Arbasoen atsekabea, ikasbide

Aiztondo bailarako errepublikanoek hilabetez eutsi zioten matxinada frankistari, 1936an. Hamasei gazte lanean ari dira, trintxerak eta trintxeretan izan zirenen bizipenak berreskuratu eta bizirik mantentzeko.

Andoaingo Sorabilla auzotik gora doan bidea hartu behar da, Adunako lurretan sartu eta iraganera bidaiatzeko. Lur-orotako autoz egin daiteke igoera gaur egun; 1936. urtean, ordea, ez zen halako asko izango.

Belkoaingo muino azpira iritsi aurreko aldapek zirrara sortzen dute, duela 78 urte bertan bizitakoekin pentsatzen hasiz gero. Tiroen babesleku, beldurraren lekuko izan baitziren, Espainiako gerran, Zizurkil, Asteasu eta Adunako lursailak. 1936ko abuztuan eta irailean, Oriaren ubidea jarraituz, Nafarroa aldetik zetozen frankista eta erreketeen matxinadari aurre egiteko lehen erresistentzia guneak antolatu zituzten bertan, eta, arbaso haien garaiko historia gertuagotik ezagutze horretan, lanean ari dira 16 gazte, Aranzadi Zientzia Elkartearen auzolandegian.

Aiztondo bailarako hiru udal horiek hasi zuten aspaldiko lubaki horiek ikertzeko bidea, iaz: Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso zuen egitasmoak, eta Mareako erresistentzia gunea izandako hura berreskuratu zuten, hein handi batean. Aurten proiektuak beste bide bat hartu du, eta Zizurkil, Asteasu eta Adunako udalek finantzaketa iturri berriak bilatu behar izan dituzte. Horrela, Udako Euskal Unibertsitateak, Udalbiltzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Aranzadik eta udalek eurek eman diote babesa oroimen historikoa berreskuratzeko egitasmoari.

Gerra Zibila 1936-1937. Erresistentziaren oroimena eta aztarnen bila izenburupean Euskal Herri osoko gazteak bertaratu dira Tolosaldeko historiaren zati txiki bat ezagutzera, Aranzadiko arduradun Haizea Bravok azaldu duenez: «Auzolandegietan parte hartzeko gaiarekiko interesa izatea nahikoa da berez, baina, egiazki, normalean izena ematen dutenak Historia ikasleak izaten dira, edo lehenago Historia ikasitakoak. Dena den, aurten badira batxilergoa bukatu berri dutenak ere, irailean gradua ikasten hasiko direnak».

Ikasketak ikasketa, Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Gipuzkoako gazte hauei aurpegian igartzen zaie iraganeko kontuak ezagutu, aztertu eta are atzerago joate hori pasio dutela. Auzolandegia hasi zutenez geroztik oso egun gutxitan lan egin ahal izan dute arkeologiari dagokionez, eguraldi txarra dela-eta; aztertu beharreko eremuak lokaztuta geratzen dira. Hala ere, ilusioz igo izan dira mendira, goizero, eta aldapan gora ere duela 78 urteko gudarosteen arteko istorio eta kontuak izan dituzte hizpide, txantxa artean.

Auzolanean, eskuekin
Egitasmoaren aurkezpenean Josu Amilibia Adunako alkateak nabarmendu zuenez, «betidanik jakin izan da herrian lubakiak edo trintxerak zeudela, eta erresistentzia gune bat izan zela hura. Hainbat hamarkadatan, ordea, landu gabeko gaia izan da».

Horrela, eskualdeko adineko pertsonek eskainitako ezagutza guztiari tira diote, lehenik, ikerketa lanari ekiteko. Era berean, Amasa-Villabonako Aritza kultur elkartea ere aitzindaritzat jo du Amilibiak, esparru horretan: «Haien lanetik iritsi gara, esaterako, Adunara».

Zertzelada horiek guztiak elkartuta, Aranzadiko kideek iazko auzolandegietan aurkitu zituzten, lehen aldiz, harrizko egitura luze eta sendoak. Mendia aztertzen hasi aurreko usteek ziotenarekin bat eginda, egitura haiek trintxerak zirela egiaztatu zuten eta, Adunako lurretan bezalaxe, Asteasun nahiz Zizurkilen ere antzeko egiturak bilatu zituzten. Adunako kasua isolatua ez izateaz gain, eremu osoa 1936ko gerrako erresistentzia guneetako bat izan zela ondorioztatu zuten.

