Zaletuentzat, lehen mailako futbolariak

I. Terradillos-M. Iraola-I. Garcia Landa 2014ko eka. 22a, 19:00
Joxe Manuel Luluagari eta IƱaki Altunari futbolean aritzeko grinarik ez zaie falta oraindik
Sekulako kirol balentria lortu du Eibar futbol taldeak, lehen mailarako txartela lortuz. Eibarren aritutako Tolosaldeko hiru futbolari ilusio handiz bizitzen ari dira une historiko hau

Eibar futbol taldea ospakizunetan dabil. Batetik, lehen mailara igo berri da eta bestetik klubaren 75. urteurrena ospatzen ari dira. Tolosaldeak badu lotura zuzena talde horrekin, eskualdeko hainbat futbolarik euren arrastoa utzia baitute. Izan ere, klubaren historian zaletuek aukeratutako hamaikako onenean sartu dituzte Joxe Manuel Luluaga eta Iñaki Altuna lizartzarrak eta Jose Ignazio Garmendia zizurkildarra. Bestalde, ikuspegi teknikotik egindako hamaikako onenean Xabi Alonso tolosarra aukeratu dute.


Luluagak, Altunak eta Garmendiak ilusioz bizi izan dute bai Eibar lehen maila igotzea eta baita zaletuen aukeraketa ere. «Inork ez zuen pentsatzen Eibar lehenengo mailara igoko zela», esan du Luluagak. «Denentzako ezustekoa izan da, baina ligak aurrera egin ahala ezustekoa gero eta txikiagoa izan da, eta azkenean sekulako lorpena izan da, batez ere kirolarentzako eta futbolarentzako». Denboraldiaren erdialdean, Altunak aukera handiak ikusten zizkion taldeari. Garmendiak, bere aldetik, denboraldi hasieran ez zuen espero horrelakorik, «gero denboraldi erdialdean esperantza, eta azkeneko bi hilabeteetan taldea serio zihoala ikusten zen, ez zuela atzerapausorik ematen, indartsu zegoela eta beraiek lortu dute sinistu dutelako. Azkeneko lauzpabost partidetan ikusi nuen seguru lortuko zutela, beraiei ikusita nola iritsi ziren bukaerara».

 

 


Jokalari zirenean egun baten Eibar lehen mailan izango zela galdetuz gero, «mirari bat bezala» ikusiko zuela dio Garmendiak. «Guk urte on batzuk izan genituen, baina behin ere ez genuen sentitu igoko ginenik. Hirugarren, laugarren, bosgarren... ibili ginen, baina pentsatzen zenuen gure helburua bete genuela, salbatzea, eta ahal zen postu onenean bukatzea. Urte gehienetan bestaldeko emaitzak izaten ziren, askotan jaisteko postuetan». Zizurkildarrak gogora ekarri du, berak utzi eta gero, aukeraren bat edo beste izan zela, Mendilibarrekin esaterako, lehen mailara igotzeko. «Azkenean jende askoren lana izan da, eta egungo taldeak eman dio honi azken bultzada izugarria, azken bi urteetan bi igoera lortuz».


Garmendia bazkidea da eta tarteka joan izan da Eibarreko partidak ikustera. Denboraldi historiko horren azken bospasei partidetan izan da Ipurua estadioan, eta telebistatik ere jarraitu du denboraldia. «Niretzat esperientzia sinestezina izan da. Jendea pozik, herri bat pozik; ni nire kamisetarekin, bufandarekin joaten nintzen… Gainera jendeak ezagutzen zaitu eta zurekin argazkia atera nahi du. Sekulakoa izan da. Ematen zuen oraindik bertan jokatzen ari nintzela. Jendeak esaten zidan ‘hi ere honen parte haiz’. Gozatzen. Jendea ikustea zein pozik zegoen azkeneko egunean bai Alavesen aurka, bai Lugoren aurka, zoragarria izan da».


