Hitzarmena sinatu dute Grafikagintzan

Tolosaldeko Ataria 2014ko eka. 27a, 17:29
SAM enpresa da Tolosaldeko Grafikagintzako enpresarik handienetakoa
Urte eta erdi aritu dira Grafikagintzako hitzarmena negoziatzen eta azkenean sinatu dute Gipuzkoako Grafikagintzako enpresei eragingo dien hitzarmen kolektiboa. Eskualdean asko dira sektore honetako enpresak, SAM, Unipapel, Borobil, Limousin, Graficas Laga, Zelatun, Mandriles Cicarsa, Fábrica de Papeles Crepado eta Corenso dira handienak, baina tailer txiki askori ere eragiten die.

Lortutako hitzarmenak 2013rako KPIaren %25eko igoera aurreikusten du, eta 2014 eta 2015 uteetarako KPIa. Era berean, ADEGI patronalak igoerak ez aplikatzeko erabili nahi zuen 24. artikuluaren atala kendu dute. Hitzarmenaren iraupena mugagabea da, eta indarrean jarraituko du amaituta ere. Hitzarmena ez betetzeko langile eta enpresaren arteko akordioa beharko da.

LABek positiboki baloratu du lortutako akordioa, eta "lan erreformari aurre egiten" diola esan du. "Sektorearen egoera kontuan izanda hitzarmenari jartzen genizkion helburuak bete ditugu; atzerapausorik ez, KPIaren erreferentziaren araberako soldata igoerak eta lan erreforma mugatzeko klausulak", esan du sindikatuak. Lortutako akordioak enpresa handi zein txikietako langileak babesten dituela esan du LABek.

Hitzarmen gehienak blokeatuta

Nahiz eta Gipuzkoako Grafikagintzako hitzarmena lortu den, herrialdeko hitzarmen gehienak blokeatuta jarraitzen dutela salatu du LABek. Hori dela eta, sindikatuak hainbat mobilizazio burutu ditu, eta hurrengoa uztailaren 2an, asteazkenean, izango da: goizean Donostian, Artzai Onean, egingo dute elkarretaratzea 11:00etan, eta arratsaldean eskualde mailakoak egingo dituzte, eta Tolosaldeko langileak Goierrin bilduko dira, Ordizian, 19:00etan.

Mobilizazioez gain, negoziazio kolektiboaren aldeko mozioak aurkeztu ditu sindikatuak hainbat udaletan. Tolosan asteleheneko osoko bilkuran eztabaidatuko dute.

Mozioak gaur egungo egoera larria dela dio, "Euskal Herriko herritarren pobretze prozesua aurrera doa, langabezia tasak izugarriak dira, lana egiteak gaur egun ez du bermatzen pobrezia egoeratik ateratzea, eta egiten diren kontratazio berriak prekarietate baldintzetan egiten dira. Egoeraren gordintasuna bereziki pairatzen duten kolektiboak dira gazteak, emakumeak eta denbora luzez langabezian egon eta lan mundura sartzeko geroz eta aukera mugatuagoak dituzten 45 urtetik gorako langileak, besteren artean", dio mozioak.

Negoziazioa kolektiboaren blokeoak "errealitate gordin honen sakontzea" dakarrela gaineratzen du. "Euskal Herriko langileek behar dituzten lan baldintzak eta Euskal Herriko gizarteak behar dituen lan harremanak ezin dira epaitegietan erabaki patronalak nahi duen bezala. Hemengo lan harremanak hemen erabakitzeko eskubidea eduki behar dugu". Hau guztia dela eta mozioan instituzioei lan erreformaren kontra eta negoziazio kolektiboaren alde azaltzeko, eta patronalari mantentzen duen blokeo jarrera apurtzeko eskatzen dio. Bukatzeko herritarrei hitzarmenen defentsan burutzen diren mobilizazioetan parte hartzeko gonbita luzatzen da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!