Iaz Mareako lubakian egindako lanetan, ehunka bala zorro, kargadore nahiz bala aurkitu zituzten; aurten garbitzen ari diren zatian, ordea, askoz ere gutxiago aurkitu dituzte. Dirudienez, Mareako trintxeraren ezkerraldea fronteari irekiago zegoen, eta, ondorioz, jaurtigai gehiago erabili behar izan zituzten alde horretan.

1936ko gerratik atzera egiteko aukera ere izan dute, ordea, auzolandegiko gazteek, azken egunotan. Behin Mareako lubakia aztertuta, Belkoaingo gurutze azpiko lursaila garbitu eta aztertzeari ekin zioten astelehenean bertan. Hasieran sasi eta landaredia hutsa zenetik, trintxera luze bateko harriak azaleratzerainoko lana egin dute eskuz, eta maldan beherago dagoen beste trintxera bat aurkitzeko ere balio izan die horrek.

Material asko ateratzen ari dira lurpetik eta, metrailadoreetako balak eta bala zorroak nagusi diren arren, guda karlistako berunezko balak ere topatu dituzte tartean: «Zenbaiten ustez, trintxera izan aurretik lursailen arteko mugak zehazteko hormak ziren hauek guztiak; gero, hobia eginez erresistentzia guneak sortzeko erabili zituzten. Kontuak kontu, argi dago berrerabilitako trintxerak direla; batetik, frontea nondik datorren ikusteko kokapena ona zen eta, gainera, dokumentu eta testigantzen bitartez, badakigu errepublikanoek eraikitako trintxerak izanda ere, hilabeteko erresistentziaren ondoren frankistek erabili zituztela», dio Aranzadiko begiraleetako batek.

Aurretik lana besterik ez dago, beraz, iraganeko oroimen hori berreskuratu eta etorkizunerako lekukotasunik utzi nahi dutenentzat; Tolosaldeko erresistentzia gune horretan trintxera asko daudela diote mendi horiek ondo ezagutzen dituzten adituek.

Bihotzetik ere iker daiteke
Espainiako gerrak Euskal Herrian izan zuen eragina eskulanaz ikertzearekin batera, auzolandegiak bihotzetik lan egiteko aukera ere eman nahi izan diete gazteei.

Oroimen historikoa berreskuratu eta bizirik mantentzea da proiektuaren helburua eta, ezinbestean, herritarren kontakizunen alea beharrezkoa da horretarako: «Testigantzak jasotzeko ere lan egin behar dugu eta hiru herrietako bakoitzean entzun nahi ditugu bizipen horiek», dio Haizea Bravok.

Horrela, ikasleak Asteasu, Aduna nahiz Zizurkilgo herritarren lekukotasunak entzuten aritu dira egunotan. Hunkitu egin dira gehienak, Espainiako gerra gertutik bizi izan zutenen kontakizunak entzuterakoan, eta historia dokumentuak ezagutzea baino askoz ere aberatsagoa iruditu zaie, noski.

Testigantzak jasotzea iraganari begiratzea den arren, auzolandegiko neska-mutilek argi dute etorkizunerako ezinbesteko tresna direla: «Ez dugu ia kulturarik historiari dagokionez, besteak beste, zati handi bat ezkutatu egin izan dutelako. Horregatik, oso garrantzitsua da horrelako lanak egitea eta jendearen bizipenak jasotzea, etorkizuneko belaunaldiek gure herrian gertatu zena noizbait ezagutuko badute».

