Alegialdeko osasun arreta okerragotu egin dela salatu du LABek

Tolosaldeko Ataria 2014ko eka. 23a, 16:48
LAB sindikatuak Alegian mediku bat bajan dagoela eta ez dutela ordezkatu salatu du. Ondorioz, Alegian bertan, eta baita Baliarrain, Amezketa, Abaltzisketa, Bidania-Goiatz, Albiztur eta Ikaztegietan ere ez da osasun zerbitzua bermatzen sindikatuaren esanetan.

LAB sindikatuak Alegiako Unitatean bajan dagoen mediku bat ez dutela ordezkatu salatu du."Alegiako lehen arretako unitatean biztanleek izango duten osasun zerbitzua bermatze aldera LAB sindikatuak bajan dagoen sendagilea lehenbailehen ordezkatzea" eskatu du. Zentzu honetan Osakidetzaren arduragabekeria nabarmendu du, "berdin zaio biztanleari zein asistentzia ematen zaion, zein baldintzatan egiten den lana eta zein ondorio larri izan dezakeen eguneroko egoera honek", esan dute.

Alegiako lehen arretako unitatean gaur egun osasun zerbitzua eskaintzeko 5 mediku eta pediatra bat daude honela banatuta: Legorreta- Baliarrainen mediku bat, Amezketa-Abaltzisketan beste bat, Bidegoian-Albiztur-Beizaman ere mediku bat, eta Alegia-Ikaztegieta-Bedaion bi mediku. "5 mediku horietatik, 2 oporretan daude eta ordezko bakar  bat jarri dute 2 kupoak egiteko", esan du sindikatuak.

Lau egunetan ez dute ordezkatuko
LABek salatu duenez baja hartu duen medikua, Amezketakoa, ez dute lau egunetan ordezkatuko, eta lan hori betetzeko mediku bat etorriko da ordu t'erdiz kontsulta pasatzera, 10:00etatik 11:30era. "Mediku hau gero Bidania-Goiatzera joango da, 12:00etatik 14:00etara, eta gero Alegiara, 15:00etatik 17:00etara", esan du sindikatuak.

Amezketa-Abaltzisketa eta Bidania-Goiatz-Albiztur-Beizama herrietako biztanleek medikua behar badute, bere herrian ez dagoen orduan, Alegiara joan behar direla ere salatu du sindikatuak, mediku horrek 3 kupo artatu beharko dituela nabarmenduz.


Etxera joateko larrialdiren bat baldin badago, "lan gutxiago" duen medikuak joan beharko duela ere esan du, "edozein lekutan dagola ere".


Egoera horrela izanik, eta Alegiako lehen arretako unitatean herri txiki hauetako biztanleek izango duten osasun zerbitzua bermatze aldera LAB sindikatuak bajan dagoen sendagilea lehenbailehen ordezkatzea eskatu du.


LAB sindikatuak egoera larri honen aurrean Ekialde Eskualdeko Pertsonal buruarekin eta zuzendaritzako kideekin hitz egiten saiatu dela esan du, baina ez du lortu, "hitzordua eskatzeko esan digute, ahal duenean biltzeko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!