Pilota jaialdia 17:00etan hasiko da. Urruzola asteasuarrak Ezkurdia izango du aurrelari. Aurkariak, Jaka lizartzarra eta Cecilio errioxarra izango dituzte. Atzean lan zaila izango du Urruzolak, Cecilio pilotari berezia eta gogorra baita.
Eibarko bigarren partidan Jokin Altuna amezketarraren txanda izango da. Jaialdiko partida estelarra izango da Altuna III.ak jokatuko duena. Esanahi handiko lehia izango da, gainera. Izan ere, Titin III.ak agur esango dio Astelena pilotalekuari, eta amezketarrak adio horretan parte hartzeko aukera izango du, errioxarraren aurkari bezala aurreko koadroetan. Jokin Altunaren atzelaria Barriola izango da, eta Titin III.arekin, eskualdeko beste pilotari gazte bat ariko da, Xabier Tolosa anoetarra. Aipatu, Amezketatik autobusa antolatu dutela biharko jaialdirako.
Asteasuren lehen porrota
Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren finalerdietako lehen partidak jokatu ziren iragan ostiralean. Asteasuk Oiartzunen aurka jokatzen zuen joanekoa. 1-2 galdu zuten asteasuarrek etxean. Kadeteetan, 22-3 irabazi zieten oiartzuarrei, baina ondorengo bi partidetan galtzea tokatu zitzaien. Jubeniletan 2-22 eta nagusietan 12-22. Azken partida honetan oiartzuarrek ederki hartu zioten neurria asteasuarrei, eta Xabi Urbieta aurrelaria ekidite aldera, lehiaren pisu guztia atzean jarri zuten.
Itzulerako partida hilaren 26an, ostegunez, jokatuko da Oiartzunen, 19:00etatik aurrera. Asteasutik bertara joateko eskatu dute. Iragan astean frontoia bete zuten zaleek, eta oraingoan ere babes hori eskertuko lukete kanporaketari buelta emateko.