Mattin De la Sotilla (Tolosa, 23 urte)

Zergatik eman zenuen izena auzolandegi honetan?
Ni Historia ikaslea naiz, eta arkeologiaren esparrua bereziki interesgarria zait. Eta, batez ere, Espainiako gerraren inguruko gai hauek, garrantzitsutzat ditudalako eta gaur egungo gure egoerarekin zerikusi zuzena dutelako. Gainera, etxe ondoan gertatu zirenak jakiteak ere interesa pizten dit.
Esperotakoa izan al da?
Orain arte arkeologia lan gehiegi ere ezin izan dugu egin, baina gustura ari naiz. Hasiera batean, nik behinik behin, arkeologiaren teoria polikiago ikasten joango ginela espero nuen; koadranteak paletinekin nola osatzen diren, eta abar. Lubakiak oso gaur egungoak direnez, ordea, lurra ere oso mugituta dago, eta aitzurra eta palarekin asko aritu gara. Dena den, gero nola geratzen den ikusteak poza ematen du.
Bertako testigantzez gain Euskal Herriko beste batzuk ere ezagutu dituzue, ezta?
Ibilaldi eta txango batzuk egin ditugu, Ezkaba mendira eta Sartagudara, esaterako. Ezkaban hainbat azalpen eman zizkiguten eta, Sartagudan, berriz, bere bizipenak kontatu zizkigun aita hil zioten pertsona batek. Oso hunkigarria eta oso polita izan zen.

Aitor Leniz (Lekeitio, 18 urte)

Nolatan eman zenuen izena auzolandegian?
Manex ikaskideak aipatu zigun indusketak-eta martxan jarriko zituztela hemen, eta betidanik izan dut interesa Espainiako gerraren inguruan. Gainera, gure arbasoek oso gertutik bizi izan duten gauza bat da, eta interesgarria iruditu zitzaidan.
Zure ikasketak horretara bideratu nahi dituzu?
Oraindik ez nago oso ziur, baina posible da; historia ikaslea izanda eta ikertzeko hainbeste gauza egonda, izan daiteke irtenbide interesgarri bat.

Alaitz (Bilbo, 30 urte)

Zergatik eman zenuen izena auzolandegian?
Aranzadiko mezu elektroniko bat iritsi zitzaidan, auzolandegi honetako nahiz datorren astean hasiko den Galipentzuko auzolandegiko informazioa emanaz. Espainiako gerraren inguruan betidanik interesa izan dudanez, auzolandegi honetan eman nuen izena.
Lehenago antzeko egitasmoren batean parte hartu izan al duzu?
Ez, lehen aldia da hauxe.
Esperientzia ona izaten ari al da?
Oso ona. Asko ikasten ari gara, eta hitzaldietan-eta gurekin egon den jendea oso ondo aritu da. Oso pozik ari naiz, beraz.
Errepikatzeko modukoa, orduan.
Ahal izango banu bai, zalantzarik gabe, baina, adinagatik azken urtea da niretzat aurtengoa.

Leire Arana (Usansolo, 19 urte)

Nolatan eman zenuen izena Tolosaldeko auzolandegi hauetan parte hartzeko?
Lagun eta ikaskide batek auzolanetan izena emateko proposamena egin zigun gelakideoi, Espainiako gerrako memoria historikoa berreskuratzeko egitasmoa zela azalduz. Horrela, gelako nesken artean informazio gehiago eskuratu genuen, eta, oso itxura ona zuela iruditu zitzaigunez, izena ematea pentsatu genuen.
Eta, gustura izena eman izanagatik?
Bai, oso ondo. Datorren urtean antzeko zerbait antolatzen badute nik badut izena emateko asmoa.

Manex Arrastoa (Zizurkil, 21 urte), BEGIRALEA

Begirale lanetan ari zara zu, auzolandegian. Lehenago parte hartu izan duzu horrelako zerbaitetan?
Gehienon moduan, historia ikaslea naiz ni ere. Lehenago bi urtez aritu izan naiz Amaiurko auzolandegian, bi hamabostalditan. Han boluntario moduan ezagutu ninduten, eta, aurten, hemen inguruko bi gazte behar zituzten. Ni Zizurkilgoa izanda eta Iñaki ere, bi urte gazteagoa den arren, bi urtez Amaiurren aritutakoa denez, eskaintza egin ziguten begirale moduan aritzeko; batez ere garraiorako eta hemen inguruan batetik bestera mugitzeko bi begirale behar zituzten, eta horretan ari gara, oso gustura, aurretik ere elkar ezagutzen baikenuen.
Zuen artean ere giro ona sortuko da hamabostaldian, ezta?
Bai, hori da. Azken finean, elkarrekin bizitzen jakin egin behar da, baina oso ondo. Asko ikaskideak eta ezagunak dira, baina jende berria ere ezagutzen da, eta gustura ari gara.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!