Beotibarren sakabanaketaren aurkako azken pilotakadak

Maier Ugartemendia 2014ko eka. 25a, 08:30
Igandean, Pilotakadaz pilotakada ekimeneko Gipuzkoako finalak Tolosako Beotibarren jokatuko dira

Urtarrilean abiatu zuen Etxerat elkarteak sakabanaketaren aurkako Pilotakadaz pilotakada ekimena. Etxerat euskal preso eta iheslari politikoen senideek osatzen duten elkartea da, eta eurak zuzenean pairatzen duten sakabanaketarekin amaitzeko «frontoi guztiak betetzea» izan du helburua dinamika honek, Jon Ijurko Etxerateko kideak azaldu bezala. Sakabanaketak bai presoei eta baita euren senideei ere «izugarrizko mina» eragiten die, eta sufrimendu hori ere «gizarteratu» nahi izan dute ekimen honekin.
Urtarrilean hasiera eman zioten ekimena igande honetan amaituko dute, Euskal Herriko lurralde ezberdinetan jokatuko diren finaletan: Lekornen, Elorrion, Gasteizko Ogetan, Uharteko Euskal Jai Berrin eta Tolosako Beotibarren. Gipuzkoan, beste herrialdetan ez bezala, ez dute txapelketa bat antolatu. Eskualdez eskualde asteburu batean ospatu dituzte jaialdiak, eta gure eskualdeari zegokiona maiatzaren 10ean ospatu zuten Zizurkilen: «giro polita sortu zen» dio Ijurkok. Zizurkilen 25 bikote aritu ziren modalitate ezberdinetako partidetan jokatzen: «pala partidak, adin ezbernietakoen txapelketa, txokotakoa... Goizean jokatu zituzten partidak eta arratsaldean finalak. Tartean bazkaltzeko «50 lagun inguru» bildu ziren. Ijurkoren esanetan, pasakako modalitatea izan zen «ikusmin gehien» sortu zuena.
Gipuzkoako eskualde guztietan ekimenak asteburu batean bere ospakizuna egin ostean, eskualde guztiak igande honetan bilduko dira, esan bezala, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Honela, pilotarietatik sakabanaketaren aurka egiteko sortu zen ideia hura, bere amaierara iristen ari da «senideen inplikazio eta lanari esker». Igande honetako finala prestatzeko ere lan egin dute, eta jada prest dute goiz osoko egitaraua Txokotako finaletan eskualde ezberdinetan aritu diren pilotariak aritzeaz gain, interesa duen edonork eman ahal izango du izena egunean bertan jokatzeko. Bestalde bertso pilota eta Usurbilgo talde batek urritasun gutxitua duten gurpil aulkiko paleta partida ere eskainiko du. Etxeraten ekitaldi nagusia, berriz, 12:15ean izango da, eta bertan Gipuzkoako senide eta lagunek parte hartuko dute. Eurak izango dira ekitaldiaren amaieran agurra eta ikurrin dantzarekin omenalditxo bat jasoko dutenak ere. Azkenik, 1.000 pintxo eta edariak izango dira denetzat.

Egitaraua
EKAINAK 29, IGANDEA
10:00. Barrene/Txokotan txapelketa herrikoia.
10:45. Bertso pilota.
11:30. Urritasun gutxitua duten gurpil aulkiko paleta partida.
12:15. Etxeraten ekitaldia.
Ondoren. Pintxoak eta edariak denentzat.


Azken ostirala eskualdean
Etxerateko azken hilabetekariaren arabera, 475 euskal preso politiko daude 70 espetxetan sakabanatuta. Gehienak Espainiako eta Frantziako espetxeetan sakabanatuta, nahiz eta Ingalaterran, Portugalen eta Ipar Irlandan ere badauden.
Ijurkoren esanetan eskualdean «hemezortzi» euskal preso daude eta iheslariak ere badira. Euskal presoen senideek bataz beste «1.000 kilometro» inguru egin behar izaten dituzte euren senideak ikustera joateko. Etxeraten azken hilabetekariaren arabera, «291 euskal preso Euskal Herritik 500 eta 990 kilometrotara dauden espetxeetan» daude, «64 dira 1.000 eta 1.100 kilometrotara» daudenak. Aldiz, «sei preso daude Euskal Herriko lau espetxeetan».
Sakabanaketaren salaketa eskaera, preso eta iheslarien eskubideen errespetuarenarekin lotuko dute hileko azken ostiralean eskualdean egingo diren elkarretaratzeetan ere. Bertan bilduko dira eskualdeko herritarrak bi eskaera horiek aldarrikatzeko asmoz.

Azken ostirala
Aduna. 20:00etan.
Alegia. 19:30ean.
Altzo. 18:30ean.
Amasa-Villabona. 20:00etan.
Amezketa. 19:30ean.
Anoeta. 19:30ean.
Asteasu. 19:00etan.
Berrobi. 19:30ean.
Berastegi. 19:30ean.
Ibarra. 19:30ean.
Ikaztegieta. 20:30ean.
Irura. 19:30ean.
Gaztelu. 19:30ean.
Leaburu. 20:15ean.
Lizartza. 20:00etan.
Tolosa. 19:30ean.
Zizurkil. 20:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!