ipuzkoako Fiskaltzak helegitea jartzeko erabakiaren inguruko balorazioa egin dute Egunkaria-ren auzi ekonomikoan inputatutakoek. Fiskaltzak haiekiko izan duen “begirune falta” kritikatu dute, ohartaraziz lehenago eman ziola helegitearen berri albiste agentzia bati auzipetuei baino: “Jokamolde hau, ohikoa bada ere, ez da huskeria, ez da zuzena. Bidegabea eta mingarria da oso”. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak erabaki beharko du orain epaiketa egin ala ez.
“Beti esan izan dugu gure auziaren atzean bultzada politikoa zegoela. Aznar zegoen agintean 2003an, Egunkariaren aurkako operazioa gauzatu zenean; Rajoy dago orain, fiskala berriro erasora datorrenean. Eskubide osoa daukagu susmoari eusteko”, nabarmendu dute gaur Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean.
Inboluziotzat jo dute epaiketa egiteko aukera, “atzerabidetzat”: “Duela 11 urteko eskenategira itzuli nahi dute auzia, Guardia Zibilaren probak birgaituz, absoluzio-epaiaren abstrakzioa eginez”. Uste zuten, auzia Donostiara eramanda, gaiarekiko “ulerberatasuna” ere izango zutela; baina ez da hala izan, haien iritziz: “Fiskaltzaren jarrerak asko harritu gaitu, urruntasunagatik, ezagumendu eza eta sentsibilitate faltagatik. Ez du Euskaldunon Egunkariaren prozesua ezagutzen. Uste genuen, eta hala espero, justiziak oro har eta fiskaltzak noski, bere jarduneko herrian sustraituago eta errotuago behar zuela”.
“Ulergaitza” zaie entzungor egitea euskal gizarteari, erakundeei eta auzipetuen oinazeari: “Entzungor egiteaz gainera jarrera setatian tematua ematen du. Aukera bat baino gehiago izan du kasua ixteko, justizia eginez”.
Haien egoera “bitxia eta paradoxikoa” dela argudiatu dute: “Inori kalterik egin ez, eta delitua salatzen zaigu. Ez hornitzaileek, ez bezeroek, ez Ogasunak eta ez Eusko Jaurlaritzak ez digute kalte ordainik eskatzen. Are: ez dugula deliturik egin baieztatzen eta frogatzen dute, ustez kaltetuak liratekeenek beraiek. Eta, hala ere, akusatuen aulkian gaude. Noiz bukatuko da amesgaizto hau?”
Euskalgintzari, kulturgintzari, erakundeei, eragile sozial, politiko eta kuturalei, lagunei eta herritarrei zuzendu diete azken mezua: “Adi eta erne egoteko, eta lehenbailehen amai dadin laguntzeko”.
2003az geroztik
Diru laguntza publikoen iruzurra eta diru kontuak faltsutzea egozten die akusazioak. 2003ko urrian izan zen operazioa; zortzi hilabete lehenago, euskarazko kazeta itxi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Joan den apirilaren 7an Egunkaria-ren auzi ekonomikoaren aurretiazko saioa egin zuten, Donostian. Kasua artxibatzeko eskatu zuten defentsak, auzia preskribatuta dagoela esanez. Aldiz, Fiskaltzak zigor eskaerei eutsi zien, eta ahozko epaiketa egiteko eskatu zuen.