«Mañana hará buen tiempo», pronostiko txar baten historia

Izan ere uztaila eta giro ona eskutik etorri ohi ziren orduan ere eta egunkariek hala iragarri zuten. Uztailak lana zekarren baserritarrentzat, turistak Donostiara eta festa soinua hara eta hona. Festa giro horretan erabaki zuten hainbat gazte tolosarrek Iruñera joatera San Fermin feriaz gozatu asmoz. Garai haietan, autobus, bizikleta eta bestelako garraio mota moderno ugari eskura bazituzten ere, ez zen ezohiko praktika festara joateko ibilaldi luzeak egitea, gau eta egun, helmugara iritsi arte. Leitza aldeko bidetik egin zuten nafar hiribururako bidea. Baina itzulerakoan mugimendu arraroak nabaritu zituzten Leitza inguruan. Jende mugimenduak, gazte jendea, irmo jarrita, entrenamendu eta formazio militarra jasotzen. Ez zuten bi aldiz pentsatu. Tolosara itzuli, armak hartu, eta probintziarteko mugara egin zuten. Kasualitatez, Estatuan baino goizago hasi zen gerra zibila Tolosaldean. Eta 1936ko uztailaren 17ko Diario Vascok «mañana hará buen tiempo» idatzi zuen bere orrietan. Ez zen eguraldiaz ari. Mezu bat zen, klabean idatzia, matxinoei altxamendurako abisua emateko.

Baina gerrak ez dira ezerezetik sortzen. Gutxiago 1936an hasi zenak bezalako parte hartze soziala izan ohi dutenak. Hain justu izan zuen sakontasunagatik bilakatu zen XX. mendean inguru hauek pairatu zuten esperientziarik traumatikoena. Esan liteke ziklo bat itxi zela berarekin, aurreko aleetan aletzen joan garen prozesu sakon batena, XX. mendearen hastapenetatik garatzen joan zen gizarte mota baten eta bere gatazken azken eztanda. XX. mendea ezin uler daiteke masen parte hartze politiko eta publikoaren protagonismoa kontuan hartu gabe. XIX. mendean politika elite batzuen monopolioa izan zen. Jende xeheak, bere xehetasunean, ezin zezakeen bere burua gobernatu; tutoretza, zaintza, behar zuen, «aita» bat. Kontua ez da eliteen iritzi hutsa. Jende xeheak berak ere ez zuen sentitzen agintzeko eskubiderik zuenik, nahiz eta borroka politikoan parte hartu. XIX. mendeko bertso politikoetan egoera jakin batzuk kritikatu edota foruak defendatzen badira ere, inongo unetan ez da sistema politikoa bera zalantzan jartzen, arazoa ez baitzuten sisteman ikusten. Gizarte arazoak ez zetozen sistematik, baizik eta sistemaren desoreketatik, zeina berriro ere orekatzeko borroka legitimatuta zegoen. Horregatik eskatzen du Xenpelarrek errege justu bat. Gaur egun, sistema politiko baten legitimitatea gizartearen borondatean oinarritzen dela nahiko zabaldurik badago ere, garai haietan legitimitatea tradizioak ematen zuen, gauza «jakina» baitzen tradizioarekin konplituz gero gizarteak harmoniatsuak eta gatazkarik gabeak izaten zirela. XX. mendearekin gizarte sektore esanguratsuek beste ideia bat izango dute euren parte hartze politikoaren inguruan. Horregatik izan ziren posible 1916 inguruko greba mobilizazioak, XIX. mendean, egoera okerragoak biziturik ere, posible izango ez zirenak.

