Tolosaldeko uzta oparoa

Jon Eskudero- Berria 2014ko eka. 20a, 10:40
Altuna, Artola eta Urruzola. Jon Urbe/ Argazki Press
Bost eguneko tartean eskualdeko hiru pilotari gaztek egingo dute debuta profesionaletan; Alegiako Iñaki Artola, Amezketako Jokin Altuna eta Asteasuko Julen Urruzola. Berria egunkariko Jon Eskuderok bildu ditu hiruen hitzak.

Batzuk joan, besteak etorri. Aldaketen testigu izaten ari da pilota mundua aspaldian, eta datorren astetik aurrera beste hiru pilotari berri ikusi ahal izango dira kantxetan: Jokin Altuna amezketarra, Julen Urruzola asteasuarra eta Iñaki Artola alegiarra. Tolosaldea eskualdekoak, hirurak ere. Afizionatu mailan txapel mordoa lortu ondotik, merezitako jauzia egingo dute, eta ilusioz gainezka ekingo diote bide berriari. «Luze samar egiten ari zaigu itxaronaldia, baina gogotsu gaude», esan du Altunak. Amezketarraren eta Artolaren kasuan, itxaropen handia dute jarria Aspek zein Asegarcek, aspalditik baitauzkate begiz jota. Ezberdina da Urruzolaren kasua. «Ez nuen pentsatu ere egingo halako aukerarik iritsiko zitzaidanik. Orain dela denbora gutxi oker agertzen zen prentsan nire abizena: Urrexola, Urrosola... Orain, berriz, goitik behera aldatu da egoera, eta oso pozik nago».

Hiruretan gazteena Altuna da, 18 urterekin. Txikitatik nabarmendu izan da, baina garai txarrak igarotakoa ere badela gogoratu du. «Indarrez eskas geratu nintzen 12 bat urte nituela, eta gaizki pasatzen nuen partidetan. Egurra ematen zidaten, eta negarrez itzultzen nintzen etxera». Gerora, baina, luzatu ederra hartu dio gorputzak. «Eta eskerrak! Indarra etorri ahala ondo jokatzen hasi nintzen. Orain ez naiz pilotari indartsua, baina bai ausarta». Ez da atzean geratzen den horietakoa. «Odol hotzekoa naiz. Aurkarien jokoa sarri aztertzen dut, burutsu jokatzea garrantzitsua baita. Erasoan jokatzeko aukera dudanean ez dut birritan pentsatzen».

Gaztea bai, baina Altuna baino bi urte zaharragoa da Artola. Hura ere gazte-gaztetatik nabarmendu izan da. «Gainerakoak baino indartsuagoa izan naiz beti, eta erraz aritu izan naiz. Gehien, akaso, aurrean jokatzen kostatu izan zait». Hain zuzen ere, arrazoi hori medio buruari buelta bat baino gehiago eman izan dizkio. «Jendeak beti esaten zidan aurrean tantoa amaitzen ez nekiela, eta presioa sarri jasan izan dut. Itsutu ere egin nintzen horrekin, eta, une batean, atzera jotzen ere ahaztu egin zitzaidan». Hori bai, orain pilotari osoa da. «Aurreko koadroetan abilezia hartu dut, eta kolpe handikoa naiz». Altunak eta Artolak elkarren aurka jokatuko dute lau t'erdian, San Fermin ferian.

Urruzola, pilota uztear

Debuta egingo duen hirugarrena Urruzola da. Ziurrenik, ustekabekorik handiena. 23 urte ditu asteasuarrak, eta ez zuen asko espero Aspek halako aukerarik emango zionik. «Pilotan gustura ari nintzen azken bi urteetan, baina sinistu ezinik geratu nintzen kontratua sinatzeko esan zidatenean». Gaur egun, ez da ohikoa 23 urterekin profesionaletarako jauzia ematea, baina ongi merezitako saria izango du Urruzolak, hainbat txapelketa garrantzitsu irabazi baititu denbora gutxian: Euskadiko Txapelketa, GRAVNI, Biharko Izarrak... «Barriolaren antzeko ezaugarriak dituen pilotaria naiz, kolpeagatik baino gehiago segurtasunagatik nabarmentzen dena».

Dena den, gozamenera heltzeko sufrikario ugari igaro behar izan du asteasuarrak bere kirol ibilbidean. Izan ere, pilota uzteko zorian egon zen orain dela bizpahiru urte. «Eskuetako minaren ondorioz, kalbario ugari izan nuen, eta pilota uztea pentsatu nuen. Momentu horretan asko lagundu zidaten ingurukoek eta gurasoek, eta haiei esker nago nagoen lekuan». Orain pena bakarra du barruan: «Debuta egin ahal izatea izugarria da, baina herri arteko txapelketa utzi behar izan dut, eta pena pixka bat ematen dit horrek».

Erik Jaka eta Xabi Tolosaren debuten ostean, Tolosaldeak beste hiru pilotari gazte izango ditu aurrerantzean profesional mailan. «Ausartzen naiz esatera gure eskualdea Euskal Herriko pilotazaleena dela. Orain arte hori kantxetan islatu ez izana harritzekoa zen. Egoera kanbiatzen ari da», esan du Artolak. Debutatu bai, baina hurrengo pausoa puntara heltzea dute. «Oraindik ere nafarrak ditugu nagusi goi mailan». Hiru gazteak indartsu datoz.

 
 

Iñaki Artola, Asegarceko pilotaria

  • Adina: 20 urte
  • Jaioterria: Alegia
  • Altuera: 1,85 metro
  • Pisua: 86 kg
  • Postua: Aurrelaria
  • Debut eguna: Ekainaren 28a, Tolosako Beotibarran

Jokin Altuna, Aspeko pilotaria

  • Adina: 18 urte
  • Jaioterria: Amezketa
  • Altuera: 1,80 metro
  • Pisua: 71 kg
  • Postua: Aurrelaria
  • Debut eguna: Ekainaren 24a, Eibarko Astelenan

 

Julen Urruzola, Aspeko pilotaria

  • Adina: 23 urte
  • Jaioterria: Asteasu
  • Altuera: 1,83 metro
  • Pisua: 85 kg
  • Postua: Atzelaria
  • Debut eguna: Ekainaren 24a, Eibarko Astelenan

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!