Eguzkiaren musika festaren haritik

Felix Aiestaran 2014ko ekainaren 21a

Orkestra bateko zuzendaria izatea, garaiotan Gobi basamortua zeharkatzea adinako abentura den arren, Migel Zeberio tolosarrak erronkari eutsi eta orkestra zuzendari modura hainbat musika egitasmo gauzatu eta beste hainbat buruan ditu.

Eguzkiaren argiaren garaipena ospatzeko, eskandinaviarrek negu ilunarekiko eguzkiaren garaipen eskasa lorezko koroez ospatzen duten modura, 2000. urtean eguraldi txarragatik Izaskungo ermitan hasi ondoren hurrengo hiru urteetan Uzturreko gurutze ondoko zuloak anfiteatro naturalean egin zituen solstizio kontzertuak 1996an sortutako Et Incarnatus orkestrak. 2004. urtetik aurrera, Urkizu aldeko Iraola zuloko basoaren altzoan hasi ziren emanaldia egiten, eta aurten ere, ekainaren 22ko 12:30ean berriro piztuko den musika festara gonbidatzen gaituzte denok.


Mintza zaitez zure ibilbide musikalaz...
Sei urterekin herriko bandako zuzendaria zen J. Antonio Ruiz Bonaren etxean solfeoa ikasten hasi eta Donostiako kontserbatorioan koru zuzendaritza ikasketak Miguel Amantegirekin hogei bat urte geroago bukatu nituen. Tartean hamaikatxo irakasle eta ondoren beste hainbat koruren zuzendari izateak eskarmentua eskaini didate. 1996 urtean Tolosako Santa Maria Kaperako maisu nintzenean Et Incarnatus Orkestra sortu nuen eta honek beste mundu batzuk ezagutzeko aukera eman dit.

 

 


Etxetik musika xurgatu zenuten... Telebistarik ez zenuten ezta?
Txikitandik, musikari, arteari eta kulturari oso lotua zegoen ingurunean bizitzeko aukera izan nuen etxetik. Telebistak ez bezala, musikak, irrati, disko eta kontzertuen bidez, eta musikaren inguruko jendeek bezala, idazle, artista plastiko, era guztietako aldizkariek, bidaiari eta abarrek gurasoen etxeko ateak irekiak zituzten. Ingurumari horrek zentzumenak irekiarazten dizkizu. Artearen bidez jendaurrean zerbait eskaintzeak duen balioaz eta bere edertasunaz jabetu naiz.


Horrenbeste anai-arreba musika munduan CDrik ere ez da beharko... Zer moduz moldatzen zarete? Ama gustura sentituko da horrenbeste seme eta biloba batera ikustean Urkizu inguruan musikaren inguruan bilduta...
Seitik lau anai-arreba gara musikaren bidea hartu dugunak eta osagarri gisa taldea ondo borobiltzeko badugu medikua eta abokatua ere. Elkarlana, bakoitzaren izateko eraren eta interesen gainetik maiz jorratzen dugu. Aberasgarria  da proiektuetan guztiengandik ekarpenak bateratzea. Elkarren arteko otorduak askotan nahiko monografiko ere bihur daitezke, entsegu egitarau edo grabaketak direla, eta orduan amaren kexa izaten da.


Nola erabaki zenuen musika zuzendari izatea?
Erabaki, erabaki... 19 urterekin eman nien berria gurasoei. Egia esan orduan bide luzea nuen egiteko oraindik, baina tira, ahal zuten guztian beren babesa eskaini zidaten.


Prestakuntza eta izaera aldetik nolakoa izan behar du orkestra zuzendari batek? Musika eskolak musika ikasleez gainezka daude... Musika irakaskuntzaz zer diozu?
Musika eskolek eskola eta ikastoletan musikak ez duen tokia betetzera datoz eta beraz beharrezkoak dira. Musika eta beste adiera artistikoek hezkuntzan ardatz nagusietakoa behar lukete. Errealitatea bestelakoa da ordea; legeak aldatuz doazen heinean, esparru hau ahalik eta ikusezinago bihurtzera bultzatzen dute. Argi dago bultzatu nahi den gizarte mota materialista eta ahalik eta menderagarriena dela.

 

 

 


Ez al dago inoiz baino musikari gehiago?
Musikariaz, musika ikasi duen oro ulertzen badugu bai, hala da, beraz idazten duen oro idazle, sukaldari, pilotu… Ñabardura honetaz gain, bai, musikatik bizi garenon kopuruak gora egin du gure inguruan.


Musikari maila handia al dago?
Ikasteko, inoiz izan den aukera handiena dago: musika eskola, kontserbatorioa edo Musikene bezalako goi mailako zentroak ditugu inguruan.