Klase agintariei ez zien grazia berezirik egin plebeak muturra sartzeak. Eurak guraso zituen komunitate idealaren ideia gainbeheran zen sektore handien artean. Gertakari iraultzaileen aurreko beldurra ez zen oinarri gabea. Masen lotsagabekeria handia zen. Errege familia garrantzitsuak ere fusilatuak ziren Europan. Ordena eskatzen zuten. Primo de Riverak diktadura bat oparitu zien, baina hura ere ez zen aski izan. Bigarren Errepublikarekin ordea gizarte partikula guztiak azeleratuko dira. Sufragioaren unibertsalizazioa, parte hartze politikoaren areagotzea, afiliazioen gorakada, egoitza politikoak (Zirkulu Karlistak, Errepublikanoak, Batzokiak, Casa del Pueblo-ak...) eguneroko soziabilitatearen parte esanguratsu bilakatzea... Ahaztu ezin diren beste hainbat elementu: prentsa, irratia, zinea, garraioak; ideien eta propaganden ibilgailuak, iraganean ezin pentsa ahalako abiaduran Estatu eta nazioarte mailan fenomeno politiko-sozialak lokalismotik atereaz. Giroa bero zegoen. Memorian hain finkaturik geratu ez den gertakari bat erakusgarri:

1934ko urrian gertatu zen, eskuin muturretik gertu ikusia zen CEDAko hiru ministro Lerrouxen gobernuan sartu zirenean. Hobeki esanda, hau azken tanta izan zen, lehenagotik baitzetorren kontua. Hitlerren eta Austriako eskuindarren gorakadaren testuinguruan, faxismoa bilakatu zen langile mugimenduen etsai zentrala garai hartako Europan. Mehatxu horren aurrean, UGTk altxamendu iraultzaile bat planifikatu zuen Estatu osorako. Boterea hartu eta gizarte berri bat eraikitzea agertu zuten asmo gisa. Honela, Tolosan, urriaren 5an, bertako lantegi eta tailerretako langileek hiria beren esku hartu zuten. Barrikadak finkatu zituzten hiriaren ipar eta hego sarreretan.  Tren geltokia hartu zuten. Jarduera produktibo guztiak eta merkataritza bertan behera gelditu ziren. Planaren arabera autoritateak «erabilgaitz bihurtu» behar zituzten, garraio mota guztiak eta armak konfiskatu. «Altoari» jaramon egin ez zion autokamioiak iraulita bukatu zuen San Frantziskoren aurrean. Telekomunikabideen kontrolean egin zuten akatsa ordea. Grebaren bigarren egunean hartu zuten Telefono Zentrala. Lehenengo egunean ordea, Fidel Azurza alkate tradizionalistak Estatu indarrei informe eta albisteak pasatu zizkien telefonoz. Urgentzia berezia erakutsi zuten Tolosako sua itzaltzeko. Trenaren errailak hausten ere saiatu ziren, baina errepresio azkarra antolatu zen Donostia, Iruñea eta Gasteiztik. Eibar eta Arrasate pasatu dira historiara greba harengatik, baina agian badu zerikusia posizio geografikoak, eta agintarien lehentasunak, Tolosa zinez hiri garrantzitsua (eta arriskutsua) baitzitzaien.

Urriaren 6an iritsi ziren militarrak Tolosara. Besteak beste, Julian Rouge sindikalista gaztea Rondilla kalean tirokaturik hil zuten. Langileek uko egin zioten lantegietara itzultzeari. Deialdia zabaldurik zegoen gainera, bai baitirudi CNTko anarkistak eta ELAko nazionalistak ere elkartu zitzaizkiela. Gauez militarrak saboteatu zituzten, tiroka edota lehergailuekin, zortzi egunetan zehar. Indarrak akiturik, urriaren 12an bere postuetara itzultzen hasi ziren langileak. Tolosaren okupazio militarrak ordea hilabete eta erdi iraungo zuen. Gipuzkoako indar kontserbadoreek euren prestaketei ekingo zien. Diario Vasco bera ere, eurek aitortuta, greba honen ondorioz sortu zen. Langile kaleratzeak eta kartzelatzeak eman ziren, giroa are gehiago berotu zutenak. Gizarte polarizazioa sakontzeko egoera paregabea zen. Gerra, gerrak hartu zuen forma, ezin uler liteke bestela. Tolosako miliziano sozialista batek, gerra piztu zenean, eskuindar bati bota omen zion: «Que su familia ni qué cojones, tú a la camioneta con los demás, aquí no hay contemplaciones, pues en octubre también nos fastidiasteis vosotros». Eguraldia ez zen ona izango, ordura arte ere ez baitzen ona izan.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!