Urruzola, Altuna eta Artolaren debuta

Eskualdeko frontoien umeak

Asier Imaz / Mikel Iraola 2014ko eka. 27a, 16:00

Aste berean eskualdeko hiru pilotari igaroko dira profesionaletara. Asteartean egin zuten jauzia Altunak eta Urruzolak; bihar egingo du Artolak

Esku pilota indartsu dago eskualdean. Horren erakusgarri, lehendik profesionaletan ari diren pilotariez gainera, aste berean profesional bilakatuko diren hiru gazteren adibidea: San Joan egunez jokatu dute profesionaletan lehen partida Jokin Altuna amezketarrak eta Julen Urruzola asteasuarrak; bihar, berriz, Alegiako Iñaki Artolaren txanda izango da. Pasa den urtearen amaieran egin zuten debuta Xabier Tolosa anoetarrak eta Erik Jaka lizartzarrak. Ekaitz Saralegi amezketarrak eta Mikel Olaetxea lizartzarrak, berriz, urteak daramatzate pilotalekuz pilotaleku.

Aupa Jokin, hau hasi besteik eztek in zioen Astelenako lehen solairuan Altunaren lagunek jarritako pankartak. Eta hasi orduko irabazi du jada Amezketakoak, Barriola lagun zuela, Titin III.a eta Tolosari 20-22 gailenduz ekin baitzion ibilbide berri honi: «Oso pozik nago debutarekin, eta Titin bezalako pilotari handi baten aurrean lortutako garaipenarekin», esan dio Tolosaldeko Ataria-ri. Urduri pasa zuen eguna. Goizean goiz esnatu eta kalean paseotxo bat eman zuen. «Jokatzeko sekulako gogoa nuen. Bazkaldu ondoren joan nintzen Eibarrera, eta aldageletan pilotari guztiak izan ginen». Titinek inpresio berezia sortu zion, eta kantxatik at ere «maisua» dela erakutsi zuen.

 


Baina urduritasun hori ondoren ez zen jokoan islatu. Altunak ez zirudien esperientziarik gabeko pilotaria. «Partida borrokatua izan zen. Harrotu egin ginen bi aurrelariak, gaiztakerietan ibili ginen. Irabazteko aukera sortu zitzaigun, eta baliatu egin genuen». Kantxan «eroso» sentitu zela dio amezketarrak. Ondorioz, gainontzeko pilotari, zale, familiarteko zein lagunen zorion mezuak jaso zituen: «Badakit beraiek ere pozik daudela. Ondo ospatu genuen. Egun ederra izan zen».

Amezketarrek poz hori Astelenako harmailetan ere transmititu zuten. Giro ederra ipini zuten hiru autobus bete zituzten herritarrek, eta ez zioten beren laguna animatzeari utzi. Hori eskertu zuen Altunak: «Hasieran urduri jartzen du hainbesteko hotsak. Baina gero indar asko eman zidaten, eta eskertzekoa da». Harro dago euretaz pilotari gaztea.

Julen Urruzola ere ez da kexatzen animo faltagatik. Berak ezingo du esan profesional mailako bere lehen partida irabazi zuenik, baina harro dago lortutakoaz. Ezkurdiarekin batera aritu zen, eta 22-10 galdu zuen Jaka eta Cecilioren aurka. Hasieran nahiko lasai zegoela dio asteasuarrak, baina bi txapa eman ondoren, konfiantza galtzen joan zela dio. «Zorte txar pixka bat ere izan genuen. Ezkurdiak ere esan zuen pilotak jarri ezinik zebilela. Egun txarra izan genuen, eta ez zitzaigun ezer atera».



Hala erre, porrotak ez du kikilduko Asteasukoa, eta lanean «gogor» jarraituko duela azaldu du. Anekdota gisa, partidaren amaieran aldageletako korridorean Aritz Laskurain pilotaria gerturatu zitzaiola eta lasaitu egin zuen: «Esan zidan berak aurreneko 6-7 partidak galdu egin zituela, eta horrek ez duela ezer esan nahi. Pixkana joango naizela konfiantza hartzen».

Konfiantza hori irabazten joateko hurrengo aukera asteburu honetan bertan izango dute bai Altunak, baita Urruzolak ere. Lehenak, Donostian jokatuko du igandean, Atano III.a pilotalekuan, Ekaitz Saralegi herritarraren aurka. Asteasukoak, berriz, etxean jokatuko du, bertako festak direla eta. Aritz Lasarekin osatuko du bikotea eta Mendizabal eta Pascual izango dituzte parean. Ibilbide luze baten bigarren pausoak besterik ez dira hauek. Hau hasi besterik ez da egin.