Zaletuek eta egungo jokalariek bezala, beraiek ere ez zuten pentsatzen Eibar aurten lehenengo mailara igoko zela. «Bigarren mailara igo berritan, talde berdintsua zeukaten», dio Altunak. «Hortxe mantentzen baziren, ez baziren jaisten, ondo. Eta serio-serio hasi ziren eta pixkana-pixkana denboraldiaren erdian hor aurrean eta gero indartsu mantendu dira, eta oso serio ibili dira, eta azkenean inork pentsatzen ez zuena lortu dute».

 

 

 


Egungo lorpenaren hazia
Taldea hirugarren mailan zegoela iritsi zen Luluaga: «Nik bi urte egin nituen maila horretan, beste bi urte bigarren B mailan eta gero zazpi urte bigarren mailan». Eibar beti mailaz igo nahi izan duen taldea izan dela dio Luluagak: «Hemengo jendea ginen denak, eta beti saiatuz igoera lortzen. Bigarren B mailara igo ginen eta ondoren bigarren mailara, eta orduan Eibarren futbolerako afizioa ikaragarri hasi zen. Orduan hasi zen Bonbonera eta Eskozia La Brava, orain jarraitzen duen mugimendu hori. Beti esan da orduko taldearekin hasi zela gaur arte dagoen giro hori: afizioaren eta jokalarien arteko lotura, herriarekin... Gaur egungo kolofoiaren hasiera orduan izan zen».


Altunak gogora ekarri du jokalariak zirenean gehienek lan bat zutela futbolaz aparte: «Nire kasuan horrela ez bazen ere, gehienek elkarbanatzen zuten futbola eta lana. Goizean lana eta arratsaldean entrenamendua 19:30ean hasi eta 22:00ak arte, astean hiru edo lau entrenamendu. Asteburuan, kanpoan jokatutakoan, goizeko bostetan-edo etortzen ginenean, batzuk zuzenean lanera joaten ziren». Taldean zegoen batasuna nabarmendu du Altunak eta bertara joaten ziren jokalariek hori bizitu zutela. «Nik orduan furgonetarekin egiten nuen lana eta goizeko seietan joaten nintzen lanera», dio Luluagak. «Ez ginen profesionalak, baina futbol zelaian profesionalenak ginen».  


Hirugarren mailatik bigarren B mailara igo zirenean «ikusgarria» izan zela dio Luluagak: «Bergaratik Eibarreraino auto ilarak izan ziren eta gero herrian bertan ongi etorria oso berezia izan zen». Aurreneko igoera hori «ikaragarria» izan zela dio: «Pentsatzen genuen taldearen lekua bigarren B maila zela, baina bi urtetara bigarren mailara igo ginen. Berriz ere ikusgarria izan zen, baina bereziagoa izan zen nik uste lehenengo igoera hori».
Bigarren mailan «asko sufritu» zutela gaineratu du Luluagak: «Talde apala, askotan azkeneko postuetan, baina nik uste dut aldagela beti oso indartsua izan dela. Orain ere orduko garaiak gogoratzen dira, eta horrek ere bere eragina izaten jarraitzen du». Altunak ere talde barruan zuten giroa nabarmendu du: «Entrenamenduak oso gustukoak izaten ziren. Aldagelan denak oso batuta, eta sekula ez ginen joaten entrenamendura gogorik gabe. Gustura, bai entrenatzailearekin, bai zuzendaritzarekin, bai langileekin... Entrenamenduen ondoren elkartzen ginen, Garmendiak ekarritako ogitartekoak jan, nik zahagia eramaten nuen, eta hantxe ibiltzen ginen kontu-kontari».

 

 

 


Unerik onena Altunarentzat jokalari bezala Bigarren B mailara igo zirenekoa izan zen. Badajozen eskuratu zuten eta «sekulakoa» izan zen itzuleran jasotako ongietorria. Luluagak, igoera horretaz gain, oso gogoan du Sarria estadioan bigarren mailari eustea lortu zutenekoa: «Urte guztian jaitsierako postuetan izan ginen eta azkeneko jardunaldira aukerekin iritsi ginen. Sarrian jolasten genuen Espanyolen aurka, eta guk irabazi egin behar genuen, kontuan izanik Espanyol bera igoera faserako sailkatzeko aukerekin zegoela, eta Betisek Racing-i irabazi behar zion. Azkenean salbatu egin ginen, eta une hura izugarria izan zen, denboraldian zehar asko sufritu genuen eta».


