Segurtasuna handitzeko lanak, eskualdeko hainbat errepidetan

Ataria 2014ko uztailaren 7a

Gipuzkoako Foru Aldundiak datozen hilabeteetan inbertsio handia egingo du bide segurtasunaren arloan, gidarien, txirrindularien eta oinezkoen segurtasuna handitzeko. Inbertsioaren zati bat, 6,6 milioi, Foru Aldundiak zuzenean egingo du eta beste 2,7 milioi Bidegi sozietate publikoaren bidez. Iruran, Alegian, Berrobin eta Ibarran egingo dituzte lanak. Lizartzan ari dira jada.

Istripu gehien duten tarteen inguruan bai Aldundiak bai Bidegik azterketak egin dituzte eta puntu horietako bakoitzak beharko lukeen konponbidea zehaztu da. Konponbide askok abiadura murriztearekin dute zerikusia, eta abiadura murriztea lortzeko modurik eraginkorrena radarrak jartzea denez,  Aldundiak Eusko Jaurlaritzari eskaera egin dio hainbat puntutan radarrak jar ditzan, baina, oraingoz behintzat, ez du erantzunik jaso. AP-8, AP-1, N-I eta GI-20 errepideetako tarteetan jarduera diferenteak egingo dira.

Lur zorua hobetuko da zenbait puntutan. Seinaleztapenari dagokionez, bai zutikako seinaleak eta baita margo bidez egindakoak ere egokitu eta berritu egingo dira. Errepide inguruetako hesiak ere oso garrantzitsuak dira bide segurtasunaren ikuspegitik, eta horregatik hainbat puntutan ezarriko dira sistema horiek.

Herritako auzuneetara iristeko ezinbesteko diren errepide sare lokalean ere, urteoro bezela, lurzoruak birgaitzeko eta hobetzeko jarduerak egingo dira hainbat udalerrietan. Milioi bat pasatxo bideratuko da horretarako. Bidegurutzeak hobetzeko lanak egingo dira, esate baterako, Iruran, Berrobin eta Alegian.

Zirkulazioa lasaitzeko proiektuak ere badira tartean. Batez ere herri guneetan edo auzuneetan gidari, txirrindulari zein oinezkoen segurtasuna areagotzeko. Lizartzan dagoeneko hasi dira lanak eta datozen hilabeetan aurreikusita dauden proiektuen artean Ibarrakoa dago. Miloi bat euro bideratuko da horretarako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!