Bost urtez geroztik, frontoian

Jokin Altunak hiru urterako kontratu profesionala sinatu du Asperekin. Eta pilota enpresak badu hori egiteko bermerik; bost urtez geroztik pilotari eman eta eman ari baita 18 urteko pilotari amezketarra: «Bost urterekin jokatu nuen nire lehenengo partida, Andoainen. Zaharragoen kontra jokatu genuen, egurra hartu genuen, baina beti izango dut gogoan partida hura», adierazi zion Altunak Tolosaldeko Atariari profesionaletan debutatuko zuela jakin zenean.

Amezketako frontoian pilotan zebilela Xalton Zabala entrenatzaileak ikusi, hark Altunaren aitari esan entrenatuko zuela eta gaur arte aritu da.

«Nire bi osabak erremontistak ziren, eta txikitatik ezagutu dut frontoietako giroa. Etxe ondoan frontoia nuen, eta aspertuta nengoen bakoitzean bertara joaten nintzen. Lehenengo gauza egiteko nuena, frontoira joatea zen». Pilota eskolan ere oso gustura ibili zela gogoratzen du Altunak.

Hamalau urterekin Errandonearekin hasi zen entrenatzen: «Halako albisteak ilusio handiarekin hartzen dira, eta zuri kasu egin badizue ba zerbaitegatik dela pentsatzen duzu. Aukera handi bat bezala hartzen duzu, eta ametsa bilakatzen da».

Infantiletan, ordea, izan zuen krisirik: «13 urte nituela, nire inguruko lagunak kolpetik hazi egin ziren. Ni ez, ordea. Eta Errenterian jokatu nuen partida batean, sakez hiru falta egin nituen, eta negarrez hasi nintzen. Etxera bueltan aitari esaten nion nik pilotan segitzekotan gustura nengoelako segi nahi nuela, eta une horretan ez nengoen batere gustura». Handik denbora pixka batera hazi zen bera ere, eta atera zuen arantza: «Beste partida batean, Errenterian aurkari izan nituenei irabazi egin genien. Poz handia eman zigun horrek».

Horri, 2012an jubeniletan Bergara Hiria Txapelketa irabazi izana gehitu behar zaio: «Ez nuen espero, eta irabazi egin genuen. Neure buruarekin konfiantza hartzeko balio izan zuen».

Altuna ez da orain arte erakutsi duen mailarekin konformatzen: «Zu zarenarekin ez duzu behin era gelditu behar; hobetzen segi behar duzu, eta ez konformatu».

Ibilbide horretan, pilotari ausarta bilakatu da, aurrean tantoak bukatzea gustatzen zaiona: «Atzelariak dominatu egin behar du, eta aurrelariak bukatu. Horretan saiatzen naiz batik bat». Ekaitz Saralegi herriko pilotaria du erreferente, pilota errematatzen «onenetakoa» dela uste baitu.

Berandu, baina seguru



Julen Urruzola pilotari asteasuarrak ere hiru urterako sinatu du Asperekin. Honen kasuan, baina, beranduago dator debuta; ia 23 urterekin. «Iñaki eta Jokin txiki-txikitatik ari dira pilotan, eta pixkana hasi dira Asperekin eta Asegarcerekin entrenatzen. Nire kasuan, ni berandu hasi nintzen pilotan, eta azkarragoa izan da dena». Hala, maiatza hasieran egin zuen entrenamendu bat Asperekin. Gustura zeudela esan eta aurrera jarraitu dute. Harrezkero, haiekin entrenatu du, eta haien prestatzaile fisikoarekin prestatu du gorputza. Aurretik, azken sei urteetan, Usurbilgo pilota eskolan aritu da. «Esan daiteke pilotari gisa han egin naizela».

Gauzak ondo ateratzen ari zaizkio Urruzolari, «eta zorte pixka bat ere eduki dut». Izan ere, partida gehienak irabazten ari da (Euskadiko Txapelketa, GRAVNI, Biharko Izarrak,...), eta horrek konfiantza ematen dio.

«Ez naiz kolpe berezia duen pilotaria. Lan gehiago egiten duen pilotaria naiz, Barriolaren estiloan. Tantoa sartzea gehiago kostatzen zait», dio bere buruari buruz.

Profesionaletara eman duen jauzia ere patxadaz hartu du, urduritasunik gabe. «Lehen urtea pasata ikusiko dugu noraino irits gintezkeen. Bien bitartean, ilusio eta gogoarekin nago, disfrutatzeko gogoarekin».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!