Altunak azaldu duenez, behin taldea utzita Eibar jarraitu izan du komunikabideen bitartez. «Azkeneko urte hau gehiago jarraitu dugu, telebistan adibidez. Aurten lehen mailara igotzeko aukerak zeudela ikusirik, ba horrek piztu egiten dizu eta aurten gehiago jarraitu diot Eibarri beste urteetan baino». Eibar utzi eta gero Luluagak futbolarekin lotuta jarraitu izan du urte askoz, besteak beste, Tolosa C.F. Taldea entrenatuz. «Lanarengatik ere Eibarrera astelehenero joaten nintzen, eta nahigabe ere Eibarri jarraitu behar izaten zenion, egun guztian kalean egon eta azkenean taldeaz asko hitz egiten zelako».


Hamaikako onenaren barruan
Zaletuek egindako historiako hamaikako onenerako hautatuak izan dira hirurak, eta, noski, horrek asko poztu ditu. Altunak dioenez, ikusi du oraindik ere Eibarren jendea berarekin gogoratzen dela. «Ilusio handia egiten dizu aukeratua izateak». Luluagak gaineratu duenez, «oso pozgarria izan da hainbeste urte pasa ondoren, zaletuak gurekin gogoratzea. Guretzat izugarria izan da. Gero futbol zelaira atera eta zaletuek zure izena oihukatzea, oso berezia izan zen».


Biek gogoan dute jendeak asko animatzen zituela. Altunak gogoan du Lizartzan deitzen zioten ezizena erabiliz animatzen zutela: «Niri Lizartzan Kutxi esaten zidaten eta gero hara joan eta han ere Kutxi deitzen zidaten. Ematen zuen nire herrian nengoela». Luluagari, berriz, beste modu batera deitzen zioten: «Lizartzan ni beti izan naiz A.R., eta Eibarrera joan nintzenean Luluaga oso luzea iruditu eta Lulu deitzen zidaten».
Garmendiak ere Ipuruan egindako ekitaldia «oso polita» izan zela dio: «Bazkaria egin genuen, instalakuntzak ezagutu, taldeari animoak eman… Zelaira ere atera ginen eta oso une polita izan zen. Gainera, igotzeko aukerekin zegoela-eta, giro berezia zegoen. Ordutik hasi eta orain arte mirari bat bezala izan da. Barrenean zegoen su txiki hori berriz piztu eta sekulako suarekin mantendu da. Egia esan oso une berezia bizitzen ari gara eta datorren urteak ere hala izan behar du».


Eibar, lehen mailarako ona
Eibar taldearentzat, argi dago, oso berezia izango da datorren denboraldia. Luluagak dioenez, «Eibar ez da erotuko. Beti markatu ditu ondo zer gauza egin behar diren. Fitxatu ere lasai fitxatuko dute. Azken finean jokalari asko daude lehenengo mailan jokatu nahi dutenak, diru gutxiago irabazi arren. Talde lehiakorra osatuko dute». Eibarrera iristen denak argi izan behar du zer egin behar duen Luluagaren ustez: «Jendea aldatu egiten da. Jende gaztea Eibarrera proiekzio oso onarekin iritsi dena, Silva eta Xabi Alonso esaterako, eta orain Peleteiro bera, agian futbolean zekiena baino gehiago ez zuten ikasiko, baina futbola ez da bakarrik futbolean jolastea, beste gauza batzuk daude eta Eibar bezalako lekuetan ikasten dira».


Futbolarentzak eta kirolarentzat «izugarria» da Eibarrekin gertatu dena, Luluagaren iritziz: «Horrelako talde txiki bat lehenengo mailan egoteak... Jende askok izango du gustuko duen talde bat, baina  seguru  bere  bigarrengo  taldea  Eibar  izango dela, ordezkatzen duena ikusita». Eibarrek jokalari on eta gazte bat fitxatzeko aukera seguru izango duela dio: «Talde handiek badakite jokalariak Eibarrera gizonak egitera futbolean joaten direla».


