Abuztuak emandakoaren dekalogoa

Asier Imaz - Igor Agirre 2014ko ira. 1a, 20:03

Abuztuko gertakari garrantzitsuenen errepasoan jaso ditugu besteak beste, haur Sahararren bisita, Xabi Otegiren atxiloketa, Herriko tabernen auziaren epaia, Inazio Agirreren heriotza edota eskualdeko kirolarien lorpenak.

Uztailaren amaieran, eta abuztu osoan, eguraldiak ez du uda itsura handiegirik eman Tolosaldean. Euriak ez du oporrik izan, eta kolore ilunari hare ukitu ilunagoa eman dio Inazio Agirreren heriotzak. Euskalgintzarekin eta ezker abertzalearekin loturiko bizitza baten amaieraren albistea, abuztuaren 17an iritsi zen eskualdera.

Herriko jaiak izan dira beste kolore guztiak hartu eta kaleratu dituztenak. Abuztuan hamasei herritan ospatu zituzten festak. Oraindik, ordea, ez dira amaitu, eta asteburu honetan beste hainbat txokotan jaiak izango dira. Tartean, Topic, Xabi Otegi eta Jokin Aranalde izan dira protagonistak, besteak beste.

Herriko festak

Tolosaldeko herri gehienetan jaiak ospatu dituzte abuztuan: Altzo, Larraul, Berastegi, Ikaztegieta, Albiztur, Baliarrain, Orendain, Hernialde, Aduna, Zizurkil Goia, Gaztelu, Bidania, Amezketa, Goiatz, Ibarra eta Berrobin. Azken herri horretan igandean amaitu ziren festak. Asteburu honetan, lekukoa Lizartzak, Bedaiok, Tolosako Izaskun auzoak, Alkizak, Elduainek eta Zizurkilek hartuko die berrobitarrei.

Saharatik eta Txernobyletik
Chernobil elkartearen eta Oporrak Bakean ekimenaren eskutik 29 haur etorri dira eskualdera udan. Hiru ukraniarrak izan dira, eta gainontzekoak sahararrak. Hauetako hamabostek Oporrak Bakean ekimenean hartu dute parte. Bi hilabeteko egonaldiaren ondoren, abuztuaren 24an itzulerako bidea hartu zuten.  

Udaberri, Portugalen
Tolosako Udaberri dantza taldea Portugalen egon da udan. Bertan, Braga eta Gondomar hirietan, lau emanaldi eskaintzeko aukera izan dute eskualdeko dantzariek, han antolatzen diren folklore jaialdi ugarien baitan. Taldekideen esanetan inoiz egin dituzten emanaldirik laburrenetakoak izan dira, eta 20-25 minutuan Euskal Herriak dantza arloan duen aniztasuna islatzen saiatu dira. Emanaldiak amaituta, ordea, ez zuten etxerako biderik hartu eta oporretan ibili ziren Portugalen barrena. Caiscais eta Lisboa hiriburua ezagutu ondoren, Algarveko hondartza txiki batean igaro zituzten azken egunak, ondo merezitako atsedena hartzen.

Atxiloketa
Guardia Zibilak Xabier Otegi tolosarra atxilotu zuen uztailaren amaieran. Info7 irratian, maiatzaren 8ko saio batean, abiadura handiko trenaren gaiarekin «terrorismoa goratzea» leporatu zioten Otegiri. Guardia Zibilak goizean atxilotu eta arratsaldean aske utzi zuen tolosarra. Bere herrian, elkarretaratzea egin zuten atxiloketa salatzeko.

‘Herriko tabernen’ epaia
Espainiako Auzitegi Nazionalak  35/02 sumarioaren edo herriko tabernen auziaren sententzia kaleratu zuen uztailaren 30ean. Bertan, 111 taberna edo elkarte konfiskatzea eskatzen zuen Auzitegi Nazionalak, «ETArekin eta haren inguruarekin harremana dutela frogatutzat eman eta gero». Tolosaldeari dagokionez, epaiketa horretan Ibarrako Subegi, Tolosako Intxurre eta Amasa-Villabonako Iratzar daude kalteturik. Defentsa abokatuek epaiari helegitea jarriko diotela iragarri zuten, eta ondorioz, orain Espainiako Epaitegi Gorenak berretsi beharko du Auzitegi Nazionalaren erabakia.

Jokin Aranalde, etxean
Jokin Aranalde gazteluarra uztailaren 30ean askatu zuten, Madrilgo Soto del Realeko espetxetik. Lehen harrera Ibarran egin zioten, goizaldeko 05:00etan. Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko mintzaidea bermerik gabe utzi zuten aske. Aranalde uztailaren 17an atxilotu zuten medikuaren etxetik Baionara joaten ari zela, eta berehala Espainaratu zuten. Biharramunean Auzitegi Nazionalera eraman zuten eta Fernando Andreu epaileak espetxera igorri zuen. Ibarran 100 lagun baina gehiago elkartu ziren Aranalderi harrera egitera.

Topic
Azken hilabetean ez dute atsedenik hartu Topic-eko arduradunek. Lehenik Japonian izan ziren Munduko Txotxongilo Kongresu eta Jaialdiaren definizioan aurrera egiteko. Ekimen hau Donostian egingo dute 2016ko egitasmoen barruan. Japonian Idoia Otegi Topic-eko zuzendaria izan zen. Bestetik, abuztuaren 27an, Rosa Maria Garcia Cano saria jaso zuen Topic-ek, Salamancan. Haurrentzako eta gazteentzako heziketa eskaintza onenaren saria jaso zuen Tolosako zentroak.

