jokin Azkuek euskara "politikakerietatik salbu" uzteko eskatu dio Etxeburuari

Ataria 2014ko irailaren 3a

Modu horretan erantzun dio Jokin Azkuek, Tolosako EAJko zinegotzi eta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak, Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariari, azken honek Argian egindako elkarrizketa batean esandakoen harira.

Elkarrizketa horretan, Etxeburuak adierazi zuen "administrazioak ez zuela euskaraz funtzionatzen" eta ideia hori "herritarren subkontzientean" dagoela: "Herritarrari leporatzen zaio euskara ez erabiltzea. Zer eta administrazioak ez duenean bere burua euskalduntzen gizartea euskalduntzen ari den erritmo berean. Administrazioa behartuta dago euskara erabiltzera eta ez du erabiltzen. Beraz, herritarren subkontzientean dago administrazioak ez duela euskaraz funtzionatzen, gizarteak ez duela euskaraz funtzionatzen. Normala hori da, anormala euskaraz funtzionatzea da. Hori puskatu egin behar da. Administrazioak eredugarri izan behar du, hasteko legez hala dagokiolako, eta gainera erreferente sozial garrantzitsuenetakoa delako"

Adierazpen horiek ez zaizkio gustatu Azkueri, eta gutun baten bitartez, bere desadostasuna adierazi dio Foru Aldundiko Euskara zuzendariari: “Isilik jarraitu dugu lanean, eta elkarlanean, ez dugulako euskara bihurtzerik nahi ‘burruka toki ekaitzez betea’, Letek, Nafarroa gogoan, idatzita utzi zigunez. Egonarriak, ordea, badu mugarik, eta muga hori gainditu du Zigor Etxeburuak Argiaren abuztuaren 3ko zenbakiko elkarrizketan. Kritika erabat zilegitik harago –eta sentitzen dut hau esan beharra–, tartean, guztiz zilegi diren desadostasunek batere zuritzen ez duten gezurra erabiltzen baitu".

Hizkuntza irizpideak erabiltzeko arauaren inguruan, berriz, "Jaurlaritzak urrats sendoak" eman dituela azaldu du tolosarrak. "Araua aplikatzen da. Ziur aski, ez askok nahi genukeen hedaduraz eta irismenaz". Bide horretan, aldundiari ere kritika luzatu dio: "GFAk ere ez du administrazio kontratuen %100ean hizkuntza irizpideak ezartzerik lortu. Zergatik dabil, hortaz, neurgailu diferentea bateko eta besteko lorpenez hitz egiterakoan?".

Irakurri Zigor Etxeburuaren elkarrizketa eta Jokin Azkueren erantzuna osorik.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!