Bere aldetik, Garmendiak argi du Eibar lehen mailan eredu bat izango dela: «Komunikabide askotan zabalduko da Eibar zer den, zer baliabiderekin iritsi den lehen mailara, zeinek lana egiten duen… Eibarrek filosofia oso apala du. Zuzendaritza batzordekoak aritzen dira kirol zuzendari, ekonomia zuzendari… eta abarretan. Ez dago ia soldatapean inor, bulegoan ere berdin. Eta emaitzak hor daude. Zaletuak ere oso portaera ona izaten ari dira eta ekonomia aldetik ere eredu dira. Gutxik esango dute zorrik ez dutela eta ordainketa guztiak egunean eramaten dituztela. Nik uste dut hori guztia zabaldu egin behar dela».


Lehen mailan sartzeko klubaren kapitala handitzera derrigortu du Futboleko Liga Profesionalak. Hori ez du ulertzen Altunak: «Nik ez dut ulertzen talde bat saneatuta dagoena, gauzak ondo egin dituena eta lortu duena lehen mailara igotzea, eta gero hainbeste diru jarri behar izatea. Nik uste laguntza izango duela, eta jendeak lagunduko duela, baina ez dut ulertzen horrelako seriotasuna azaldu duen talde batek, zorrik ez duena, eta orain hainbesteko dirua ordaindu behar izatea».


Taldea lehen mailan nola ibiliko den eta nola egingo dion aurre galdetzean, Garmendiaren ustez, «dena positiboa izango da»: «Gauza bat lortuta dago, herrian eta taldean sekulako giroa dago. Jokalariek erakutsi dute anbizioa dutela, ez direla konformatu bakarrik Bigarren mailara igotzearekin». Lorpenean Garitano entrenatzaileak jarritako lana eta intentsitatea nabarmendu ditu: «Lugoren aurkako partidan, Eibarreko aulkiaren atzean izan nintzen. Igoera lortuta zegoen, eta halere sekulakoa zen jartzen zion intentsitatea: ez zuen barkatzen jokaldi bat, segundo bat, eta horrela jarraituz gero, hurrengo denboraldian lan polit bat egiteko gai izango dira».  


Beraien lehen taldea Eibar izango dela diote, Realaren aurretik. Altunak ere Realaren bigarren taldean jokatu zuela ekarri du gogora, baina argi du Eibarren alde egingo duela: «Orain etxekoak pixka bat aldatu beharko ditugu». Garmendiak dioenez, «txikitatik Reala ikustera joan naiz. Gero tokatu zait urte askotan Eibarren egotea, eibarzalea naiz eta beti izango naiz. Bihotzak garbi du Eibarren alde egingo duela, baina Reala kaltetu gabe». Orain hiru urte Reala eta Eibar bigarren mailan elkarrekin egon zirela eta positiboa izan zela gaineratu du Garmendiak: «Gipuzkoan garenak gara eta bi talde izango ditugu lehen mailan. Pentsatzen dut harreman oso onak daudela bien artean eta bientzako oso ona dela biak lehen mailan izatea. Gipuzkoan futbol giro bikaina izango da».  


Datorren denboraldian pentsatzean, «gozamena» hitza etortzen zaio burura Garmendiari: «Gozatzea eta maila mantentzea. Nik uste dut gauzak oso ondo egiten ari direla, eta entrenatzaileak eta taldeko jokalari askok jarraituko dute. Hortik aurrera, urte honetan bezala asmatzen badute, lanak emango dituzte. Filosofia mantenduko dute, gauza asko daude irabazteko, eta horren bila joan beharra dago. Gozatu eta gerra eman». Aspaldiko jokalariekin elkartu dela dio Garmendiak eta datorren urterako planak egin dituztela. Bizipen hau guztia «oso aberasgarria» izaten ari dela esan du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!