Udarekin batera, bertako izozkia

Asier Imaz 2014ko uzt. 24a, 07:41
Udarekin batera beroa etortzen da, eta beroari aurre egiteko izozkiak. Merkatuan izozki marka ugari daude, eta kanpokoak aski ezagunak dira. Ez dira bakarrak, ordea. Tolosaldean, orain arte ez da ekoizlerik egon, baina azken hilabetean, bi berri sortu dira.

 

Marka handien filosofia eta lan egiteko moduetatik aparte, bertako produktuak dira izozki horien oinarri: Orendainen, Larreta baserriko esnekiak, eta Leaburun, Mahalakoak.
Andoni Egia baserritik bizi den gaztea da. Esne behiak dituzte etxean, baina duela denbora ez asko, dena uztekotan egon zen: «Ekonomikoki nahiko itota genbiltzan. Orduan, lagun batek izozkien kontu hori atera zuen, eta Italiara joan etorria egin genuen. Bertako baserri batean nola egiten zuten ikusi genuen, eta urratsa ematea erabaki genuen». Elkartea sortu, laguntzak lortu eta inbertsioak egin. Horrela egokitu zuten baserrian izozkiak egiteko lekua.
Ekoizpena duela bi-hiru hilabete jarri zuten martxan Larretan. Egiaren bikotea eta gurasoak ere buru-belarri bat egin zuten proiektuarekin, eta guztien artean ekin zioten erronka berriari. Aldaketak ere segidan etorri ziren. Honela gogoratzen du Egiak: «Izozkiak egiteko makinarekin jogurtak ere egin daitezke, eta horiekin hasi ginen. Erantzuna polita izaten ari da, eta hortxe gabiltza lan guzti horri segitu ezinik».
Leire Lizeaga Andoni Egiaren bikotea da. Banaketa eta paper kontuak ematen ditu. Egiaren amak, Nekane Arregik, produkzioan laguntzen du, eta aitak, langile batekin batera ikuiluan. Familian ekoizten dituzte esnekiak Orendaingo baserrian.
Esnekiak, izan ere, izozkiaren oinarrizko osagaia esnea da. Larreta bertako behi esnea. Ikuilutik zuzenean bideratzen dute ekoizpen gelara, hori bai, zati bat, izan ere, bestea Kaikuri saltzen diote. Etxean geratzen den esnea pasteurizatu egiten dute, eta ondoren, zapore bakoitzaren araberako osagai formula bat gehitzen zaio. Nahasketa egin eta zero azpitik bederatzi gradutara jaisten da. Azkenik, izozkia izozkailuan sartzen da.
Makinak izan arren, eskuz lan handia egiten dute Larretan, artisau izozkia lantzen. Larreta izozkiak Orendaingo baserrian bertan eros daitezke, edo inguruko hainbat komertziotan. Hala eta guztiz ere, baterako nahiz besterako orendaindarrekin telefonoz harremanetan jarri nahi dutenek, 627 45 26 44 zenbakira deitzea nahikoa dute.
Mahalan, duela bi aste
Jokin Arrospide Mahalako nagusiak duela lau urte ikastaro bat egin zuen Ultzaman. Izozkiak artisau eran egiteko ikastaroa zen. Orduko esperientzia hark, fruituak aurten eman ditu, Mahalan duela bi aste hasi baitziren izozkiak ekoizten.
Mahalak salmenta zuzena egiteaz gain, dendatxo bat dauka, eta bertarako izozkiak egokiak zirela dio Arrospidek, «batez ere, uda garain, beste produktu batzuk gutxixeago saltzen dira, eta horrela konpentsazio bat dago». Larretan bezala, Mahalan ere etxeko osagaiak erabiltzen dituzte. «Gure filosofiarekin jarraitzen dugu, eta falta zaizkigun osagaiak ahalik eta naturalenak izaten dira». Urrak, kakaoa, fruituak,... zapore eta tamaina desberdinetako izozkiak ekoizteko.
Leaburun sortutako izozkiek merkatuan egun gutxi daramatzate; eta konpetentzia ez zaie faltako. Jokin Arrospideren esanetan, ordea, krisiak izan du bere alde ez hain txarra: «Kontsumitzerako orduan ohiturak aldatu egin dira. Sentsibilitate aldetik irabazi egin da krisiareki, izan ere, jabetu gara guk gurearekin bizi behar dugula. Kontsumitzaileek, produktuek eta ekoizleek sare bat egin dute, eta hori indartzen jarraitu behar da».
Mahalako produktuak saltzen diren toki batzuk, izozkiak saltzeko ez daude prestatuta. Horrek beste hausnarketa bat ekarri dio Arrospideri, saltoki berrien bila hasi beharra. Atzera baina aurrera egiteko dago, ordea, leaburuarra, eta berritzaileak direla onartuaz, erronkari gogotsu heldu diotela dio. Bi asteko ibilbidea besterik ez baldin badute ere, Mahalako izozkiek izan dituzte lehen kritikak. Eta oso onak izan dira. «Aurreko larunbatean Tolosara eraman genituen, eta bazkalondoren zoriontzeko deitu ziguten. Jende nahiko adituek gainera; horrelako izozkirik inoiz ez zutela jan esanaz. Horrek indarra ematen dizu, eta barreneko zalantzak argitu».  
Ondo egiten ari direnaren sentsazioarekin dago Jokin Arrospide. Berrikuntzan saiakera berezia egiten dutela dio leaburuarrak, eta oraingoan ere asmatuko dutelakoan dago. Hori bai, ez du ahazten horretarako «gauzak oso ondo» egin behar izaten direla.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!