Heriotza
Abuztuaren 17an, 66 urte zituela hil zen Inazio Agirre Arregi tolosarra. Hendaian bizikleta istripua izan eta hamar egunera zendu zen. Euskaltzalea zen Agirre, eta Donostiako Udaleko euskara patronatuko zuzendaria izan zen. Soziolinguistika gaietan aditua, Bat aldizkariko kolaboratzailea izan zen, eta baita Tolosako Galtzaundi euskara elkarteko eta Lizardi kultur elkarteko kidea ere. Laskorain ikastolaren bultzatzaileetako bat ere bazen Agirre. Euskalgintza politikagintzarekin uztartu zuen; Sortuko kidea zen egun, eta urte luzez izan zen ezker abertzaleko militantea. Hain zuzen, ezker abertzaleko euskara gaietako arduradun izan zen. AuB Autodeterminaziorako Bilgunea zerrendetako burua izan zen Gipuzkoan 2003ko udal eta foru hauteskundeetan, baina Espainiako Auzitegi Gorenak debekatu egin zituen zerrenda horiek. Tolosako Udalean zinegotzi izan zen. Tolosako hilerrian egindako hileta ekitaldian, euskalgintzako eta ezker abertzatzeleko jende ugari elkartu zen. Sortuk irailaren 6an, larunbatean, omenaldia egingo Tolosako Aranburu jauregiaren ondoan, 18:00etan.

Sega
Alatzne Etxaburua garaile.  Zizurkilgo Alatzne Etxaburuak irabazi zuen Aian jokatu zen Emakumeen Euskadiko Sega txapelketako finala. 20 minutuko saioan 685,5 kg belar ebaki ondoren garaitu zuen Etxaburuak Irati Astondoa zeanuriarra.

Herri kirolak
Lokotx biltzea eta trontza. Baliarraingo Eneko Garmendia nagusitu zen Gipuzkoako lokotx biltze txapelketan. Ekitaldi berean, Leire Astiazaran zizurkildarra bigarren sailkatu zen, Itxaso Onsalo aresoarrarekin batera, Euskal Herriko trontza txapelketan.
Lasto altxatzea. Andoni Agirreurreta asteasuarrak irabazi zuen Gipuzkoako lasto altxatze txapelketa 18 jasoaldi egin ondoren, Aian. Peio Argaia zizurkildarra eta Mattin de la Sotilla tolosarra sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Giza proba. Berrobiko taldeak hirugarren amaitu zuen Gipuzkoako taldekako giza proba txapelketa finalean. Azken urteetan bezala Oriok irabazi zuen txapelketa, Itziarko taldearen aurretik.

Tenisa
Arruabarrena nagusi Bogotan. Lara Arruabarrenak garaipen bikoitza lortu zuen Bogotako Challengerrean. Jokalari tolosarrak banakako titulua bereganatu zuen Johanna Larsson suediarraren aurka eta bikotekako finala irabazi zuen Florencia Molinero argentinarrarekin batera. Arruabarrena Us Open txapelketa ospetsuko azken fasearen atarian geratu berri da.

Mendia
Emaitza onak Suitzan. Villabonako Hassan Ait Chau laugarrena izan zen Matterhorn Ultraks-eko gizonezkoen sailkapen orokorrean. Leire Agirrezabala ibartarra, berriz, seigarren postuan geratu zen txapelketa suitzarreko emakumezkoen sailkapen nagusian.

Arrauna
Getaria TKE ligako playoffean. Aritz Pagola, Joseba Alustiza, Joseba Lasa eta Mikel Lasa tolosarrak TKE ligara igotzeko playoffa jokatzeko sailkatu ziren Getariako traineruarekin. Pasa den denboraldian lortu zuten KAE-1 ligara igotzea eta Trintxerpeko bandera bereganatu ostean irabazi dute titulua getariarrek. Irailaren 20 eta 21ean izango dute San Miguel ligako postua bereganatzeko aukera.
Lidertzan. Bi estropaden faltan Iñigo Jauregi eta Jon Lizarralde tolosarrak ACT ligako lidertzan daude Hondarribiako Ama Guadalupekoa traineruarekin. Sei bandera irabazi dituzte aurtengo denboraldian Orbañanosen mutilek.
Eusko Tren ligan txapeldun. San Juango traineruarekin Eusko Tren liga eskuratu zuen Nerea Perez tolosarrak.  
Hirugarren Zumaiarekin. Eusko Tren ligan, hirugarren postuan amaitu dute Zumaiarekin Ioana Alijostes, Irati Larrañaga, Andrea Olazabal eta Olatz Ortiz tolosarrek; Myriam Aizpurua irurarrak eta Miren Salvador alegiarrak.

Futbola
Debuta lehen mailan. Mikel Arruabarrena tolosarrak  estreinakoz jokatu zuen lehen mailan abuztuaren 24ean. Hasierako hamaikakoan izan zen Eibar taldeko kapitaina armaginek Realaren aurka denboraldiko lehen hiru puntuak lortu zituzten partidan.

igeriketa
Hegats bakarreko igeriketa. Irati Lakunza tolosarra Espainiako selekzioarekin ari da lehiatzen Tunisiako Mediterraneoko jokoetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!