Musika klasikoak zer toki du gaur egun?
Klasiko etiketa, beste etiketen modura, tribu baten gustuetara mugatzen den musika mota litzateke. Seriotasuna, kultura jakituria eta abar ordezkatu ditu orain arteraino. Ez naiz etiketa zale, eta ikusi besterik ez dago nola, adibide gisa, EOS-etik azken urteetan Ken 7-ko popari edo beren iritziz gauza arinagoak direnei keinu egiten saiatzen diren.


Herri musika oso gogokoa duzu... Leidorreko inauterietako emanaldi berezian ilea moztu ere egin zizuten...
Musika ez sailkatzeko nahia azaleratzen saiatzen naiz, horretan sinesten dudalako. Finean, musikaren bidez, entzulearekin neronek aurretik hausnartutako inpresio, sentsazio edo ideia batzuk tartekatzea eta horien bidez gozatzea dut helburu. Beti ere nire ezagueraren mugen barruan.


Antxon Bandres ere laguntzaile handia izan zenuen, solstizio kontzertuaren hasieratik.
Antzokietatik kanpo ekitaldi berezi bat antolatzeak merezi zuela sinistua nengoen, 2000. urtean. Solstizio kontzertua musika, natura, euskal mundua eta kultura oro har lotuko zituen emanaldi berezia da. Talde bikaina eta gaztea osatzen genuen Et Incarnatus-en eta aurrera egitea erabaki genuen. Toki aproposaren bila, Uzturreko gurutzearen ondoan dagoen belardiko zuloa anfiteatro natural paregabea iruditu zitzaidan. Hura gauzatzeko ordea, beharrezkoa zen gutxieneko azpiegitura. Garraioa antolatu beharra zegoen aulki gutxi batzuk eta sikiera kontrabaxu eta txeloak eramateko. Ez dut gogoan nolatan jo nuen Antxonengana laguntza eske. Gerora ikusi ahal izan dut, beste askok ere pertsona berdinarengana jo izan dutela hamaika proiektutarako. Bagenuen elkarren ezagutzarik, etxeko laguna zen baina adinean aldea bagenuen. Land Roverra zuen, mendizale, kulturazale, inauterizale eta langile traza ere bai, ziurrenik, orkestrarekin emandako pausoak jarraitu eta horretan ere hurbilekoa zitzaigun, ordurako. Ondoren jakin nuen lagun dezente partekatzen genituela: Josu Iztueta, J. M. Tuduri, Iñaki Epelde eta abar. Lotsa gutxirekin, asmoak azaldu eta lehen minututik bere baietza jaso nuen. Antxonen modus operandia oraindik ere harrigarri suertatzen zait. Nire aldean pertsona jantzi eta jakintsua izanik, kontzertua baino hilabete batzuk lehenago hitzordua egiten genuen Asteasuarran edo.


Zer dela-eta San Joan inguruan natura, argiaren garaipena musikaz ospakizuna egitean laguntzaile ugariren lana izaten da inguruan? Tartean iaz omendu zenuten Iñaki Epelderena.
Solstizio kontzertuak maila desberdinetan lan egitea eskatzen du; alde musikala nagusia da noski. Kontzeptualki, kontzertu hau zein beste proiektu garrantzitsuetan Iñaki izan dut bidelagun. Ideiak garatzeko eta jendaurrean aurkeztu aurretik, lanketa berezia eskatzen dute, maila teorikoan ahalegina. Epelderen ezaguera zabalak: artea eta kulturaren kontzeptu zabalenean, historia, etnografia, erlijioa… Musikari talde egokia: gogoz eta trebeziaz jantzia, lanerako prest. Errepertorioaren aukeraketak ere buruhauste ugari ematen du, beti da konprometitua zer non jotzeko irizpidea zehaztea. Zentzuduna, errazkerian erori gabe atsegina eta erakargarria, orkestraren ildotik gertukoa, berritzailea… Antolaketa mailan berriz, xinplea dirudiena erabaki txiki askoren ondorioa da. Orain dela bi urtera arte Antxon Bandresek hartzen zuen guztia koordinatzeko ardura. Lanerako prest egon litekeen oro bideratzen jakin behar da…


Antolamendua lagunartekoa izanik, kontzertuak lortu duen garrantzia-eta kontutan izanik, eskertzekoa litzateke erakunderen batetik interes keinuren bat…


Aurten zer-nolako eskaintza izango da?
Orkestrarekin bateratuko dira esparru desberdinetako jotzaile eta kantariak: 17. mendeko dantzak, Tapia eta Leturiaren musikak edo Beatlesen kantak harilkatuko ditugu. Betikotsu, uda sasoiari ongi etorria ahalik eta modu ederrenean emango diogu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!